Algodoneratik Bastero Kulturgunera

Xabier Lasa 2021ko mar. 4a, 13:32
Anne Galarraga komunikazio arduraduna, Fanny Alonso diseinatzailea eta Nerea Tuduri poeta

“Mujeres del Algodon. Bizi istorioak” erakusketa ostiraletik aurrera zabalik izango da Bastero Kulturgunean. Etxeberrietan kokatuta zegoen Algodonera lantegiko emakumeak omentzea da erakusketaren helburu nagusia.

“Izugarrizkoak izan ziren Algodonerako emakumeak: Indartsuak, alaiak, nortasun handikoak… Lantegian lanaldia egiteaz gain, haurrak zaindu eta etxeko lanak egin behar izaten zituzten. Bizimodu latza bizitzea egokitu zitzaien, baina oraindik bizirik diren bakar horiekin hizketan jartzen bazara, oroitzapen politak dituztela aitortuko dizute, eta iraganarekiko harrotasuna transmitituko dizute. Izan ere, eurentzat lantokia, sozializatzeko edota adiskidetasuna eta elkartasuna lantzeko topagunea ere izan baitzen”.  Ez dugu ahantzi behar Algodonerako lantegia bi mendez (1857-1965) ehungintza eta oihalgintzan aritu zela, eta garai historiko hartan indarrean zen gizarte mentalitateak argi adierazten zuela amatasuna zela emakumearen funtzio nagusia.

 

Emakume langileak gogoan

Emakume horien ahotsa eta testigantza plazaratzea eta horrekin batera guztiak goratzea eduki du buruan Fanny Alonso moda diseinatzaileak, erakusketaren egitasmoa aurrera eramateko orduan. Baina bide luzea egin behar izan du ideia nagusi horretara iristeko. “Kotoizko oihalekin lanean ari nintzela, Algodonera lantegiko emakumeen kontua aipatu zidan lagun batek. Etxeberrieta aldekoa naiz ni; Algodonera lantegi zaharreko aiurrietan jolasean ibilitakoa naiz, eta erakargarria egin zitzaidan ideia. Diseinatzeko orduan inspirazio-iturri polita izan zitekeela pentsatuta, ikerketari ekin nion, udal artxiboan arakatuz, erretratu zaharren atzetik ibiliz, emakume langileekin elkarrizketak eginez…”.

Horrela, 2020ko urrian, Algodonerako emakumeen oroitzapenetan oinarri hartuta, Fannyk zortzi soineko edo “look” erakutsi zituen San Telmon ospatu zen desfile batean.

Diseinatzailea ez zen desfile horretan erakutsitakoarekin konformatu, nolanahi ere. “Emakume langile horietako batzuekin harremanetan jarriz gero, errazago ohartzen zara zenbat sakrifikatu ziren euren familiak aurrera ateratzeko, zenbateko ekarpena egin zioten gizarteari, honek aurrera egin zezan, eta azken batean, ondorengo belaunaldiek zenbat zor diegun garenak garelako. Haien aldeko omenaldi gisa desfile bat egin eta kitto eginez gero, akaso fribolo samarra gera zitekeen ekimena. Aitormen publiko zabalagoa merezi dutela iruditzen zait, eta saiatu naiz dimentsio handiagoko ekitaldi duin bat osatzen. Horretarako, hasieratik eduki dut argi kultur adierazpen anitz bilduko dituen egitasmoa behar zuela izan”.

Oihal bereziak ikusgai

Moda diseinuari dagokionez, San Telmon erakutsitako jantziak egongo dira ikusgai, kotoizko oihalekin egindakoak dira; Algodonera lantegia itxi zeneko 60ko hamarkadan modan zen estiloa errespetatu du Alonsok, historiaren gurpilean jarraipena sinbolizatu nahi izan du. Horiekin batera, Algodonerako emakume gazteen euskal dantza taldeko jantzi bat berregin du Alonsok espreski, eta horixe ere bertan ipini dute. Bestalde, Zuloaga margolari famatuaren biloba den Maria Rosa Suarez Zuloagak panpinen kotoizko oihalak utzi ditu erakusketarako.

Hain zuzen, 50eko hamarkadan Enrique Suarez izan zen Algodonera lantegiko nagusia, eta haren alaba da Maria Rosa Suarez. “Andoainen urte batzuk egin zituen gaztetan gurasoekin batera, eta oso oroitzapen gozoak dauzka ordutik. Erakusketa ikustera gonbidatu nuen, eta poz-pozik etorriko zela erantzun  zidan; irekiera ekitaldian bertan izango da. Bere ama Lucia Zuloaga zen, margolari famatuaren alaba. Emakume askok elkarrizketetan oso modu atseginean aipatu izan didate Lucia; nagusiaren emazte gisa, oso tratu gozoa edukitzen omen zuen langileekin; gogoko izaten omen zituen euskal nortasuneko adierazpenak, eta besteak beste, bere ideia izan zen euskal dantzari gazteen taldea osatzea”.     

Oihalgintzaren atalean, azkenik, Pakita Tudurik utzitako antigualeko maindireak ikusi ahal izango dira erakusketan.

Osagai anitzeko erakusketa

Kultur adierazpide ugarirekin jantzi dute erakusketa, Alonsoren gogoari jarraituz.

Besteak beste, Nerea Bengoetxea kantagileak abesti bat sortu du okasiorako, Nerea Tuduri idazle olerkiak idatzi ditu, Maialen Porroy ilustratzaileak edota Dabid Argindar argazkilariak lan ikusgarriak sortu dituzte espreski erakusketarako.

Gainera, erakusketara hurbiltzen den herritarrak Alonsok Algodonera lantegiko zenbait emakumerekin edukitako elkarrizketa grabatuak entzuteko aukera ere edukiko du. QR kodearen bidez, emakume horien ahotsak zein beren bizipen eta sentimenduei buruzko pasarte txiki batzuk eskura egongo dira erakusketan, hortaz.

Liburua, kalean

Bestetik, Begoña Cabaleiro kazetariak “Algodoneraren emakumeak. Mujeres del Algodon” 200 orrialdeko liburua idatzi du, euskaraz eta gaztelaniaz. Fannyk zehaztu duenez, “edizio mugatua da, 100 alekoa, eta horietako gehienak testigantza pertsonala eman duten emakume langileen edota erakusketan modu batera edo bestera lagundu dutenen artean banatuko dira. Hortik aurrera, eskaera badagoela ikusiko bagenu, ale gehiago argitaratuko genituzke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!