"Herria egin ezazue, horixe esango nieke herrikideei"

Aiurri 2021ko aza. 6a, 08:00

Imanol Gonzalez Edergai dendako jabea da. Enmarkazioan, brikolajean zein dekorazioan eskarmentu handia du. Azken krisi ekonomikoa eta pandemia igarota, hobekuntza ematen ari dela uste du.

Zure dendak ibilbide luzea du. Nola joan da garatzen zure negozioa, urte hauetan?

Hasieratik hona, ia 25 urte dira, aldaketa handiak egin ditut. Lokal batean hasi nintzen, diru gutxirekin eta negozioa ondo samar abiatu zen. Lokala utzi eta Goikoplazara hurbildu nintzen. Hedadura aldetik handiagoa zen, negozio aurrikuspenak gauzagarriak zirelako.

Hogei urte egingo ditut hemen, eta ibilbide horretan 2007ko krisi ekonomikoa latza izan zen. Ia-ia ixtera iritsi nintzen zorpetze maila handia nuelako. Negozioa beherantz ari zen, baina eustea erabaki nuen, eta berriro ere aurrera egitea lortu nuen. Hobekuntza bat nabaritu dut baina oso mantso ari da hobekuntza antzematen. Ez gara lehengora iritsiko, baina bagoaz pixkanaka. Garapena positiboa da, hemen jarraitzen dudalako.

Zein da orain zure espezialitatea?

Enmarkazioa, brikolajea eta dekorazioa. Horiexek dira nire negozio-ildoak.

Gabonak dira beharbada orain duzuen erronkarik handiena?

Zela esango nuke, iraganeko aditza erabilita. Garai batean, Eguberriak iristean, salmenta handia izaten zen. Hilabete horretan aurreko eta ondorengo hilabete txarrak estaltzeko aukera ematen zidan. Lehen salmenta handia zen, eta orain nabarmen lasaitu da salmenta. Askoz gutxiago saltzen dugu, baina ohikoa baino salmenta handiagoa da. Dagoeneko bukatu da iraganeko pagotxa Gabonekin.

Erosketa bonoez baliatu al zara? Zer iruditzen zaizu ekimen hori?

Udalak Salkinekin batera martxan jarri duen ekimena oso ona da. Horrek merkataritza laguntzea ekartzen duelako nahiz eta merkataritzak ez du zertan laguntzarik jaso. Herritarren ekimena izan behar da merkataritza sustatzea. Nik ez dut inork ni laguntzea nahi, tokiko merkatariak eskaini dezakeen zerbitzua askoz gertukoagoa dela barneratu behar du erosleak. Saltzailea ezagutzen duzu, proba egiteko aukera uzten dizu... Gertutasun hori merkatari handiek eskaintzen duten hoztasunaren gainetik dago.

Urte hauetan zein aldaketa nabaritzen dituzu tokiko merkataritzan?

Pandemia eta gero, tokikoa indartzen hasi zela ikusten ari nintzen baina orain ez aurrera, ez atzera gaudela iruditzen zait. Salmenta egon badago, baina oso geldo doa.

Internet, hedadura handiko negozioak... Zein da zuen mehatxu handiena?

Baditu gauza positiboak, baina nire negozioarentzat negatiboa da. Neronek denda izan nuen internet sarean, baina gure on line salmentak ez du ia ezertarako balio. Enpresa txikiak on line bidezko salmenta ahalbidetuz gero bizirauteko aukera duela dioenak gezurra dio. Enpresa handiek askoz aukera gehiago eta hobeak dituzte internet bidezko salmentan kokapen hobea lortzeko garaian. Enpresa handien aurka lehiatzea ezinezkoa da, baina dendari txikiok batu beharko genuke presio gehiago egin ahal izateko.

Zergatik erosi behar da Andoainen, tokian tokiko merkataritzan?

Logikoa da. Erosle modura gertuko norbaiti egiten diot erosketa, atsegina zait saltzailea eta beharrezkoa bada, produktua utziko dit. Gertutasuna eskaintzen dit saltzaileak. Konfiantza eta tratua, horixe da gakoa. Merkatalgune handi batean ez zara ezer, ez zara inor.

Etorkizun hurbilean zein da ikusten duzun egoera edo panorama?

Zaila da erantzuna ematea, etorkizunaz ari garelako. Zaila izango da merkatarientzat, eta, oro har, ez da lan makala izango. Merkataritza zailduz joango da, eta denda gehiago itxiko direla ikusiko dugu. Herrikideek tokiko merkatariekin harremana sustatu beharko dute, zeren eta bestela merkataritza hustu egingo baita. Andoainen dagoeneko ikusten ari gara hori.

Zer esango zenieke herrikideei?

Herria egin ezazue, horixe esango nieke herrikideei. Geroz eta gehiago inbertitzen badugu herrian, inbertsio horrek gugan eragingo du. Auzoak hobetuko dira, inguru osoa hobetzen da. Salmenta atzerrira bideratuz gero, diruak ihes egiten du. Herria egin nahi badugu, nork bere herrian egin beharko du inbertsioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!