"Kirolari popularra izaten segiko dut"

Xabier Lasa 2021ko urr. 3a, 13:02

Leire Etxezarreta kirolaria bigarren helmugaratu zen Quebrantahuesos txirrindularien martxa famatuan, hilaren 19an. Egundoko lorpen horrek ez dio mentalitatea aldaraziko.

Leire Etxezarreta Aiertza andoaindarrak urteak daramatza Tolosako Botarri erretegian, parrillero gisa. Ederki asko moldatzen da ikatza, haragia eta gatza maneiatuz bezeroei plater gozoak prestatzeko orduan, eta 2014an Gipuzkoako parrillero onenaren txapelketa irabazi zuen. Sakrifikatua da ostalaritzako ogibidea, eta Etxezarretak sukaldean ordu asko igarotzen ditu lau hormetan artean entzerraturik; eguneko eginbeharrak egin ostean, kirola aire zabalean egitea eta bere burua aske sentitzea izaten da bere desiorik handiena. Joan den asteburuan, bigarren iritsi zen Estatu espainiarreko ez ezik Europako zikloturistentzat mitiko-mitikoa den Pirinioetako Quebrantahuesos martxa zikloturistako helmugara, emakumezkoen mailan. Zazpi ordutik gora egin zituen bizikletan, ibilbidearen berezko gogortasunari ez ezik erauntsi zakarrari (etengabeko euria, kazkabarra, tximistak, kontrako haizea…) aurre eginez.

Ziklista afizionatuek, bizitzan gutxienik behin egin beharreko probatzat hartzen dute Quebrantahuesos-a, gogorrenetan gogorrena dela jakitun izanik. 200 kilometrok osatzen dute bere ibilbidea, eta tartean Pirinioetako lau mendi kate gainditu behar dira: Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz de Jaca. Guztira, 3.875 metroko malda metatua dauka probak. Etxezarretak ibilbide hori 07:13:19ko denboran osatu zuen,  eta Amaia Urkidiren (07:05:36) irabazlearen atzetik heldu zen Sabiñanigoko helmugara.

Elkarte antolatzaileko presidentea den Fernando Escartin profesional ohiak, proban zehar ziklistek jasan behar zituzten baldintza klimatologiko latzak kontuan hartuta, zera adierazi zuen: “epikoa izan da aurtengo edizioa, eta bere historialean aparteko tokia hartuko du, ziklistek erakutsi duten kemenagatik”.

Etxezarretak kirolaren praktikarekin gozatzea da bere aspiraziorik handiena, eta ez du aldatu nahi filosofia hori; azken urtetan duatloietan goi mailan ibili arren eta orain Quebrantahuesos ospetsuan bigarren postua lortu izanak ez du ametsetan jarrarazi.

5.000 txirrindularik emana zuten izena, baina azkenean, 1.900 besterik ez zineten atera errepider. Eta horietatik, 100 parte hartzaile bazterrean geratu ziren hipotermiak jota…

Bai, hala da, eguraldi txarra iragarri zuten aurrez, eta horrek atzera egin zien askori. Berez bi martxa izaten dira, luzea eta motza, Quebrantahuesos-a (200 km) eta Treparriscos-a (85 km). Baterako 8.000 dortsal eta besterako 2.000 jartzen dituzte normalki, baina aurten, pandemia dela eta, 7.000ri eman ziguten aukera parte hartzeko, horietatik 5.000ri proba handia egiteko. Aurrez 14.000 txirrindularik emana genuen izena, zozketan sartzeko.

Pentsa, bezperan zeru garbi-garbiaz gozatu genuen, baina igande goizalderako etengabeko euri jasarekin esnatu ginen. Proba 08:00etan abiatzen zen Sabiñanigotik, eta ordu erdia lehenago oraindik Jacan nengoen, “atera, ez atera” dilema askatu ezinik. Orduantxe, zeruan ateri une bat zabaldu zen, eta di-da, bi aldiz pentsatu gabe erabaki nuen parte hartzea. Proba amaitu ostean helmugan askok komentatu zutenez, bezperan parte-hartzaileentzat Sabiñanigon bertan prestatu zuten autokarabanen gunean mundu guztia antzeko trantzean egon zen. Esan daiteke ateri une labur hark animatu zuela jendea, hark salbatu zuela aurtengo proba aurrera egin izana. Ez da batere gozoa irteeratik blai eginda abiatzea, eta deskuidatuz gero, igual inor ez zen aterako!

Hori bai, abiatu eta berehala, hor hasi zitzaigun eguraldi petrala berriro! Eta hura bidaide izanda ibili behar 200 kilometrotan! Tximistak, kazkabarra, euri zaparradak, haizea… 

Bertan behera geratu zitekeen martxa…

Polemika txikia egon da, bai, ez irtetea erabaki zuten ziklista batzuk kexa agertu dielako antolatzaileei, arduragabeak izan zirela leporatuz. Baina egoki jokatu zuten nire iritziz; inor ez zuten derrigortu parte hartzera, eta animatu ginenok geuk hartu genuen erabakia, jakinda zein baldintzetan ibiliko ginen. Gainera, antolakuntzak sekula baino neurri handiagoak ezarri zituen; errepidean barrena, sekula baino suhiltzaile, anbulantzia eta erretiratzen zirenentzat autobus gehiago jarri zituen. Datu bat dago argi: aurtengo edizioan, aurrekoetan baino ezbehar gutxiago gertatu dira. Jakina, hori hala izateko zerikusia ere eduki zuten parte-hartzaileen kopurua murriztu izanak eta guztiek ere aurtengoan prekauzioak modu berezian hartu izanak.

Eguraldiari lotutako baldintza latz horiekin, posible ote da kirolarekin gozatzea?   

Posible da, bai. Fisikoki prestatuta eta datorkizunarekin ondo mentalizatuta bazaude, batez ere. Izatez, nik hasi eta bukatu gozatu nuen. Errepidean tropelan joateak ez dit grazia askorik egiten; lasaiago ibiltzen naiz nire kasa maldan gora edo maldn behera, eta Quebrantahuesosek erruz eman zidan aukera hori.

Poza galanta hartuko zenuen, bigarren helmugaratuta?

Bai, benetan! Baina ez postu horrengatik, ibilbide guztia gozamen hutsa izan zelako baizik. Izan ere, antolatzaileek probari ez diote lehia kutsua eman nahi izaten, eta horrexegatik ez dute podiumik jartzen. Gainera, helmugako megafonia matxuratu egin zitzaien, eta beraz, proba bukatu eta handik ordutara jakin nuen bigarrena nintzela, Jacara itzuli, dutxatu eta interneten saltseatzen hasi nintzenean. Egia aitortuko dizut, hogeigarren edo berrogeita hamargarren iritsita ere, antzeko pozarekin itzuliko nintzen etxera.

Duatloietan aurre samar ibili izan zara maiz. Baina beharbada Quebrantahuesos probak emango zizun ospea orain. Bat baino gehiago gerturatuko zitzaizun egunotan…

Bakar batzuk bai, eta zoriondu egin naute. Egongo da jendea orain jakin duena errepideko proba luze eta gogorretan nabilela, Aiurrin atera naizelako edo bestela ere, gauza horiek erraz zabaltzen baitira gaur egun teknologia berriei esker. Ez naiz lorpenak saldu zalea, diskrezioz ibiltzea dut gogoko, gehiegi nabarmendu nahi. Ez daukat sare sozialetan konturik zertan nabilen jakinarazteko, eta nahikoa daukat whatsappa inguruko jendearekin komunikatzeko.

Zer komentatu dizu jendeak, zoriontzeaz gainera?

Burutik ez gaudela sano horrela gabiltzanok, eta antzekoak. Ea nondik ateratzen dudan denbora entrenatzeko, hori ere galdetu didate.

Errepideko duatloien munduan ondo moldatu izan zara lehendik ere, eta orain Quebrantahuesosen bigarren. Ez al zaitu tentatzen lorpen handiagoen bila joateak, entrenamenduak sakonduz-eta?

Batere ez! Kirolari popularra izaten segi nahi dut. Horrela gozatzen dut, burua aske sentitzea besterik ez dut eskatzen. Erronka bat begi aurrean jartzea izan da nire formula beti, motibazioa handitzeko asmoz; horietan, lehiatzera joaten naiz mundu guztia bezala, baina ez naiz obsesionatzen postu on bat lortzearekin, kirola eginez pozik ibiltzeak bai! Filosofia horretatik ez dut aldendu nahi, ze bestela burua estutzen hasiko nintzateke, eta sufritu egingo nuke.

Zein izaten da zure entrenamenduen plangintza?

Esan bezala, erronka zehatz bat jartzen dudanean bolada baterako, bada, orduan, handitu egiten dut saioen intentsitatea. Horretarako, lantokiko ordutegiak eta jaien egutegiak ere lagundu egin behar izaten didate, noski. Quebrantahusesosi begira, astegunetan bizpahiru ordukoak egin ditut egunero, eta gero asteburuetan kostaldera ere arrimatu naiz, Gipuzkoan barrena bira eginez. Kostaldera asteburuetan bakarrik jotzen dut, han errepidea ez baitago brometarako. Horrela, bizpahiru orduko irteerak astegunetan egin ditut, eta luzeagoak asteburuetan.

Ezbeharrik izan al duzu sekula?

Bakarka aritzen naiz normalki, eta zorte ona eduki dut orain arte. Izan ere, geroz eta pazientzia gutxiago dauka jendeak autoan doanean. Bi txirrindulari edo gehiago ikusten baditu, orduan hartzen ditu neurriak; aurrean bizikleta bakarra daukanean, ordea… Iruditzen zait gidari batzuk, aurreratzea erabakitzen dutenean, begiak itxi eta azeleratu egiten dutela, “pasako naiz, pasako naiz” esanez batera. Gertu-gertutik pasatzen zaizkit asko ezker aldetik, eta gorputzean sentitu egiten dut autoen ziztua.

Hurrengo kirol hitzorduak, zeintzuk dituzu?

Urritu egin dira probak han hemen, pandemiagatik. Ea egoera normaltzen den eta antolatzaileak ere animatzen diren! Deseatzen nago San Silbestreak eta antzeko lasterketa herrikoiak noiz etorriko. Luzaroago begira, berriz, Irati Xtrem edo Larra Larrau errepideko bizikleta martxa luzeei helduko nieke gustura… 

Mendi-duatloiek, mendi lasterketek edo triatloiek ez al zaituzte erakartzen?

Ez, errespetua ematen didate mendian zoazela parean topatzen dituzun harri-koskorrek-eta, eta ez naute tiratzen lasterketa mota horiek; San Rokeko igoeran parte-hartzen dut, baina auzokoa delako. Errepidean bizikletan ibiltzekoa izan naiz beti, gazte-gaztetatik anaiarekin eta osabarekin hasi nintzenetik. Triatloiarako ere ez dut nire burua ikusten; igeriketan txukun aritu behar da, eta, gainera, ba al dakizu zenbateko dedikazioa eskatzen dizun hiru kirolen prestakuntzak?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!