Covid19 | Datuak egunez egun

Andoain eremu gorrian, baina itxiera perimetralik gabe

Aiurri 2021ko api. 20a, 12:40

Gaurko 5 kasu positiboekin Andoain eremu gorrian sartu da, baina horrek ez du esan nahi itxiera ezarri behar denik.

Itxiera perimetrala ezartzeko erabakia Osasun Sailak astelehenero argitaratzen duen ebazpenean argitaratzen da. Atzokoan Andoain ez zegoen eremu gorrian, beraz aste osoan zehar mugikortasuna ez da galeraziko. Datorren ebazpena apirilaren 27an argitara emango da, eta zerrenda horretan agertzen diren udalerrietan ezarriko litzateke itxiera perimetrala. Azken bi asteetan Andoaingo udalerriak egoera hori saihestu du. Ikustear dago zer gertatzen den abiatu besterik egin ez den aste honetan.

5 positiborekin Andoaingo intzidentzia-tasa 406,99ra igo da, gaurkoan. Eta noiz ezarriko litzateke itxiera perimetrala? Astelehenetik igandera bitarte 29 kasu eman behar dira, Andoainen itxiera ezartzeko.

Urko Vallejo andoaindarrak asteak daramatza datuei buruzko informazio argigarria ematen. Hauxe dio berak: “Andoaingo kasuan, astelehenetik igandera bitarte 28 positiborekin intzidentzia-tasa 400etik behera geratuko da (393,64). Aldiz, 29 positiborekin 400etik gora (400,32)”.

Andoaingo intzidentzia-tasa eremu gorriaren paraleloan doa, ia-ia. 400eko langak imana balu bezala, inork nahi ez duen eremu horretara gerturatzen ari da. Gaurkoan marra gorria zapaldu du, eta hurrengo egunetan hortxe jarrai dezake. Baina hau guztia matematikan oinarritutako kalkuluak dira. Positibotasuna ez bada azken asteotakoa baino askoz handiagoa, datorren astean ere itxieratik salbu egon daiteke Andoain. Egunez egun ikusten joango gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!