Merezi duen erakusketa

Aiurri 2021ko ira. 18a, 09:00

1837ko Andoaingo Gudua emakumearen ikuspegitik islatzen duen erakusketa ostiral arratsaldean ireki zuten, Basteron. Datorren irailaren 25era bitarte zabalik egongo da erakusketa.

Emakumeek gerretan bizi behar izan dituzten zorigaiztoko bizipenak biltzen ditu erakusketak, batik bat. Makina bat argazki, ilustrazio, jantzi, armamentu, testu eta kronika topatuko du erakustokira hurbiltzen den ikusleak. Izan ere, horiek denak bildu behar izan zituen Andoaingo Guda ikuskizuneko antolakuntzak, 1837ko irailaren 14an karlistek eta liberalek Andoainen egin zuten borrokaldia kalean irudikatu eta antzezterako orduan.

Txitxu Ruiz Andoaingo Udaleko kultura zinegotziak irekiera ekitaldian hitza hartu zuen, eta eskerrak eman zizkion Larramendi Bazkunari, “urteak joan eta urteak etorri, Andoaingo historia gaurkotzeagatik”. Gaineratu zuenez, begirada berezi batekin egin da erakusketa, “emakume ahots isila plazaratu nahian, emakumeek historiako pasarte horretan bete zuten papera balioan jarri nahian. Erakusketa izan dadila emakume haien omenaldia”.

Ane Jalon Larramendi Bazkuneko lehendakaria mintzatu zen ondoren. Basteroko irekiera ekitaldira hurbildu zirenei, honako ariketa txikia egitea proposatu zien: “Gogora dezagun gure memorian, urtetan gordeta egon diren txikitako gerraren gaineko ipuin, ilustrazio edo pelikulak. Ziur gaude, zuen memoriaren zati horretan, pertsona gehien-gehienak gizonezkoak direla. Halaxe erakutsi izan baitzaigu urtetan: gerra, gizonen arteko kontua dela. Era berean, emakumeak desagertu izan zaizkigu gure begi aurrean. Bada, iruditeria hori dantzatu nahi izan dugu; beharrezkoa jo genuen, behingoz, argia ematea lubakiaren aldi ilunean zeudenei, emakumeei. Gerra guztietan egon baitira emakumeak, izan barruan, edo atzean…”.

Gerrak aipatu orduko maiz erabiltzen den albo kalteen kontzeptuaren gainean gogoeta eginez jarraitu zuen Jalon Bazkuneko lehendakariak: “Entzun dugu gerraren albo kalteak jasan behar izaten ditugula emakumeok. Baina albo kaltetuak ez, zuzeneko kaltetuak izan gara emakumeok. Eta mendetan zehar jasan behar izan ditugu bortxaketak, tratu txarrak eta hilketak. Zoritxarrez, itzalaren alborik ahaztuenean utzi dira ankerkeriari handienak”.

Jostunak, jotasu lanean

Joskintza tailerrak leku bat hartzen du erakusketan, eta azken urtetan Andoaingo Guduaren antzezpenean ezinbestekoak izan diren zenbait jostun bertan aritu ziren lanean, erakusketaren irekiera ekitaldian. Begoña Beobide, Maribel Garmendia, Ines Medina, Elena lertxundi eta Juanita ikutza dira jostun horiek. Hurrengo egunetan bertan lanean jarduteko eta nahi duten ikusleekin hizketan aritzeko tartea hartzeko gogoa ere adierazi zuten.

Kale antzerkiko pasarteak

“Andoaingo Gudua” kale antzerkiko zenbait pasarte antzeztu zituzten Aitor Amutxastegi, Rosa Elosegi, Juankar Erasun, Mikel Agirregomezkorta eta Julio Nogales antzezleek. Hain zuzen, kale antzezpenetik bi pasarte txiki eraman zituzten Basteroko erakusgelara, bata Zumea Plazan eta bestea Goikoplazan gertatzen direnak. Atanaxi emakume zelataria pertsonajea da protagonista nagusia, eta hura Rosa Elisegik interpretatu zuen Basteron.

Aurkezpen ekitaldi osoa bideoz ikus daiteke Aiurri.eus webunean. Baita argazki-bilduma ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!