Erretiroa hartzear da Mertxe Nieto loteria saltzailea

Xabier Lasa 2021ko mai. 2a, 09:00

Mertxe Nietok Andoaingo Kale Nagusiko kabina horretan hamarkadak lanean igaro ostean, merezitako erretiroa hartzeko garaia iritsiko zaio hilabete batzuk barru

Noiztik zara loteriako kupoi saltzaile Andoainen?

33 urte betetzera noa, baina laster bukatuko zait langile-ibilbidea. Hasieran, Juanita Alkain plaza inguru horretan zenbait urte egin nituen, kabinarik ez zenean; amak eta biok makina bat ordu egin behar izan genituen kale gorrian eta zutik, hotzez dardarka maiz. Garai hartan Andoaingo herrian bazen Txema izeneko zinegotzi bat, eta hark ez zuen etsia hartu udalak kabina bat jartzeko baimena eman zidan arte. Geroztik, lan-toki horretan sartuta aritu izan naiz, Kale Nagusian beti. Azken hiruzpalau urteak Bastero eraikuntzaren ondoko txoko honetan daramatzat.

Erretiroa laster hartzekoa zarela esan duzu.

Bai, legez, erabat itsu garenoi gainerako herritarren erdia kotizatzea egokitzen baitzaigu. 51 urte dauzkat eta hurrengo urteko martxoan dagokit erretiroa hartzea. Faltan zaizkidan egunak ez, baina hilabeteak kontatzen hasita nago. Egia esan, osasunez ez nabil airoso, eta ondo etorriko zait oraingo bizimodua eten ahal izatea eta patxadan bizi ahal izatea. Ez dakidana da, hutsik geratuko den postu honekin Oncek ordezko inor jarriko ote duten ala ez; izan ere, kupoien saltzaile gehienek nahiago izaten dute ibiltari gisa jardun…

Zein baldintzatan egiten duzu lan?

Kabina nahiko zaharra izanagatik, barruan berogailua zein haize-egokitua badauzkat, eta ez naiz kexatuko. Gogorrena, bertan kieto eserita, ordu asko egon beharra izaten da. Egia esan, hastapenetik hona izugarri aldatu zaizkigu lan-baldintzak, ez bakarrik egonaldiari lotutakoak. Azken urtetan teknologia berriei esker gure zereginetarako oso lagungarriak zaizkigun lan tresnak asmatu dituzte.

Jendeak galdetuko dizu ea nola moldatzen zaren billeteekin eta kupoiekin…

Alacanteko ikastetxe berezian bederatzi urte egin nituen, eta besteak beste, itsuentzat egokitutako braille idazkera-sistema ikasi nuen. Trebatuta nago kupoiak, billeteak, txanponak… hatzen ukimenez “ikustera”. Dena den, esango nuke, itsuontzat TPV izeneko lan-aparatu modernoa izan dela asmakizunik miresgarriena azken urtetan. Ordenagailu baten antzerakoa da, eta operazio asko errazten dizkigu, teklatua dela, ahotsa dela… Gainera, berari esker, jada ez dugu egunero-egunero Donostia edo Tolosako Onceren egoitzetara joan beharrik izaten, eguneko kontuak zuritzera; etxetik edo kabinatik bertatik egin dezakegu operazio hori. Pentsa urtetan nola ibili izan garen, derrigortuta geunden egoitzara joatera zozketa baino lehenago, ilunabarretan negozioa itxi ostean.

Zein da zure sekretua ordu luze horiek kabina barruan igarotzeko?

Irratia izan dut bidelagun betidanik, lantokian zein etxean. Albistegiak ez badira, musika entzutea dut gogoko. Gainera, bikain etortzen zait albisteen-entzule izatea, mundua nola dabilen jakinda badaukat bezeroekin zertaz mintzatua!

Jendea aurrera eta atzera etengabe dabilen tokian zaude…

Bai, herrigunean dago kokatuta, eta hori beti da mesedegarri salmentari begira. Baina badauka bere alde txarra, goizetan batez ere sortzen den autoen mugimendua eta horiek sortzen duten zalaparta, alegia. Taberna eta denda ugari dago inguruan, eta jakina, kamioiak eta furgonetak etengabe ibiltzen dira zama lanetan. Zarataren trastornoa ez ezik, pare bat eskapada eduki izan ditut bertan, maniobrak egiten hasi, eta kabina danba! jo izan baitute. Nik ikusi ez, baina biziki sentitu izan ditut danbatekoak eta dardarizoak! Auzotarrak ez daitezela harritu egunean batean kabinatik aterata airean noala ikusten banaute! (barreak).

Oso ezaguna zara herritarren artean.

Nire lanbidearen ezaugarri bereziak direla eta, normala da hori, bezeroentzat ez ezik, baita ere herriko beste hainbat herritarrentzat. Mertxe Onceko saltzailea naiz gehien-gehienentzat; batzuek, Monse, Rosa eta antzeko izenekin bataiatzen naute, eta izugarrizko grazia ematen dit horrek. Ez dagokit niri esatea, baina saiatzen naiz jokatzen edonorekin hizketan jarduteko moduko pertsona baten antzera; iruditzen zait jendeak eskertzen duela hori. Nire ama, berriz, ni bezain ezaguna edo ezagunagoa da, bera ni baino oraindik hiztunagoa baita; hark ere, nire inguruan, ordu batzuk egiten ditu kalean.

Lapurretarik jasan al duzu sekula?

Gauez-eta kabinara inor ez da sartu izan. Behin, ateko sarraila saboteatu egin zidaten, silikona sartuta txuloan. Eta beste behin, herritar batek ziria sartu nahi izan zidan, 50 euroko billete faltsu batekin. Berehala ohartu nintzen zertan zebilen, itsuok garatuta daukagun ukimenari esker. Billetea berari itzuli, eta garrasika hasi nintzen; korrika batean egin zuen ospa ingurutik!

Zer motatako bezeroak dauzkazu?

Denetik, baina adinez aurrera dabiltzanak joera handiagoa dute, gazteek baino. Badira egunero-egunerokoak, egun jakinetan azaltzekoak, oso-oso noizean behingoak… Ez ditut aurrez-aurre ikusten, baina ahotsagatik gertu-gertukoak egiten zaizkit asko eta asko.

Azken urtetan ugaritu egin zaizkigu dirua jokatzeko aukerak (zozketak, etxe apustuak…). Ugaritu ere, modu tradizionalean nahiz internetez. Lehia sekula ez bezain handia izango duzue, ala?

Kupoiaren formatuak hobera ez du egin; okerrera gehiago egin duela esango nuke. Aipatzen dituzun joko modalitate horiez gain, ez ahaztu gasolindegietan, estankuetan… ere saldu litezkeela Onceko kupoiak.

Bestalde, Andoain ez da oso herri jokozalea. Hala diote Once-ko estadistikek, 14-15 mila biztanleko herritarren bataz besteko zenbakiekin alderatuz gero.

Sekula saldu al duzu sari handirik?

Bai, orain hiru bat urte, banatu daitekeen saririk potoloena, 35.000 eurokoa!

Zer saltzen duzu eta zein egunetan?

Astelehenetik ostegunera, euro eta erdiko kupoia; ostiraletan, hiru eurokoa (Cuponazo-a deritzona); eta larunbat-igandeetan, bi eurokoa. Zozketa egunero-egunero egiten da. Gero aparte, zozketa bereziak egiten dira, amaren edo aitaren egunekin bat eginez eta abar. Zozketei itxaron gabe momentuan zeozer irabazi nahi dutenentzat, berriz, txartela erosi eta hatz egiteko aukera eskaintzen zaie, 0.5 euroko salneurriko txarteletik hasi eta hortik aurrera. Astelehenetik ostiralera luzatzen da nire lan-aldia, goiz eta arratsaldez. Asteburuko kupoi eta txartelak ostiraletan saltzen ditut, eta larunbatak eta igandeak libratzen ditut hartara.

Matilde Blanco, Mertxeren laguntzailea

Mertxe Nietok bere ama Matilde Blanco bidaide izan du mende erdiz; elkarren itzal izan dira, eta segitzen dutela izaten, esan daiteke.

Matilderen biografia ez da aldentzen bere belaunaldiko hainbat eta hainbat emakumerengandik: familiaren ongizateari bideratutako sakrifizio pertsonala nabarmendu behar zaio beste ezeren gainetik.

Burgos probintziako Villadiego udalerrian jaio zen, 1944an. Senide ugariko eta baliabide ekonomiko gutxiko familian sortu ere, eta horrela, 19 urte zituela, etxea utzi, eta Euskal Herrirako bidea hartu behar izan zuen, sasoi hartan Gaztelatik eta estatuko beste hainbat herrialdeetatik abiatu zen migrazio uholdean parte hartuz.

“Errenterira joan nintzen bizitzera, aurretik han bizitokia hartua zuten bi ahizpen arrimura. Etxeetan zerbitzari gisa jardun behar izan nuen, bizimodua ateratzeko; familia txiroetan ohitura zenez, soldataren parte handia gurasoei bidali behar izaten nien. Lana gogotik egin behar izan nuen; igande arratsaldea izan ohi zen gu bezalakoentzat aisialdi une bakarra astean zehar. Alamedako dantzaldia zela gure dibertsio bakarra, alegia. Eta hara non, hortxe maitemindu nintzela gerora nire senarra izango zenarekin, Mauro Nietorekin! Segoviatik heldutako gaztea zen, eraikuntzan ari zena. Soldaduska bukatu bezain pronto, ezkondu egin ginen. Elkarrekin egoteko bizilekurik ez-eta, bere anaiaren Andoaingo etxera etorri ginen; gela errentan hartu genuen, “sukaldeko eskubidea” barne”.

Bazkardoko auzoan eraiki berri ziren etxebizitzetako batean sartu ziren ahal izan zuten bezain pronto. “Andoainen, bost seme-alaba bata bestearen atzetik heldu zitzaizkigun ziztu bizian, eta ume-zaintza egokitu zitzaidan urte mordo baterako. Mertxe ume-umetatik geratu zen itsu erabat, nahiz eta Bartzelonan eta Madrilen mediku espezialistekin ibili. Bost senideetatik berak zainketa berezia eskatu izan du beti, izan ere, itsumenaz gain, bai baitaki zer den minbizia sufritzea. Ahal nuen guztia jartzen saiatu izan naiz, alabak ahalik eta bizimodurik duinena egin zezan. Ordu asko dira elkarrekin egindakoak, baina ondo moldatzekoak izan gara beti. Berak nire beharra dauka, baina baita nik ere berea!”.

Horrenbestez, Once enpresako langile gisa Mertxek ama ondo-ondoan eduki du beti, laguntzaile gisa. “Orain asko ez dela arte, biok egin izan dugu Bazkardotik Kale Nagusiko lantokirako joan-etorria, egunean bi aldiz. Baina ni ere zahartzen ari naiz, eta giharrek ez didate erantzuten lehen bezala. Gaur egun, goizean etxetik irten eta kabinara abiatzen gara biok; bera bertan geratzen da, goiz parteko lanari ekiteko. Nik, bien bitartean, egin beharrekoak egiten ditut (bankuko gestioak, kupoiak banatu zenbait tabernetan, erosketak…). Era horretan joaten zaigu goiza, eta gero bazkaltzera etxera! Arratsaldean, ni etxean geratzen naiz, etxeko lanetara dedikatzeko. Mertxek, gurekin bizi den bere anaiarekin egiten du arratsalde-ilunabarreko joan-etorria”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!