"Pazientea goxo eta eroso senti dadin saiatzen naiz"

Aiurri 2019ko abe. 26a, 09:00

Asteasuko Elizmendi auzoan egin dugu zita Aiora Segurolarekin. Lanera joan aurretik tartetxo bat atera du Aiurriri elkarrizketa eskaintzeko.

Elkarrizketa osoa irakurgai Aiurri aldizkariaren 551 alean.

Odontologoa, edo errazago esanda, dentista da Aiora Segurola. EHUn ikasi zuen Odontologiako gradua, eta egun Tolosako Galdaratz hortz klinikan egiten du lan. Gustuko du bere lana, eta gainera, irakaslea ere bada.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da hortz klinika batean lan egitea?

Oso ona. Egun guztiak ezberdinak dira lanean. Paziente bakoitza mundu bat da, baita tratamendu bakoitza ere. Horrek egiten du berezi gure lana, nire ustez. Egunero zerbait berria ikasteko aukera ematen dizu. Ez bakarrik tratamenduen prozeduraren inguruan, baizik eta jendearekin dugun hartu-eman horrek ere, asko ematen du. Lantaldean dugun familia giroak ere asko errazten du gure lana.

Odontologoa izanik, zein da zure egitekoa egunerokoan?

Nire egiteko nagusia pazienteen ahoa osasunera ekartzea da eta behin hori lortuta, ahoa osasuntsu mantentzeko argibideak ematea. Lehenengo lana diagnostiko egokia egitea da, froga ezberdinak eginez (esplorazioa, erradiografiak, argazkiak...). Horrekin batera, ezinbestekoa da pazienteak zer nahi duen jakitea, horretarako bera entzunaz. Kontsultara ekarri duen arrazoia jakin behar dugu. Zer duen aztertu ostean, pazienteari behar duen tratamendua azaltzen zaio. Zalantzaren bat duen kasuan, beste zita bat lotzen da argitzeko eta azkenik, pazientea ados baldin badago, tratamenduari hasiera ematen zaio.

Odontologiaren baitako beste adarren bat aukeratu beharko bazenu?

Ez dut odontologiako adar batean bakarrik zentratu nahi. Denetarik egin nahi dut eta horretarako formatzen jarraitu behar dut. Gure arloan ikaskuntzak jarraia izan behar du, eguneratuta egon behar dugu tekniken eta materialen inguruan.

Nola gogoratzen duzu hortza ateratzearen lehen aldia?

Ondo. Batzuetan gehiago kostatzen da, beste batzuetan gutxiago. Garrantzitsuena pazientea lasai egotea da eta zu, pixkanaka, aurrera.

Egoera desatseginen bat gertatu al zaizu?

Egunerokotasunean, egoera desatseginak baino gehiago izaten dira atseginak. Horiekin geratzen naiz ni. Lan guztietan bezala, badaude momentu zailtxoagoak, baina horietatik ere asko ikasten da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!