"Andoain Txartela herriko txartela da"

Aiurri 2021ko aza. 11a, 11:48

Sandra Vieira Salkin Elkarteko dinamizatzailea da. Andoain Txartela Rural Kutxak dohainik eskaintzen duen VISA txartela da. Salkin elkarteak, urtean zehar, txartelaren erabilera sustazeko ekimenak antolatzen ditu.

Kanpaina berria martxan jartzen ari zarete. Zertan datza?

Andoain Txartelarekin erosketa eginez gero, erosketa horrek bost euroko hobaria izan dezake. Hobaria hilabetearen amaieran agertuko zaio bezeroari, banketxeko agiri baten bidez. Erosleak bost euroko diru-sarrera izango du bere kontuan. Sistematika erraza da, ez baitie aparteko lanik eskatzen dendariari eta erosleari.

Andoain Txartelaren erabilera zenbatekoa da?

1.300 daude indarrean, azken datuen arabera. Herrian erosteko erabilgarria da, eta baita Visa modura erabiltzeko ere. Herriko txartela da. Doakoa da, ez baita eskuratzeagatik ezer ordaindu behar. Rural Kutxaren eskaintza da, baina ez duzu zertan bertako bezeroa izan behar. Demagun Kutxabankeko bezeroa naizela. Andoain Txartela eskuratuz gero Kutxabankeko kontura lotzen da. Andoainen berrogei merkatalgune eta ostalaritza negoziotan erabili daiteke. Denetik dago: Belardendak, harategiak, arraindegiak, gasolindegia...

Zer esango zenieke erosleei?

Herritarrak animatu nahi ditut txartela erabiltzera eta erosketak herrian egitera, gure herriko merkataritza bizirik egon dadin. Esfortzu handia egiten ari dira, pandemia garai honetan, negozioarekin aurrera egin ahal izateko. Bizitza ematen diote udalerriari. Zorionez, aurrera egiteko borrokan ari diren dendariak eta ostalariak ditugu Andoainen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!