Feli Lopetegi Jaca Andoaingo zinegotzi ohia eta Ondarreta ikastetxeko irakasle izandakoa zendu da

Jon Ander Ubeda 2021ko api. 26a, 12:08
Andoaingo Udal Artxiboa

Goierriko Altzagan jaio zen 1940ko uztailaren 13an, eta joan zen igandean hil zen. 80 urte zituen, beraz. Ondarreta ikastetxean OHOko irakasle aritzen zen lanean, 1979ko Udal hauteskundeetan EAJ-PNVren zerrendan agertu zenean. Lehen Udal hauteskundeak ziren, eta zinegotzi postua 1979ko apirilaren 19an hartu zuen.

Udal artxiboan gordeta dagoen informazioaren arabera, “osasun-arrazoiengatik” karguari uko egiteko eskaera aurkeztu zuen 1979ko urriaren 2an. Jose Martiarena Cendoyak ordezkatu zuen. Lehen agintaldi haietan soilik 2 izan ziren emakumezkoak. Euskadiko Ezkerrako Jone Arano eta EAJ-PNVko Feli Lopetegi.

Garbiñe Egibarreren lekukotza

Garbiñe Egibar alderdikidea izateaz gain, irakasle izan zen. Eta asko zor dio Feliri. "Zinegotzi aritu zen lehen Udal agintaldi hartan, baina nik bereziki maistra bezala ezagutu nuen. Harengatik sartu ginen eskola publikoan. Ikastolan ikasitako haurrak ginen, 20 urte nituen orduan, eta eskola publikoan euskararari bultzada emateko premia bizia zegoela ohartarazi zigun. Eskola publikoan sartu eta euskalduntzeko dei egin zigun". Oso isila zela oroitzen du, "oso isila, goxoa eta irribarretsua".

"Feli Lehen Hezkuntzan aritzen zen lanean, eta ni orain Gaztetxea dagoen eraikinean lanean hastea egokitu zitzaidan. Ordu asko eman genituen elkarrekin, haren esperientzia eta gazteok genuen frexkotasuna uztartuta. Oso oroitzapen ona gordetzen dut".

Oroitzen duenez, Maite Iraola eta Feli Lopetegi ziren orduko hartan Ondarretan zeuden eskolako irakasle euskaldun bakarrak. Maite Iraola Leire Pajin gerora ministroa izandakoaren ama zen. Yarza, Artolazabal, Eizmendi, Olazabaldarrak eta Egibar izan ziren 1980an irakasle modura sartu ziren irakasle euskaldunak: "Ikasle ginen oraindik, baina herriko irakasle euskaldunak Ondarretan lanean hastea sekulako bizipoza izan zen harentzat".

"Feminista zen, eta emakumeek aurrera egitea nahi zuen. Eta oso oso euskaltzalea. Gozo eta irribarretsu, horixe zen bere lema".

Lehen Udal agintaldi hartan, Feli Lopetegi Imanol Egibar Garbiñeren aitarekin batera zinegotzi aritu zen: "Aitaren bidez ezagutu nuen Feli". Haren bidetik egin zuen irakaskuntzarako bidea, beraz. Biak ere alderdikideak ziren, EAJ-PNVkoak, eta elkarrekin aritu ziren hainbat agiri eta ohar euskaratuz.

Hauexek, beraz, Andoainen arrastoa utzi zuen emakumearen hainbat aipamen.

IRAKASLE "IDONEOAK"

Ondarretako irakasle 70eko hamarkadatik 80ko hamarkadaren hasiera arte izan zen. Jose Remacha Ondarretako irakasle ohiak lankide izan zuen urte horietan. “Gozoa, maitabera eta eskuzabala zen emakumea. Irakasleen klaustroetan pasioz bezainbat hezi-onez defendatzen zituen eskuartean zeuzkan egitasmo pedagogikoak. Euskaltzalea zen, eta ahalegin bizi egin zuen euskara eskola publikoan sartzeko. Esate batera, 70eko hamarkadan gaztelaniazko literatura lehiaketa martxan jarri zen, eta 1976an berak lortu zuen euskarazko atala ere jartzea, Maite Iraola eta Javier Elosegirekin batera”.

Elena Truchuelo, Ondarretako zuzendaritza taldeko kideak ikastetxeko artxiboko zenbait agiri eta aktetan topatutako datu batzuk eskura jarri dizkigu. Frankismoan irakaskuntza publikoan gaztelania hutsez izan zen, eta Franco hil ostean euskara normaltzeko lehen urratsak eman zituzten; Ondarretari dagokionez, Lopetegik zeregin handia eduki zuen prozesu horretan.

Euskal Herriko gainerako ikastetxe publikoetan bezala, Andoaingoan ere euskara irakatsiko zuten irakasle falta zela eta, irakasle “idoneoak” izendatu zituzten, ikastetxean euskarako klaseak eskaintzeko. Irakasle titulua zeukan bakar bat kenduta (Eloi Artolazabal), magisteritza edota unibertsitatean beste ikasketaren bat ikasten ari ziren ikasle euskaldunak, andoaindarrak, ziren gehienak: Agurtzane Egibar, Arantxa Iartza, Ane Olazabal, Peio Manterola, Jon Garmendia, Irene Olazabal, Garbiñe Egibar, Iñaki Eizmendi, Iñaki Irazu, Mikel Garmendia, Joxe Ramon Beraza, Joseba Erkizia, Begoña Usandizaga, Juan Bautista Aldaz, Xabier Huitzi eta Mikel Arregi.
Juan Batista Erro kalean zegoen haurtzaindegirako ere bideratu zituzten irakasle “idoneo” horietako zenbait.

Nolanahi ere, ez zen oso luzea izan irakasle “idoneo” horien ibilbidea, Eusko Jaurlaritza eta bere hezkuntza saila sortzearekin batera hasi baitziren irakasle tituludun euskaldunak ikastetxe publikoetara bidaltzen.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!