Sagardotegiekin lotutako aisialdiaren historia kontagai duen erakusketa zabaldu dute

Xabier Lasa 2024ko urr. 8a, 14:39

Lurdes Odriozola, Joxe Mari Alberro, Rosa Zabalegi eta Xabier Urdangarin, aurkezpen ekitaldian

“A la yuklak, golpian bat” izenburua daraman erakusketa Astigarragako Erribera Kulturgunean zabaldu zuten joan den urriaren 3an. XIX. mendearen hondarretik gaur egunera arte sagardotegiek aisialdiaren ikuspegitik eman duten ibilbidea kontatzen du erakusketak. Irkeiera ekitaldia, bideoz ikusgai:

Urriaren 18a bitarte ikusi ahal izango den erakusketaren irekieran Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea, Lurdes Odriozola historia eta Joxe Mari Alberro erakusketaren talde sustatzaileko kidea izan ziren.

Odriozolak eta Alberrok eman zituzten erakusketaren gaineko azalpenak.

Lurdes Odriozola. azalpenak ematen, irekitze ekitaldian

 

Hainbat arlo lantzea du helburu erakusketak: hala nola, sagardoaren negozioaren bilakaera, txotxaren errituaren eta boladaren sorrera, sagardoaren kultura, sagardotegien inguruan indar handia zuten bolo-jokoek, tokak, bertso saioek... Eta horretarako, artxibo publiko nahiz pribatuak, prentsan, aldizkariak, argazkiak, bideoak, ahozko testigantzak... izan dituzte iturri.

Era horretan, Erribera kulturgunera hurbiltzen den ikusleak, sagardoaren historiaren gaineko makina bat datu harrigarriekin egingo du topo. Lurdes Odrizolarenak da ikerketa historikoa eta berak idatzi ditu panelek biltzen dituzten testuak. Bestalde, Jokin Mitxelena artista da ilustrazioen egilea.

 

Zer pentsatua ematen duten azalpenak

Erakusketak era guztietako datu jakingarriak zein bitxiak eskaintzen dizkio ikusleari, sagardotegiarekin eta aisialdiarekin lotutakoak gehienbat. Hasteko eta behin, “Ala yuklak, golpian bat” esaerak jakinmina eragiten du, derrigor. Bidasoaldean ahozko testigantzetan jasota dagoenez, sagardoa trago bakar batean edateko unean sagardozaleek egiten zuten oihua zela, nonbait.

Esaten denez, Gipuzkoan, XX. mendearen hasieran, Gipuzkoako 600 sagardotegi txiki familiarrek 9 milioi litro eskaintzen zituzten urtean.

Begiak Buruntzaldean jarriz gero, konparazio batera, bertan irakur daiteke Urnietan, 1936ko gerra aurretik, bazeudela 20 sagardotegi, eta horietako batean, Urbanetan, Juanito Loinaz “Jainkoa” Andoaingo soinujoleak alaitzen zituela ilunabar eta gauak.

Garai hartan, Andoainen Kaletxikin, bailaran jende gehien biltzen zituen sagardotegiak omen zeuden, auzoan bi tren geltoki baitzeuden (Renfe eta Plazaola).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!