"Gaizki-ulertua saihesteko, ahalik eta lasterren zuzendu zen akatsa"

Mikel Arberas 2021ko ira. 24a, 09:00

Olazar eta Otieta guneetara bainua hartzera zihoazen udatiarrek ezustekoa jaso zuten abuztuaren amaiera aldera. Kartel batzuetan bainua debekatuta zegoela adierazten zen. Andoaingo Udalak kartel horiek estali eta gaizki-ulertua izan zela dio Marijose Izagirre Andoaingo alkate-ordeak.

Zergatik jarri ziren seinaleak Olazar eta Otieta parke inguruetan? Arrazoi teknikoak zeintzuk izan ziren?

Ingurune naturalaren kudeaketa konplexua da, erakunde ezberdinek eskuduntza ezberdinak dituzte. Zehazki Udalari dagokio bainurako egokituta ez dauden eremuetan, jendeari jakinaraztea edo ohartaraztea "kontrolik gabeko bainu eremuak" direla, bide batez, jakinarazteko norberaren ardura dela eremu horietan bainua hartzea, besteak beste ez baitago ikuskaritzarik edo zaintzarik. Ekainaren amaieran gazte bati gertaturiko ezbeharrak, eta presaz jokatu nahi izatearekin, gaizki-ulertua eman zen. Horren
ondorioz, seinale okerrak ipini ziren.

Zein izan zen atzera egin eta kartel horiek estaltzearen arrazoia?

Gaizki-ulertua saihesteko, ahalik eta lasterren zuzendu zen akatsa. Gure asmoa
kartel hauek zuzentzea da. Balioan jarriz eremuaren izaera, eta bainu kontrolik ez dagoela argi utziz.

Oraindik eguraldi ona egiten duela medio, bainu denboraldia ez da amaitu; jendea bainatu daiteke kartela zegoen guneetan?

Kartel hori estalita dago, honenbestez bertan agertzen den araua ez da aplikagarria. Bainatu daiteke, orain arte bezala. Ez da aldaketarik izango. Norberak bere ardurapean egin beharko du, kontrolatu gabeko eremua delako. Hauxe da, behin zuzenduta, kartelean azalduko dena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!