Ehun urte bete ditu Juan Usarraldek

Xabier Lasa 2024ko uzt. 24a, 08:23

Mende bateko bizitzara heldu zen Juan Usarralde Laskibar uztailaren 9an, eta arrebekin, ilobekin, udal ordezkariekin, senideekin eta Juan Batailatzailea egoitzako langileekin ospatu zuen egun berezia.

Usarralde familiako makina bat kide (anai-arrebak, seme-alabak, bilobak…) bazkaritan bildu ziren Gaztañaga sagardotegian. Leizotz auzoko Idoiaga baserrian lehenbizi eta Bistaeder (Sasiain) baserrian ondoren hazi eta hezitako hamaika senideetatik bost bizi dira, eta bostak bildu ziren bi ekitaldietan: alegia, Juan, Rosario, Ana Mari, Kandelaria eta Sebastiana. Usarralde Laskibar familia, XX. mendean Leitzaran bailaran gizakiek egindako historiaren parte esanguratsua da, eta bere bost kide gurekin dira, testigantza bizia eta jakingarria emateko pronto. Benetan hizjario jorikoak baitira, usarraldetarrak. 

Urtetan atzera eginez gero, XIX. mendearen hondarrera ziurrenik, bostek zehaztu digute, beren aita, Eugenio Usarralde Zapirain nola heldu zen Idoiaga baserrira bizitzera familiarekin batera, Donostiako Igeldo auzoa atzean utzita. Idoiaga baserria, Muntto eta Idoiagako gainaren arteko lautadan kokatzen zen (itsas-mailatik 350 metrora).

20ko hamarkadan, Eugenio Usarralde eta, Albizturretik neskame gisa Andoainera etorria zen Florentina Laskibar Iturrioz, ezkondu, eta Idoiagan bertan geratu ziren bizitzen, familia osatzeko asmoz. 

Horrela, lau seme-alaba jaio ziren, Joxe Mari (1923), Maria Josepa (1926) eta Joxe Luis (1928), eta mendeurrenera iritsi den Juan (1924). Familia hazten joan zen, baina horretarako, lehenbizi, gertaera lazgarria sufritu behar izan zuen. Izan ere, 1929an, sute batek harrapatu, eta erabat kiskalita utzi zuen Idoiaga. Egun ez da baserriaren arrastorik geratzen.

Ezinbestean, goiko parajeak utzi, eta Leitzarango Plazaolako bidean Otieta ondoan dagoen Bistaeder baserrira jaitsi zen familia. Hor jaio ziren hurrengo senideak, hots, Rosario (1930), Ana Maria (1932), Kandelaria (1934), Prantxisko (1935), Benita (1939) eta Sebastiana (1940). Hamaika, guztira.

“Larre motzean hazitakoak gara”, adierazi zuen bizirik den boskoteak, Juan Batailatzailearen egoitzan egindako ospakizunean; alegia, inongo luxurik gabe, baldintza latzeko bizimodura lotuta hazi eta hezi behar izan zutela hamaika kideek, gurasoekin batera.

Juan, gaztaroan artzain

Ehun urte bete berri dituen Juan Usarraldek, itsas mailatik 600 metrora dagoen Usabelartzako paraje belartsuetan igaro zuen gaztaroa. “Behorrak, behiak, betizuak... ezagutu nituen gazte-gaztetan, 14 urtetik aurrera. Eta batez ere, ardiak. Etxean ardi mordoska bazen, 300 bat, eta horiek gobernatu nituen zenbait urtetan, Ormazarretako txabolan bizituz. Herriko eskola oso gutxi zapaldu nuen, eta jostatzeko lagun bakarrak kasik, arkumeak izan nituen. Nire egunerokoak ez zeukan misterio handiegirik, ardiak larrean zaindu, ardiak jaitsi eta gazta egin, egurra bildu sutarako, Ormaki errekan amuarrainak harrapatu, aitak ferietan-eta erositako bertso-jarriak kantatu...”. 

Leitzarango goi parajeetan artzaintza oraindik jarduera nagusi zen garaia ezagutu zuen Juanek. “Artzain mordoa biltzen ginen inguru haietan. Nik, igual, udaberrian bi hilabete egiten nituen etxera erretiratu gabe. Aitak artoa eta jateko zerbait ekartzen zidan astoa zamatuta, noizean behin, eta harekin iraun behar!”.

Pinuaren etorrerak mundu horren akabera ekarri zuela ziurtatzen du Juan Usarraldek. “Mendiak libre izaten ziren artaldeentzat. Baina pinuen landaketa etorri zen, eta debekuak ekarri zituen berarekin. Halako batean, aitari esan nion: “hola ez dago ibiltzerik, denuntzia gaur, denuntzia bihar...”. Isilik geratu zen, eta hurrengo astean, Tolosako feriara joan, eta itzultzean, esan zidan: “Juantxo, ardiak bildu al dituk gaur? Bihar erostuna etorriko baitek””.

Argentinan, ia mende erdi

Zaraten, Buenos Airesetik ez oso urrun, ia mende erdiko bizialdia egin zuen. Ogibide ugaritatik pasa zen lehenbiziko urtetan, abeltzaintzan, artzaintzan, teilen langintzan, erlezaintzan... Harik eta 1964an erlegintzan negozioaren jabe egitea lortu zuen arte; 300 erlauntzekin milaka eta milaka kilo ezti ekoiztu zituen urtetan.

1997an Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. “Batetik, erlezaintza gainbehera zetorren nekazariak lur-sailak pestizidekin fumigatzen hasi zirela-eta, eta bestetik, adinean gora, gero eta nekagarriagoa egiten ari zitzaidan erlauntzen kaxoiak mugitzea. Gainera, baneukan gogoa familiarekin egoteko”.

Era horretan, Ana Mari eta honen senarra Migel Irazustarekin bizitu izan da hona etorriz geroztik, Buruntza auzoko Arrieta etxean. Oraindik orain, San Juan Batailatzailearen egoitzara joana da.

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 653 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!