EkonoVID

“Elikadura eskubidea da, eta ez salgai hutsa”

Aiurri 2020ko mai. 17a, 15:00
Barazki ekologiko sorta

Agroekologia eredu hartuta jaio zen Agro Jateko ekimena, 2011n. Asteasu eta Larraul inguruan kokatuta dagoen Olatza baserrian ari dira geroztik.

Baserrian ari zarete lanean. Zein da zuen proiektua?

Garaian garaiko produktu fresko, osasungarri eta ekologikoak landuz, hondakin kimikorik gabeko elikagaiak ekoiztea dugu helburu. Nekazaritzako teknika batzuen kutsadura saihesteko eta lurraren emankortasuna mantetze eta hobetze aldera egiten dugu lan. 

Baserria bizirik mantentzeko, eredu agroekologikoa eta kontsumo taldeak ezinbestekotzat hartzen ditugu. Kontsumo taldea ez dugu bakarrik elikagai osasuntsuak jateko era gisa ulertzen, dimentsio soziala ere baduela uste dugu. Pixkanaka, proiektu hau denon artean aurrera eramango dugu, garaiko eta bertako elikagai ekologikoak kontsumitzen, baserritarren baldintzak duintasunez mantentzen, kontsumitzeko sistema kapitalistatik kanpo. Elikadura burujabetza da gure helburua; elikadura eskubidea da, eta ez salgai hutsa.

Zertan edo nola eragin dizue alarma egoerak? 

Aspaldi, saskiak egitea erabaki genuen, eta hori, guk dakigula, ez da debekatuta egon. Traba batzuk kenduta, normaltasunez ekin diogu gure jardunari. Biolurrekin, BasHerri sarekoekin eta EH-kolektiboarekin adostutako protokoloez baliatuta, modu seguruan egin ditugu banaketak. Segurtasunezko distantziak, eskularruen erabilera, desinfektantea... Antzeko neurriak hartu ditugu. Gainerantzean, gure egunerokotasunean, baratze eta abarreko lanekin normaltasunez jarraitu dugu. 

Zein egoeratan zaudete egun?

Eguneroko lan jarduerarekin gogotsu jarraitzen dugu. Baratzean landaketa handiak egiteko garaian gaude, beraz, indarrak hortan jartzen ditugu. Ekimen berriekin hasteko ilusioz ere, sendabelarrei tarte handiagoa irekiz. Baratzea handitzen ari gara, jende gehiago batzeko asmoz. Hauxe gurekin harremanetan jartzeko bidea: agrojateko@gmail.com. 

Amaitzeko, aprobetxatu nahiko genuke aurretik aipatutako aldaketa horiek gauzatzen jarraitzeko, eta pixkanaka, geroz eta burujabeago izango den Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko. Guk, gure aletxoa jartzen jarraituko dugu, poz handiz. 

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 560 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!