Txitibarreko Regino Otegi hil da

Xabier Lasa, Jon Ander Ubeda 2020ko aza. 8a, 21:19
Regino Otegi umore handiko pertsona zen. Txitibar taberna zen bere txokorik maiteenetakoa.

77 urte zituela, igande honetan hil da Regino Otegi Iturralde. Txitibar tabernari oso lotuta dagoen familiako kidea, iraganean zesta-puntan nazioartean jokatzen aritu zen.

Andoaingo Zumea plazan dagoen Txitibar taberna iraganeko argazkiz beterik dago. Ia guztiak zestara lotuta daude. Izan ere, Otegitarren belaunaldi ezberdinak kirol jarduera horretan trebatu ziren. Mundu zabalean ibili ziren, gainera.

Regino 1943ko urtarrilaren 22an jaio zen Andoainen, aita Regino Otegi eta ama Joxepa Iturralde zituelarik. 14 urterekin eskola utzi eta obran lanean hasi zen. Zesta-puntak lanbide gogorra uzteko aukera eman zion, eta urte asko eman zituen nazioarteko frontoi ezberdinetan jokatzen.

16 urterekin, Bartzelonara joan zen, beste hainbat pilotarirekin batera. Bertan, zestaz gain, palan ere jokatzen zen. Soldaduska amaituta, Flilipinasen ibili zen hiru urtez, ondoren Zaragozan jarraitu zuen bere kirol ibilbidea eta handik AEBtako Floridara abiatu zen. 1967ko greba hasi zenean Andoainera itzuli eta Txitibar taberna ireki zuen.

1969an Maria Magdalena Larrarterekin ezkondu eta familia osatu zuten. Ibon Otegi 1970ean jaio zen, eta Leire 1972an. Reginok lau biloba ditu: Lili, Ibane, Eneko eta Albiñe.

2017an June Otegik eta Lili Zubeldia bilobak Otegitarren historia bildu zuten Erreportari Gaztea Saria kazetaritza lehiaketarako, eta baita bigarren saria irabazi ere. Lan horretan, Regino Otegik horrela definitzen zuen zesta-punta: “Kirolik politenetakoa da. Oso liluragarria eta osatua da kirol bezala. Zesta jokatzeko modua dantza egitea da, konpas bat egitea bezala”.

 

“Kirolik politenetakoa da. Oso liluragarria eta osatua da kirol bezala. Zesta jokatzeko modua dantza egitea da, konpas bat egitea bezala”.

 

Zesta-puntisten familia handia

  • 1. belaunaldia. 1893an, Juan Bautista Otegik bere lehen kontratua sinatu zuen Txinara jokatzera joateko.
  • 2. belaunaldia. Juan Bautistak hiru seme izan zituen: Regino, Joxe Ramon eta Joxe. Brasilen ibilbide oparoa egin zuten. Joxe Ramon han geratu zen, baina Joxe eta Regino hona etorri ziren. Reginok  Brasilen, Txinan eta Florentzian jokatu zuen. Semeari izen berdina jarri zion. 
  • 3. belaunaldia. Regino Otegik Bartzelonako Frontón Colón frontoian egin zuen debuta. Gaur hil da Regino, zesta-puntisten hirugarren belaunaldia. Manilan. Zaragozan eta Floridan jokatu zuen.
  • 4. belaunaldia. Ibon Otegik Bartzelonan jokatu zuen, aitak jokatu zuen frontoi berean.
  • 5 belaunaldia. Eneko Zubeldia Otegik 11 urterekin hartu zuen zesta, lehen aldiz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!