Araudi, ebazpen eta albiste koktela

Jon Ander Ubeda 2021ko urt. 14a, 18:53

Osasun Sailaren eguneroko buletina, LABI aholku batzordearen erabakiak, Udal jakinarazpenak, Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretua eta Lehendakariaren urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretua koktelera batean sartu, eta hauxe da emaitza. Edo hori uste dugu.

Egunak aurrera joan ahala ulertuz joan gara dekretu, arau eta irizpide ezberdinen arteko elkar lotura. Zaila dirudi argibide zehatzak ematea, eta asko eta asko izan dira galduta ibili direnak. Langile eta ordezkari publikoen aldetik hasita. Askok hobe isilik jarrerari heldu diote, eta gutxi batzuk argibideak ematen ahalegindu gara. Bidean hanka sartuta ere. Hauxe da erabakien kronologia, beti ere bertsio hobetuen baitan egon daitekeena. Egunak pasa ahala, erredakzio batzordean honako hau gertatu dela ondorioztatu dugu:

Urtarrilak 11, astelehena

Osasun Sailak pandemiaren eguneroko buletina argitara ematen zuen. Astelehena izanik, ostiraleko, larunbateko eta igandeko tokian tokiko datuak eman zituen. Andoain eta Amasa-Villabona eremu gorrian zeudela agertu zen asteleheneko buletinean.

Egoera epidemiologikoaren berri ematearekin batera, astelehenero bezala, Ostalaritza itxita duten udalerrien ebazpena argitara eman zen. Eta bertan ziren Andoain eta Amasa-Villabona udalerriak.

Ordu eta erdira, Osasun Sailburuak LABIren erabaki berriak iragarri zituen, asteazkenetik aurrera indarrean jarriko zirenak. Besteak beste, eremu gorrian zeuden udalerrietan konfinamendu perimetrala ezarriko zen agindua iragarri zen.

Nahas-mahasa orduan sortu zen, astelehenean indarrean zegoena abenduko dekretua zegoelako. LABIren berria iragarri egin zen, neurri osagarriekin, eta bi egun beranduago aplikatzen hasiko zena.

Hurrengo egunean argitzen joan ziren gauzak, baina ez erabat. Edo hori iruditzen zaigu guri.

Urtarrilak 12, asteartea

Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren arabera, Andoaingo eta Amasa-Villabonako ostalaritza itxi egin zuten.

Eta konfinamendu perimetrala? Ez zegoen argi. Koktelera gehiegi astindu gabe zegoen oraindik.

Urtarrilak 13, asteazkena

LABIren erabaki berriak indarrean jarri ziren.

Eta konfinamendu perimetrala, noiz? Eta zeren arabera? Aurreko astelehenekoaren arabera? Ala ostegunaren arabera? Astelehenekoa 2020ko dekretuan oinarritzen zen. Ostegunekoa 2021eko lehen dekretuaren arabera. Koktela probatzen hasi gabe, hasi zen jendea dekretuen izenekin bakarrik mareatzen. Datuen eta araudien 'mozkorraldia' hasita, ez ziren gutxi Ertzaintzara eta Udaltzaingora deitzen hasi zirenak.

Urtarrilak 14, osteguna

Egoera epidemiologikoaren berri eman dute, zeinean Andoain eta Amasa-Villabona eremu gorrian jarraitzen duten. Egoera epidemiologikoaren berri ematearekin batera, ostegunero bezala, Ostalaritza itxita duten udalerrien ebazpena argitara eman dute. Eta bertan dira, koadro gorri baten barruan, Andoain eta Amasa-Villabonako udalerriak.

Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretua Lehendakariaren urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuak ezarritakoarekin osatzen dela iragarri du Osasun Sailak (esaldia irakurri berriro, koktela bere osotasunean dastatu nahi baduzu).

Neurri horiek, beti ere, biharamunean sartzen dira indarrean.

Eta konfinamendu perimetrala? Bai, azkenean bai! Beno, dena esatera, dagoeneko batzuk betetzen hasita zeuden. Segurolak ez dira inoiz falta izan.

Urtarrilak 15, ostirala

"Ostalaritza-establezimendu eta jatetxeen" itxiera, "udal-eremutik kanpora pertsonen zirkulazio askea" galaraztea eta "taldeko kirol-jardueraren praktika" mugatzea ezarriko da. Hots, modu aldrebesean iragarritako konfinamendu perimetrala ostiralean ezarriko dela Andoainen eta Amasa-Villabonan.

Oraindik orain, datu eta txosten egarriz dagoenak irakur dezala Osasun Sailaren “Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpena”:

Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuak, prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratzen ditu, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Dekretua 2020ko abenduaren 11ko 248. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

Neurriak egoera horretara egokitzen direla bermatzeko egoera epidemiologikoaren inguruan egiten den etengabeko ebaluazioaren eta segimenduaren ondorioz, neurri horien aldaketak eta egokitzapenak egin behar izan dira, eta horiek 44/2020 Dekretuaren ondoko dekretu batzuetan jaso dira. Zehazki, gaur arte, abenduaren 22ko 47/2020 eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuen bidez. 

Neurri horietako batzuk, besteak beste ostalaritza-establezimendu eta jatexeen itxierari buruzkoek, udal-eremutik kanpora pertsonen zirkulazio askearen mugari buruzkoek eta taldeko kirol-jardueraren praktikari buruzkoek erreferentzia gisa honako hau hartzen dute: azken 14 egunetan Covid-19aren kasu positiboen 500eko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko.

Bada, segurtasun juridikoko irizpide argi baten ondorioz, beharrezkotzat jotzen da honako hau argitzea: ebazpen horretan jaso diren udalerriak 44/2020 Dekretuaren eta ondoko aldaketen ondorioz hartzen diren neurri guztien eraginpean daudela eta intzidentzia-tasa hori hartu behar dutela aintzat.

Hori dela eta, 44/2020 Dekretuan eta ondoko aldaketetan ezarritakoa betetzeko, eta Osasun Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen Dekretuaren (apirilaren 11ko 80/2017 Dekretua) 9. artikuluak esleitzen dizkidan funtzioen arabera, HONAKO HAU EBAZTEN DUT:

LEHENENGOA. – Argitaratu egingo da Covid-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua, gaur egun, 100.000 biztanleko 500ekoa edo handiagoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerrien zerrenda, Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan eta hura aldatzen duten ondokoetan ezartzen diren neurriak aplikatzeko. Honako hauek dira udalerriak: Agurain/Salvatierra, Amorebieta- Etxano, Andoain, Beasain, Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Markina- Xemein, Muskiz, Villabona, Zumaia.

BIGARRENA. – Onetsi egingo da, ebazpen honi erantsitako txosten epidemiologikoek dakartenarekin bat etorriz, Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan ezarri diren neurriak aplikatzeko beharra duen egoera epidemiologikoa bizi duten 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrenda. Honako hauek dira udalerriak: Asparrena, Aizarnazabal, Berastegi, Ibarra, Mundaka, San Millán/Donemiliaga, Sondika, Zamudio, Zegama.

HIRUGARRENA. - Ebazpen hau eraginkorra izango da Osasun Sailaren weborrian (https://www.euskadi.eus) argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta haren ondorioak indarrean egongo dira, harik eta hurrengo ebazpena eman arte, Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan aurreikusten diren baldintzetan eta maiztasunean.

LAUGARRENA. - Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Osasun Sailburuordetzan, hilabeteko epean, Osasun Sailaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 14a

 

Ez dakiguna da, ebazpena oso-osorik irakurri eta gero, inori topa! egiteko gogoa geratuko zaionik. Eta topa egitekotan, jakina da, koktelera etxe barruan hustu eta zurrupa eta zurrupa artean musukoa jantzi.

Garratz samarra atera da, hori bai. Eta oso txispa gutxikoa.

PD.
Den-dena serio-serio hartzen dutenentzat: Lerro hauek irriño bat eragiteko idatzita daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!