"Erronka berria gogotsu hartu dut"

Jon Ander Ubeda 2021ko ots. 7a, 11:18

ALEX HUITZI, ANDOAINGO EAJ-PNV-KO ZINEGOTZI BERRIA

Urtea hastearekin batera kargua hartu du Andoaingo EAJ-PNV alderdiko ordezkari gisa. Mikel Arregiren tokia beteko du, baita hark betetzen zituen funtzioak ere

Aiurrik Arantzibia plazan dituen bulegoetara hurbildu da, lehen elkarrizketa eskaintzera.

Zer moduzkoak izaten ari dira lehen egunak udalgintzan?
Zeregin berri guztietan bezala, lur hartzen ari naiz: jendea ezagutu, hitz egin... Eta esan behar dut oso pozik nagoela Udal teknikariek oso harrera ona egin didatelako. Beste alderdietako zinegotzien aldetik ere oso ongietorri ona izan dut. Beraz, oraingoz behintzat oso pozik nago.

Urteko lehen plenoan zin egin zenuen kargua, Udal aurrekontuak eztabaidatu zirenekoa. Eztabaidatsua izan zen, bai. Nola ikusi zenuen plenoa barrutik?
Eztabaida izatea normala da. Azkenean ezberdin pentsatzen dutenen arteko bilera bat da. Lehentasunak ezartzerako garaian, normaltzat hartu behar dugu kritika, beti ere errespetutik egiten denean. Osasungarria da. Eta bestalde, positibotzat hartu nuen Andoainek aurrekontu bat izatea. Lortu da akordioetara iristea, eta hori eztabaidatik sustatu da.

Euskara lansaileko buru izango zara? Beste ardurarik izango duzu?
Euskara saileko buru izango naiz, eta hirugarren alkate-ordea. Hirigintza, ogasuna, kirola eta gizarte zerbitzuen batzordeetan parte hartuko dut ere.

Mikel Arregiren zereginak beteko dituzu, beraz.
Bai, horixe da.

Zure kurrikuluma oso nazioartera begira dagoela dirudi, eta aldiz sorterrian zinegotzi aritzeko konpromisoa hartu duzu.
Bai, kanpoan egon naizenean ere, beti eduki dut begi bat Andoainera begira. Gogoko izan dut hemengo politikagintzaren berri izatea, eta horretarako garrantzitsua da Aiurri bezalako hedabideak edukitzea. Online bidez asko jarraitu baitut aktualitatea. Beti egon naiz herriari begira. Kanpoan metatu dudan esperientzia hori etxera ekartzea onuragarria dela deritzot.

Urtea kanpoan emanik ere, data seinalatuetan etortzeko ohitura ez nuen sekula galdu: San Juan zortzikoan Bandarekin jotzeko, Kanpezuko udalekuetara joateko edota Santakrutzez edo inauteriez gozatzeko... Ez naiz inoiz guztiz joan.

Mikel Arregi ordezkatzen duzu, espero zenuen hain azkar zinegotzi izatea?
Egia esan, ez nuen espero hain azkar kargua hartzea. Euskaralditik nator eta oraingoa haren jarraipen modukoa dela uste dut. Alderdiari eskerrak ematen dizkiot nigan konfiantza jartzeagatik. Erronka gogotsu hartzen dut.

Zeintzuk dira zure dohainak? Zein ekarpen egiten saiatuko zara?
Alde batetik, gaztetasuna abantaila da. Oso argi daukagu bi mundu daudela. Bat, jendaurrean bizi duguna. Eta bestea, digitala. Mundu digital hori oso kontutan hartu behar dugu udalgintzan. Udalerri bezala indartsu agertu behar dugu, hortxe baitago etorkizuna. Bestalde, beti kontutan hartu ditut iritzi desberdinak eta desberdintasunetik eraiki behar den ustekoa naiz. Esfortzu gehigarri hori egin beharko genuke desberdinen artean elkar ulertzeko.

Zinegotzia izatea edo politikan izatea ez dago inoiz modan. Zer esango zenioke politikarekin kritiko den kaleko herritarrari?
Lehen esan bezala, kritikoa izatea beti da ona. Nolanahi ere, baikorragoa naiz. Iruditzen zait badagoela politika interesatzen zaion uste duguna baino jende gehiago. Politikagintza egitea ez da soilik politika egitea. Herria egitea ere bada politika: Kultur saioetan, bolondres lanetan, hainbat ekitaldiren antolakuntzan... Bolondresen mundutik nator, eta bolondres asko ditut inguruan.

Zorte on, Alex.
Eskerrik asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!