Bazkardo auzoan dagoen Iturri taberna-jatetxera azken hamabost urtetan sartu izan den bezeroak Mari Jose Martinen irribarre eta solasaldi gozoarekin egin izan du topo lehenbizi, eta lan-talde guztiaren arreta atseginarekin ondoren. Martxoaren bukaeran ixtera doaz, jubilazioa hartuta.
Zeintzuk egiten duzue lan Iturrin, eta zenbat urte daramazue negozioarekin?
Orain hamabost bat urte hartu genuen negozioa Jose Manuel Monteiro senarrak eta biok. Portugaldarra bera, eta Oñatikoa ni. Urtetan, biok aritu gara sukaldean; aparte, neu arduratzen naiz, barran, jendaurreko lanez. Otorduak zerbitzatzen, berriz, Marta Tejero aritzen da. Orain asko ez dela arte, Tamara eta Erika alabak ere zerbitzari gisa aritu izan dira jatetxean. Hain zuzen, Tamararen alaba da Marta.
Taberna apenas ikusi da itxita sekula...
Andoainera etorri ginenean, eta Bazkardon tabernan lanean hastera gindoazela, hara zer esaten zidan jendeak: “Auzo horretan, tira, astegunetan nahikoa duzue; asteburuak jai”. Bada, ikusten duzu, egunero-egunero! Goizeko 07:00etan irekitzen ditugu ateak, eta gaueko 23:00ak arte, bai! Asteburuetan, zerbait gehiago luzatzen zaigu ixteko ordutegia. Medikutara edo ile-apaindegira ez bada, ez naiz ateratzen tabernatik! Bertako altzairu bat gehiago naizela esan daiteke (barreak). Senarra ateratzen da kalera, era guztietako enkarguak egitera.
Ez al zaizu nekagarria egiten egunean hainbeste ordu sartuta egotea?
Inondik ere ez! Tabernari-tabernaria naiz, gogoko dut ofizioa, gogoko, bezeroak, eta, gogoko, Bazkardo auzoa. Zer nahi duzu esatea... Saltsera samarra naiz, berriketa zalea, eta ez dut alkoholik edan behar jendearekin hitz-aspertu gozoetan jarduteko. Jendeak hitz egiteko behrra du, bere gauzak kontatu... eta entzule ona naizela esango nuke, diskretua. Zer esango dizut, nik halako izaera edukitzea estimatzen dute bezeroek. Barraren albo batean bionbo bat jarri eta psikologoaren kontsulta ipintzeko esaten dit jendeak erdi txantxetan, baina ni tabernari peto-petoa naiz, eta halaxe izaten segi nahi dut (barreak).
Iturriren sukaldeak badauka fama, etxean bezala sukaldatzen delako.
Egia esan, gure kroketek eta haragi-bolek badaukate estimazioa, eta ez dira gutxi paellak eta oilasko-erreak eskatzen dizkigutenak eramateko.
Bezero askok diote “Iturrira etortzea, etxean egotea bezala da”
Bestalde, 60-70 lagunentzako tokia badago jangelan, eta etortzen diren bezero askok apatzen didate “Iturrira etortzea, etxean egotea bezala da”, eta badakit zinez esaten dutela, ez kunplitzeagatik. Badakite harrera eta tratu atsegina topatuko dutela, konfiantzazkoa, eta batez ere, etxe-etxeko jaki goxoak jarriko dizkiegula mahai gainean. Facebookeko kontuan, nekez topatuko duzu komentario ezkorrik.
Gainera, jendeak eskertzen du asteko zazpi egunetan menua ipintzea: astegunetan, 14 eurotan eta 17 eurotan, asteburuetan.
Zein motatako bezeroak dauzkazue?
Nahiko bezero finkoak izaten ditugu. Badira ia egunero edo astero etortzen direnak zerbait hartzera edo bazkaldu-afaltzera; horien artean, inguruko langile ugari. Bestalde, ahoz-ahokoak asko funtzionatu ohi du gurekin, eta Bazkardon autoa aparkatzeko toki askorik ez topatu arren, jende ugari etortzen zaigu Sorabillatik, Goikoplazatik, Kaletxikitik, Zumea eta inguruko auzoetatik...
15 urte daramazu Andoainen. Ohartuko zinen andoaindar askorentzat nahiko ezezagunak direla Bazkardo auzoa eta Ama Kandida etorbidea.
Arrazoi duzu! Egia da Andoainen nahiko baztertuta eta marjinatuta dagoela inguru hori dena. Ez digute jaramon handirik egin, baina bost axola guri, independenteak gara Andoaindik! Bizitza honetan ez dago zure bizitokia maite izatea eta bertakoa sentitzea baino gauza ederragorik, eta alde horretatik, harro nago bazkardotarra izateagatik.
Obrez inguratuta bizi zarete azken urteetan.
Andoni alkateak, gure sakrifizioa ulertzen duela esatearekin batera, pazientzia eskatzen digu, mesedez; auzoa bizigarriagoa eta politagoa geratuko omen da etorkizunean, eta denbora kontua dela. Ez dut esango arrazoirik ez daukanik, baina, bien bitartean, ez dira gutxi bizilagunok jasaten ari garen buru-hausteak! Behin alkateari erantzun nion autoaren depositua lau aldiz bete behar izan dugula oso denbora gutxian, iraganean oso noizean behin baino egiten ez genuen bezala. Izan ere, Arin etxeetan bizi gara, eta tabernara etortzeko autoz, Urnietako mugaraino joan behar dugu lehenbizi, zuzenean ezin dugulako.
Etorkizunean, nola dakusazu auzoa?
Orain baino ederragoa geratuko da! Ikusteko dago gazte jendea-eta etortzen denean bizitzera, zer nolako kale-giroa pizten den. Pentsatzekoa da komertzio berriak irekiko dituztela, eta baita ostalaritza sektorekoak.
Dena den, auzo osoko obrekin amaitzerako oraindik ere urte batzuk igaroko direla aurreikusita dago, eta jakina, gure tabernako martxarekin behintzat ezin ikusi ahal izango dugu hori guztia.
Erretiroa hartzeko atarian ala?
Gure azken egunak dira Iturri taberna-jatetxean. Biok berriki hartu dugun erabakia da: kito egingo du gure jarduerak Iturrin, datozen egunetan. Senarrak nahikoa kotizatuta dauka jubilatzeko moduan. Nik, berriz, 65 urte beteko ditut maiatzaren 29an; ezin izan dut askorik kotizatu urtetan ostalaritzan zerbitzari gisa jardun dudanez, eta hortaz, lege berriekin, 67 urtera arte segi beharko nuke.
"Kito egingo du gure jarduerak Iturrin, datozen egunetan"
Baina, zer arraio! Huskeria kobratzeko, hobe oraintxe hartu erretiroa! Ixteko albistea poliki-poliki zabaltzen ari da bezeroen eta auzotarren artean, eta makina batek agertu digute pena! Baina, azken batean, ulerkor azaldu zaigu jendea, atsedena merezita daukagula esanda.
Ospakizun berezirik egin behar al duzue, agurrarekin batera?
Jakina, zintzo-zintzo izan ditugun bezeroei esker ona adierazi nahi genieke, batik bat. Horretarako, jai berezitxoren bat prestatzekoan gabiltza martxoaren 30erako. Hurrengo egunean, berriz, azken egunez eskainiko ditugu otorduak.