Kanpaina berria abiatuko da larunbat honetan

Aiurri 2020ko urr. 24a, 09:00

Hemen da, beste urte batez, Errigoraren 'Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka' kanpaina, urteroko tankeran, baina berritasunez beteta. Iaz bezala, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko dira.

Hiru saski eskainiko dira, auzolanari esker, eta jasotakoaren %25 bertako euskalgintzara bideratuko da. Sustatzaileek ohar bidez honako mezua helarazi dute: "19. Korrikaren mezuan Lorea Agirrek zioen bezala, auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Errigoraren oinarrian dago ekiteko asmo hori. Abiapuntutik, gure ekintzen jabe egiteko bide bat eskaini nahi izan dugu. Auzi guztietan, hala euskararenean nola elikadura-burujabetzarenean, komunitatearen osaketan edo herrigintzaren jardunean, izan beharko lukeena egiten saiatu gara. Nafarroa hegoalde eta erdialdearentzat txanda eskatu beharrean, periferia erdigunean jarri dugu. Euskararentzako nahi genukeena eskatzetik harago, nahi duguna ekartzeko saiakera egin dugu.

Elikadura-burujabetzarako bide definitiboa marraztu ordez, geure bidezidorrak zabaldu ditugu. Arduraren aurrean eskuak garbitu beharrean, auzolanean zikindu ditugu. “Egiten duguna gara” dei bat da. Euskal jendarteari egiten diogun gogorarazpena. Ekintza txiki batekin kanpaina honetan parte hartzeko gonbidapena, helburu handien bila. Saskiak eskatuta, hauen balioaren %25arekin behar-beharrezko ekarpena egiteko zonaldeko euskalgintzari: Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei; Erriberako AEK-ri; Sortzenek hezkuntza publikoan D ereduko lerroak zabaldu eta mantentzeko egiten duen lanari eta Agerraldia egitasmo berriari".

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko dira urriaren 24tik azaroaren 12ra eta, auzolanari esker, jasotakoaren %25 bertako euskalgintzara bideratuko da. Gastronomiaz eta elkartasunaz gozatzeko aukera paregabea da, beraz.

Hiru saski aukeran

Eskaerak eta ordainketak online egin daitezke, errigora.eus web gunean.

  • Saski beltza (50 euro): oliba-olio birjina estra, orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, kardua, potxak, tomate frijitua, mahats-zukua, botila ardoa, pikillo marmelada, teilak, mertxika almibarretan, piper-mamia. Saski beltza eta Korrikaren katilua eskatuta, 12,50 euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari (saskiaren balioaren %25) eta 5 eurokoa AEKri.
  • Saski berdea, ekologikoa (60 euro): oliba-olio birjina estra, orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, txitxirioak, barazki-menestra, pasta, arroza, botila ardoa, ardo-ozpina, udare-zukua. Saski berdea eta Seaskaren egutegia eskatuta, 15 euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta 5 eurokoa Seaskari.
  • Saski zuria (50 euro): oliba-olio birjina estra, orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak eta arbendol-polboroiak. Saski zuria eta ereduaren haziak eskatuta, 17,50 euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta 5 eurokoa Sortzeni.

Nafarroako ekoizleak

Ablitasgo kooperatiba, El Alcaravan (Arguedas), Almanaque (Andosilla), El Agricultor (Lerin), Aristu (Irunberri), Azanza (Abartzuza), Azpea (Irunberri), Biosasun (Dicastillo), La casa del aceite (Cascante), Bardea (San Isidro del Pinar), La Churta (Allo), Ebron (San Adrian), Enara (Arroitz), El Escolar (San Adrian), Gobeiaberri (Lodosa), Iturri (Arroitz), Larrinaga (Urantzia), Lezaun (Lakar), Maria Jesus (Ablitas), Martinelli (Beriain), Mendiko (Oibar), El Molinero (Arroitz), Monasterio de Cascante, Pedro Luis (Lodosa) eta Urrutia (Uxue).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!