Rikardo Arregi eta Agustin Leitza kaleetako trafikoa hobeto bideratzeko lanei ekin diete

Aiurri 2022ko urt. 20a, 11:34

Trafikoa hobeto bideratze aldera, Hirigintza Sailak biribilgunearen eraikuntzari ekingo dio. Udalak zabaldutako oharraren arabera, "lanek bi hilabeteko epea dute, gutxi gorabehera, eta inguruko zirkulazioari eragingo diote, bai ibilgailuei, bai oinezkoei, eta, obrak egiten diren une jakin batzuetan, behin-behineko pasabideak edo ibilbide alternatiboak prestatu beharko dira".

Ordu jakinetan, bereziki, korapilo handi samarra sortzen da Anbulatorioa eta Stop liburudenda dauden inguru hartan. Rikardo Arregi kaletik Agustin Leitza kalerako bidean, beste kale batzuetatik eratorriko trafikoa batzen da. Arteta kalekoa, eta eskola orduetan bereziki Gernika kaletik iristen dena.

Hirigintzako zinegotzi Jose Luis Verdascok obraren zuzendaritzak jarriko dituen seinaleei arreta jartzeko eskatu die herritarrei. Lanak amaituta hobekuntza nabarmena izango dela uste du: "Obrak nabarmen hobetuko ditu pertsonen irisgarritasuna, bide-segurtasuna eta zirkulazioaren arintasuna".

Ordu jakinetan, eskola orduetan bereziki, zirkulazio-dentsitate handiko gunea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!