Truchuelok Arregi eta Lekuonaren irudiekin egindako margolanak, udaletxean jarri dituzte

Xabier Lasa 2020ko aza. 25a, 12:48

Emilio Truchuelo argazkilari eta margolariak herriko bi Seme Kuttunekin egindako olio-margoak udaletxeko osoko bilkura aretoan jarri zituzten asteartean. Rikardo Arregi eta Manuel Lekuona euskaltzaleen bi irudien jartze ekitaldia egin zen udal aretoan, egilea bertan zela. Egileari eskerrak emateko baliatu zuten ekitaldia.

Andoaingo Udalak 1988an Herriko Seme Kuttun izendatu zituen Rikardo Arregi eta Manuel Lekuona idazle euskaltzaleen irudiak dira atzo jarri zituztenak. Udal araudiari jarraiki, seme edo alaba kuttun eta ohorezko izendatutako pertsonen irudiei -olio margoak- batzarraldi-aretoan agerian egotea dagokie.

Asteartean egindako ekitaldian, Txitxu Ruiz Kultura zinegotziak gogoratu zuenez, Arregi eta Lekuona 1988an Herriko Seme izendatu zituztenean behin-behineko argazkiak jarri ziren haiek omentzeko; orain urte batzuk, baina, guztiz hondatu egin ziren aretoan izandako itogin baten eraginez.

Bestalde, hondamen berean, Manuel Larramendi eta Agustin Leizaren irudiak ere kaltetuak izan ziren, horienak arinago, hala ere. Orain, Udalak berriztatu egin ditu, eginkizun hori Garazi Valverde zaharberritze-teknikariaren esku jarri ostean.

 

Truchuelo, artista apal baten hitzak

Udalak, Truchuelok egin dituen jatorrizko pinturen jabetzaz gain, horiek erreproduzitzeko eskubideak ere erosi dizkio, denbora-mugarik eta espazio-mugarik gabe erreproduzitzeko.

Asteartean egindako ekitaldian, Txitxu Ruizek Truchuelori eskerrak eman zizkion Andoaingo herriaren eta Udalaren izenean, bere margolanek “herriko ondare pertsonal eta ondare kultural aberatsa balioan jartzen” lagunduko dutelako.

Truchuelo ekitaldiaren amaieran mintzatu zen, eta harridura azalduz ekin zion: “gaur udaletxera etorri naiz pentsatuz sinadura txiki batekin osatuko zela ekitaldia. Ez nuen espero ekitaldiari halako solemnitaterik itsatsiko zitzaionik”.

Artista autodidakta apal batentzat bere margolanak udalbatzar aretoan zintzilika egotea ohorezkoa dela aitortu zuen segidan, eta ondoren, ekitaldira bertaratutakoei gogorarazi zien bera ere Andoaingo udal zinegotzia izan zela 1961-1967 epean.

“Diferentea zen garai hura oraingoarekin alderatuta. Orduan Alkateek edo gobernadore zibilek hatzez izendatzen zituzten zinegotziak. Nolanahi ere, Andoain, Euskadi eta Espainian zenbaitzuk pentsatu genuen instituzioetan sartuta lan egin zitekeela herritarren ongizatearen alde. Legeak uzten zituen zirrikituez baliatuz, Andoainen, lagun batzuk zinegotzi izatera iritsi ginen; goitik ezarri zituzten hautagaiak baino boto gehiago jaso genituen andoaindarren aldetik. Behin udalean murgilduta, zintzo lan egiten ahalegindu ginen; hor daude udal aktak, egiaztatzeko”.

Truchuelok gogoan hartu nahi izan zituen garai hartan udalgintzan kide izan zituenak, jada hilda daudenak. Hain zuzen, Joxe Mari Olazabal, Iñaki Arregi eta hirurak izan ziren zinegotzi, Joxe Mari Garagorri alkate izan zen aipatu epe historikoan.

Azkenik, Truchuelok politikoei akordioetara iristeko ahaleginak egiteko eskatu die, “ematen du ez dagoela modurik alderdiek bat egin dezazuen herritarren interesen mesedetan, nork bere idearioari uko egin gabe”.

Umore puntu batekin amaitu zuen mintzaldia: “Barkatuko didazue errietatxo hau; agure baten moduan mintzatu natzaizue”.

Emilio Truchuelo, Mari Carmen Garcia emaztearekin eta Marta eta Maddi alabekin agertu zen eitaldira.

Hainbat pertsonalitate, udalbatzar aretoan

Ekitaldian espreski aipatu ziren Rikardo Arregi, Manuel Lekuona, Martin Ugalde eta Manuel Larramendirekin batera, Andoaingo beste zenbait pertsonalitateren irudiak ere ipinita daude udalbatzarreko aretoaren hormetan, historian hainbat arloetan nabarmendu direla eta Udalaren izendapen berezia jaso ostean. Hain zuzen, honakoak dira: Ama Kandida, Anbrosia Olabide, Patrizio Orkaiztegi, Nemesio Olariaga, Modesto Huizi, Joakin Larreta, eta, Juan Bautista Erro

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!