Bakerako eta bizikidetzarako antzerkiak, Lasarte-Orian eta Andoainen

Aiurri 2021ko urr. 2a, 10:09

Lasarte-Oriako eta Andoaingo udaletako bizikidetza mahaiek bi antzezlanen emanaldia antolatu dute hurrengo egunetarako. Proyecto 43-2 konpainiaren Rescoldos de paz y convivencia proiektuko bi antzezlan dira horiek. Bi udaletako ordezkariek azaldu dutenez, ”hausnarketarako espazio publikoak ireki nahi ditugu, errealitate mingarriei begiratzeko, guztion artean bake zintzo eta iraunkorra eraikitzen segi dezagun”.

Bi udalerrietako udal ordezkariek Lasarte-Oriako udaletxean aurkeztu zituzten antzezlanak atzo, eta guztien izenean Agustin Valdivia eta Maider Lainez, Lasarte-Oriako eta Andoaingo alkateek hartu zuten hitza. Bizikidetza mahaien zeregina azaldu zuten lehenbizi: “Bi udalerriak hainbat urte legegintzaldi daramatzagu bi udalerrietan bakea, elkabizitza eta memoria inklusiboaren alde lanean hainbat ekimenen bidez, Baketik Fundazioaren bidelaguntzarekin. Elkarbizitza mahaiak dauzkagu martxan bi udaletan, non udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartzen dugun”. Bakea eraikitzea eta euskal gizarteak hamarkadetan jasan duen motibazio politikoko indarkeriak kaltetutako bizikidetza berreraikitzea dela mahai horien helburua, gaineratu zuten.

 

Bi antzezlan

Bi antzezlanen nondik norakoak azaldu zituzten Valdivia eta Lainez alkateek:

* Proyecto 43-2. Andoainen, Basteron, urriaren 7an.  

“Indarkeriak familia eta gizarte harremanetan eta identitatearen garapenean duen eragina, minak markatutako bizipenetan”.

* Viaje al fin de la noche. Lasarte-Orian, Manuel Lekuona kultur etxean, urriaren 15ean.

“Indarkeriazko hamarkadek utzitako herentziak armarik gabeko orainaldian izan duen eraginaren hausnarketa, biktimen eta haien ondorengoen bidez”.

Sarrera doan da, eta gonbidapenak Andoaingo Basteron eta Lasarte-Oriako kultur etxean eskura daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!