Buruntzaldeako Neska* Gazteak

Mikel Arberas 2020ko urr. 1a, 10:54
Topaketa feministan parte hartu zuten gazteak Goiburuko frontoian

Irailaren 19an topaketa feminista egin zuten Andoainen, Lasarten, Hernanin eta Usurbilen. Etorkizunari begira ere, ekimenak antolatzen eta borrokatzen jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu du Ainhoa Manterola taldeko kideak.

Ainhoa Manterola taldeko kidea

Zer da Buruntzaldeko Neska* Gazteak taldea?

Neska feministak saretzen hasi ginen, beharrezkoa ikusten baikenuen Buruntzaldean talde feminista antolatu bat egotea. Guztion artean ekimenak egin, sarea sendotu eta esperientziak partekatzeko taldea dela esango nuke.

Harrotu eta Erein goiburua erabili zenuten hilaren 19ko topaketa feministan. Zer esan nahi du?

Hasiera batean lema ezberdinak bildu genituen, baina egokiena eta esanahi sakonena zuena Harrotu eta Erein zela pentsatu genuen. Esangurak askotarikoak izan daitezke; harrotasun sentimenduarekin lotzen dugu geure desobedientzia izaera eta jarrera. Horrez gain, gizartea harrotu nahi dugu. Gainera, askotan esan izan da ereindakoa biltzen dela, hau da, etorkizunari begira borrokatzeko prest gaude, datozen belaunaldiek guk ereindakoa eta lortutakoa jasotzeko.

Nola sortu zen taldea?

Buruntzaldeko kide batzuk elkarren artean ezagutzen ginen eta feminismoaren arloan ideia bikaina iruditu zitzaigun talde bat sortzea eta saretzea. Bestalde, konfinamendua baino lehen Andoaingo neska gazteen taldetxo bat sortu genuen, baina mementoko egoera zela medio, ez genuen ezer egin; beraz, talde horri zukua ateratzen lagundu dio Buruntzaldeko Neska* Gazteak proiektuak.

Hilaren 19an deialdia zabaldu genuen ekitaldiz beteriko egunean neskek parte har zezaten eta 18 kide bertaratzea lortu genuen. Egun polita izan zen, goizean jokoak egin genituen, ondoren pankarta eta serigrafia tailerra, eta amaieran bazkaria antolatu genuen Irunberri kultur elkartean.

Buruntzaldeko talde orokor bat dagoen arren, Andoainen, Hernanin, Lasarten eta Usurbilen bakoitzak bere azpitaldea du.

Nori zuzenduta dago Buruntzaldeako Neska* Gazteak taldea?

Izenak esaten duen bezala, neska gazteei zuzenduta dago. Neska hitzak izartxoa duela ikus daiteke, baina oraindik zalantzak ditugu zein den esanahia, hitza bera oso malgua izan baitaiteke. Buruntzaldeko talde gisa geure subjektua zein den aztertu behar dugu eta eratzunak ematen saiatu.

Feminismoaren gainean gabezia edo ezjakintasun handia ikusten al duzu gizartean?

Iruditzen zaigu jendea egun konkretu batzuetan bakarrik mugitzen edo zentratzen dela, esaterako, martxoaren 8an. Horrelako egunetan parte hartuta urte osoan zehar egin beharrekoa bete dutela dirudi, hau da, konformismo moduko batean erortzen dira. Gainera, presaka bizi dugun gizarte kapitalista honetan ez da batere erraza borrokatzeko, militatzeko, diskurtsoak sortzeko eta subjektu aktibo bilakatzeko denbora edukitzea.

Aurrera begira ekintza gehiago dituzue pentsatuta?

Hilaren 19an egin genuena abiapuntua eta aurkezpen topaketa moduko bat izan zen. Oraingoz ez dugu ezer gehiago antolatu, baina Andoainen badugu taldearekin eta ekintzekin jarraitzeko asmoa. Gogoa handia dut Buruntzaldeko taldearekin harremanetan egoteko, izan ere, koronabirusa dela eta ez dugu aukerarik eduki guztion artean zerbait antolatzeko. Airean geratu da eskualdekook elkartzearena.

Harremanetan jartzeko bideak

Buruntzaldeako Neska* Gazteak taldeak sare sozialak martxan jarri ditu harremanetarako eta informazioa zabaltzeko. Horrez gain, taldean parte hartzea gonbidatzen ditu herrikideak: "Gurekin batu daitezke guztion artean ikasteko, borrokatzeko, harrotzeko eta ereiteko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!