Baloi obalatuaren indarra

Andoni Urbistondo 2021ko mai. 12a, 08:01
Alkorta, Estebez eta Etxaniz Asteasuko plazan.

Historia egiten ari da Termas Bera Berako emakume taldea. Han aritzen da Asteasuko Xabier Etxaniz entrenatzailea eta Ihintza Alkorta jokalari, eta baita Lena Estebez andoaindarra ere. Euskal Liga irabazita, Espainia mailan jokatzeko buruz burukoari ekin nahi diote.

Futbolak ia dena jaten du kirola eta kirol zaletasunaren munduan. Uzten dituen apurrak pilotak, saskibaloiak edota txirrindularitzak bereganatzen ditu, baina biribila ez den baloi obalatua ere lekutxoa egiten hasi da Beterri bailaran. Donostiako Bera Bera taldeko emakumeen taldeak Euskal Liga irabazi berri du, sortu zenetik lau urtera, eta maiatzaren 8-9an igoera fasea jokatuko dute, hurrengo denboraldian Espainiako Bigarren Mailan jokatzeko asmoz. Xabier Etxaniz ez aspaldi Asteasura bizitzera bildu zen donostiarra da, Bera Bera taldeko errugbi kulturan, bizitzan urteak egindakoa. Nesken taldeko entrenatzaile laguntzaile jardunean murgilduta, bailarako bi neska batu ditu artaldera: Ihintza Alkorta asteasuarra eta Lena Estebez andoaindarra, biak 19 urteko gazteak. 

Xabier Etxaniz-enak, atarikoak: “Bera Berako emakumeen taldeko entrenatzaile laguntzailea naiz. Entrenatzaileak Laura Lorenzo eta Jokin Gorrotxategi dira. Aurten Euskal Ligako txapeldunak izan gara eta oso pozik gaude. Talde gaztea dugu, orain lau urte sortu baitzen taldea”. Bukatu berri den denboraldian Madrilen eta Zeelanda Berrian jokatzen aritutako bi neska izan dituzte, “eta horrek ere lagundu digu txapela lortzen, liga nahiko potentea delako”. Partida gehienak justu-justu irabazi omen dituzte: “Oso lehiaketa orekatua izan da, borrokatua. Zenbaitetan zortea ere aldeko izan dugu”, dio. 

Errugbia Gipuzkoan oso fenomeno lokala dela dio Etxanizek: “Hernanin du indarra, Donostian, Ordizian, Eibarren, baina Asteasu bezalako herri txikietan apenas ezagutzen du jendeak”. Egoeraz analisi berezia egiten du: “Madril bezalako hiri handietan inguruko herrietako jendeak hiriburuko taldeetan jokatzen du, eta gurean, Asteasu eta Donostiarekin ba antzeko zerbait gertatzen da. Lehen begiradan Asteasu eta Donostia urrun daudela dirudi, baina Madrilen, esaterako, antzeko distantzia jende pilo batek egiten du egunero. Antzera egin dugu guk, inguruko herrietako jendea biltzen, erakartzen saiatu”. 

Hiru urte atzera Lena Estebez hasi zen Bera Beran. Andoaindarra. Hiru urte daramatza dagoeneko taldean. “Amaren lagun baten bitartez hasi nintzen, Bera Beran jokatzen duena, eta primeran. Aurrelari postuan hasi nintzen, eta aurten hirugarren lerrokoa naiz. Kosta zitzaidan entrenamenduetara moldatzea: ikastola, akademia, Donostiara joan… baina azkenerako konturatu nintzen entrenamendu horiek zirela indarra ematen zidatena. Oihu batzuk bota, fisikoki nekatu… Orduz geroztik entrenatzea joatea liberazio moduko bat da niretzat”. Lehen entrenamenduetan beldur pixka bat izan zuela aitortzen du: “‘Non sartu naiz!’ pentsatu nuen. Plakatzeetan beldurra, adibidez, baina berehala ohitu nintzen, eta gaur da eguna non beharra daukadan entrenamenduak egiteko”. Errugbia ez omen da kirol soila: “Laguntasuna da, ondokoak ematen dizun berotasuna, bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Zalantzak badituzu beti lortzen duzu laguntza, kideek konfiantza ematen dizute”.

Ihintza Alkorta asteasuarra da. Lenaren adin berekoa. Abenduan hasi zen errugbian, urte erdi eskasa darama taldean. “Xabier Etxanizek erreklutatu ninduen. Ez nuen errugbia ezagutzen ia, probatu nuen, eta momentuz jarraitzen dut. Gorputz handikoa naiz, eta ez nintzen beste kiroletan ikusten. Errugbian nire tokitxoa bilatu dut, eta urte erdi pasa eta gero, errugbia maite dut, batez ere taldeak ematen duen indarragatik. Familia txiki-handi bat gara, talde sentsazioa dago. Beso zabalik hartzen dugu jende guztia. Bete-betean asmatu dudala esango nuke”. Entrenatzea ez zaio astuna egiten. 6retan abiatzen dira Asteasutik, astean bitan, eta “arratsa aprobetxatzeko aukera daukat. Afal ordurako etxean nago, 9ak alderako edo”. Entrenamenduetan serio aritzen dira: “Esan nahi dut, jokatu nahi duzun bezala entrenatu behar duzu, eta horrek asteko lan saioetan gogor aritu behar dela esan nahi du. Tentuz, lesiorik ez jasateko, baina serio”. Hasi berria da Ihintza, baina, ikasten, jokatzen segi nahi du. “Dena daukat ikasteko, nire burua neurtu nahi nuke noraino irits naitekeen jakiteko, maila bat edo bestea izan”.

Igoera fasea jokatzear dira

Maila bat edo beste dio Ihintzak, txapeldun izateak mailaz igotzeko aukera eman baitie Bera Berako neskei. Igoera fasea jokatuko dute maiatzaren 8-9ko asteburuan, eta garaipena lortzen badute, Espainiako Ohorezko B mailan lehiatuko dira hurrengo denboraldian. Alegia, estatu mailako Errugbiko Bigarren Mailan. Etxaniz entrenatzaileak hartu du hitza: “Talde indartsuak daude. Guk igoera fasea hazteko baliatu nahi dugu, Burgosko, Granadako taldeen aurka jokatu, eta ikusi ze maila duten beste taldeek. Txapela lortzea gauza polita izan da, baina igo edo ez igo, ez nau gehiegi arduratzen. Noski, irabazteko jokatzen duzu, eta txapeldun izan garen neurrian jaso dugu halako errekonozimendua. Ospatu dugu, baina ja lanean ari gara fasea prestatzeko. Emakumezkoen errugbiari ikusgaitasuna emateko aukera aparta da, eta baliatu behar dugu”.

Ohorezko Mailan Eibar dago, eta B mailan Getxo. Euskal Herriko bi talde bakarrik. Etxanizek nahiago du formazioa, heziketa lana. Garbi dio, “lubakietako entrenatzailea sentitzen naiz”. Igoera lortuko balute, aldaketa batzuk egin beharko lituzkete azpiegituran: Bigarren talde bat, 23 fitxa… “Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina zelaian igoera lortzen badugu, nik uste Ohorezko B Mailan lehiatuko garela. Bera Berak ez du oraingoaren adinako kirol arrakastarik lortu emakumezkoen errugbian inoiz. Historia handiko kluba gara, gure aroak izan ditugu. Batzuetan harrobiarekin, besteetan eredu profesionalagoak, eta esango nuke egun errugbi profesionalaren aroa pasa dela, dagoenarekin aurrera egiteko politika dagoela indarrean”.

Lenak gustura jokatuko luke Ohorezko B mailan: “Oraindik kosta egiten zait sinestea Euskal Ligako txapeldunak garenik. Partida asko tentsio handikoak izan dira, eta igoera fasean helburua mailaz igotzen saiatzea da, noski. Ohorezko B mailan nibela askoz handiagoa izango da, Madrilgo taldeak eta beste, baina niri gustatuko litzaidake igotzea”.

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 582. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!