"Ahalduntzeko bide bat da erotikaz hausnartzea"

Alba Cabrera 2021ko urr. 21a, 11:52

Clara Wolfram Perez terapeuta da eta erotika hizpide izaten ari da Andoaingo Jabekuntza Eskolako ikastaroan. Sentitzen dena azaleratzeko eta desira eragiten duenarekin topo egiteko aukera bermatzen du.

Desirak, beldurrak, fantasiak eta plazerak oinarri, askotariko ariketek osatzen dute tailerra, nork bere burua ezagutzea xede. Urriaren 18an ekin zioten lantegiari eta, salbuespenak salbuespen, astelehenero bilduko dira arratsaldeetan, abendura bitartean.

Zertaz ari gara erotikaz mintzo garenean?

Pertsona guztiok dugun dimentsio bat da erotika, adierazpen bide bat, beti presente dagoena geure bizitzan, geure baitan. Gure plazerekin konektatzeko gaitasuna da, besteekin zein geure buruarekin harremantzeko modua.

Irudimenerako bide ere ba al da?

Gure gorputzean elkartzen dira pentsamenduak zein fantasiak; elkartzen dira sentsazio fisikoak, emozioak eta baita geure buruak sortzen dituen irudiak ere. Hori guztia materia erotikoa da. Gure osagai dira.

Berezkoa al du gizakiak aipatutako dimentsio hori?

Noski. Halere, aldakorra da toki batetik bestera erotika ulertzeko eta begiratzeko modua, baita une historikoei erreparatuz gero ere. Gizakiak berezkoa du erotika, plazera bilatzen du: haurrak garelarik, gorputza aztertzen dugu eta mina saihesten ahalegintzen gara. Plazeraren bilaketa horretan gorputzek erregistratu egiten dute zer duten gustuko eta zer ez. Haurtzaroko bide horri eutsiko bagenio adinean aurrera egin ahala, ziur aski, harreman osasuntsuagoak izango genituzke. Alabaina, gure gizartean mugatu egin dugu zurrunki zer den erotikoa eta zer ez. Gehiegi lotu dugu erotika irudi jakin batekin, eta sinesmen sexistez josita dago hori.

Baldintzatzen al dute generoak eta arau sozialek erotismoarekin norbanakoak duen harremana?

Ispiluan begiratzean, ez gara gai garen bezala ikusteko edo balioztatzeko geure burua. Beti daukagu muga bat... Gizarte honetan, zer dago emakume baten gorputzean, jarreran ongi ikusia? Hala, topo egiten dugu guretzat, emakumeentzat, kontraesankorrak diren irizpideekin: "Gure gorputzari balioa emango zaio, baldin eta desiragarria bada".

Hari horri tiraka, zer da desiragarri izatea? Begirada matxista batek erabaki ohi du hori gure gizartean. Irudiaren garaian bizi gara: bular handiak, argaltasuna, ipurdia... Objektu bihurtu dute emakumearen gorputza, sentitzen ez dugun subjektuak bagina lez.

Ondorioz, ispiluaren aurrean ideal horrekin alderatzen dugu geure gorputza, eta horren arabera erabakitzen dugu ea merezi dugun jendearengana hurbiltzea, ea eskubidea dugun gure desira adierazteko libreki eta abar. Gizonezkoek ere badituzte eredu fisiko mugatzaileak, baita beste hamaika genero-agindu ere; alabaina, haurtzarotik ez dute gure ideia bera jaso: desiragarria bazara balio duzu soilik.

Presio estetikoa daukagu, baita morala ere. Izan ere, batetik, desiragarriak izan behar gara; bestetik, berriz, gure sexu adierazpena ezin da agerikoa izan. Aipatutako ideia horiek guztiak desegin nahi ditut ikastaroan.

Noiz izaten du gizakiak lehen harremana erotikarekin?

Laztantzen gaituzten gorputzekin daukagu gure lehen harreman erotikoa, eta geure buruarekin, jakina. Haurrak, esaterako, masturbatu egiten dira, edo gustuko dute elkarri kilimak egitea; ez dute bereizten zer den sexuala eta zer ez. Bereizketa hori aldakorra da kultura batetik bestera. Zeri ematen diogu guk sexu kutsua? Erreprodukzioari lotutako egoerei, genitalekin lotura zuzena duten praktikei eta orgasmora bideratzen gaituzten ekintzei. Ez diogu sexua deitzen erotika orokorrago bati, sentitu dezakegunari norbaitek gure gorputza laztantzen duenean, adibidez. Nork bere modura sentitzen ditu emozioak; batzuk itzaletik, besteak argitik, baina guztiok egiten ditugu gauzak mundua gugana erakartzeko.

Noiz arte irauten du erotikak gizakiongan?

Ugalketa garaiarekin lotzen dugu erotika. Horregatik, adineko emakume bat ikusten dugunean, nolabait, kosta egiten zaigu ohartzea berak ere bere plazerak, gogoak zein formak dituela. Alabaina, izan baditu, zeren gorputzak hil arte sentitzen baitu, minerako eta plazererako gaitasuna dauka eta hori ez da desagertzen. Behar bada, eszitazio-mailak behera egin dezake adinean aurrera egin ahala, baina gure gorputzak beti behar du kontaktu osasuntsua. Azala da plazera sentitzeko dugun bide zuzenena.

Adinarekin aldatu egiten al da erotismoarekin norbanakoak duen harremana?

Gertatzen da batzuetan ez dugula geure desirarekin bat egiten, edo ez dugula geure gorputza polita ikusten. Ondorioz, maiz, kontaktu fisikoa saihesten dugu beldurrengatik, epaitua izateagatik, ez garelako sexiak sentitzen... Baina, finean, plazera adierazten duen gorputz oro da desiragarri.

Behar bezainbesteko denbora hartzen al du norbanakoak bere erotismoari erreparatzeko?

Gero eta gehiago jozen dugu fantasiazko erotikara, harreman birtualen bitartez, kasu. Ondorioz, aurrez aurreko harremanetarako denbora tarte laburragoa hartzen dugu; zer da, baina, harreman fisikoa? Pertsona bat aurrean izatea, kontaktua izatea, adieraztea zein negoziatzea zer nahi duzun, esperimentatzea... Horretarako denbora behar da, eta horrelako ikastaroak, esaterako, aukera ederra dira nork bere buruarentzat denbora hartzeko eta, gorputzetik abiatuta, sentsazioekin nahiz pentsamenduakin bat egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!