Mendizabal, Lujanbio, Colina eta Iguaranen bertso saioko hainbat bertsoaldi, ikusgai

Xabier Lasa 2021ko eka. 29a, 18:47

Unai Mendizabal, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Oihana Iguaranek bertso saioa osatu dute Asteasun gaur eguardian, Amaia Agirre gai-jartzaile izan dutelarik. Era guztietako gaiak jorratu dituzte: transexualitatea, Asteasu eta Zizurkilen arteko desberdintasunak, kaletarraren eta baserritarraren arteko istiluak, Nekane Txapartegi, maitale anitzak, Asteasuko bi etorkin... Hainbat bertsoaldi, klik batera:

* Unai Mendizabal, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina.

Gaia: "Gaur San Pedro eguna izateaz gain, erabaki garrantzitsua hartuko den eguna da: “trans legea”. Urtetako borroka da, hainbeste zeresan eta min ematen ari dena. Sexu eta identitate autodeterminazioa da helburu, zentzu guztietan. Audio batekin hasiko nuke eta zuen iritzia eskatuz. Ibai Luke da hizketan entzungo duguna; mahai inguru batean ezagutu nuen, bere burua marika eta trabesti bezala aurkezten du, eta bere egunerokoan gertatzen zaiona kontatzeko eskatu nion. Audioa entzun, eta zuen iritzia bota bertso batean".

 

* Maialen Lujanbio eta Unai Mendizabal

Gaia: Maialen Asteasuko baserritarra, eta Unai Zizurkilgo kalekumea. Maialen, baserriko lanetan eguneko jardunean ari zara baratzean, eta zu Unai, oporrak hartu berri dituen irakaslea, laneko estresa kendu nahian, Zizurkildik Santamañara oinez abiatu zara. Maialen, zure etxeko zakurra zaunka eta zaunka ari da, eta baratzeko lanak utzi, eta zer gertatzen ari ikustera joan zara. Hor ikusi duzun Unai, mendiko makila esgrima ezpata bezala dantzatzen zakurraren aurrean beldurrak jota; eta zakurra zaunka, eroa bezala".

 

* Oihana Iguaran eta Sustrai Colina

Gaia: “Bi bertsolari saio batera zoazte autoan. Ertzainen kontrola, eta dokumentazio eske. Sustrai, gidaria zara eta erakutsi duzu bere gida baimena, eta badakizu zer gertatuko den. Baina jadanik ez duzu beldurrik. Zuk aurkeztu duzuna eta zarena ez datoz bat, eta txorakeriak entzuten hasi aurretik, erabaki duzu esatea. “Bai, mutil trans bat naiz”. Ezer esan gabe, aurrera pasatzen utzi dizue. Leihoa itxi orduko, biok barre txikian zoazte; gertatu den egoerari ertzak ateratzen gozatuz zoazte".

 

* Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina

Gaia: "Galdera erantzunean jarduteko, Oihana erdian jarrita. Asteasun gaur arratsaldean Puro Relajo taldea arituko da, eta hara hurbildu zarete, gustatzen zaizkizuelako rantxerak. Pasa dugun azken urtea ahaztu, eta berriz ere bihotzak martxan jarri nahi dituzue. Hankak arin eta begirada zapelaitza baino zorrotzago dituzue zuek, Maialen eta Sustraik. Oraintxe hasi dira jotzen “La de la mochila azul”. Biak jo duzue begiz Oihana, eta bateratsu iritsi zarete berari dantza eskatzera".

 

* Unai Mendizabal

Gaia: "Zazpi bertso kantatzeko, puntu bana jarrita (hainbat gaien inguruan: Asteasun bizitza, Asteasu eta Zizurkilen arteko desberdintasunak, etxearen hipoteka…)".

 

* Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran

Gaia. “Asteasun hogei herrialdetatik gora omen daude pertsonak. Zuek bi ama zarete, mapa horretako parte; hizkuntza, jatorri eta kultur-aniztasunaren abanikoaren tolesturetan zabaltzen direnetako bi. Zu, Maialen, Marokotik, eta zu, Oihana, Australiatik. Zuen alabak gelakideak dira eta elkarren artean euskaraz egiten dute. Zuek apenas dakizuen euskaraz eta gaztelaniaz ari zarete ikasten. Euskaraz ikasteko asmoa bai, baina baliabide gutxi eskaintzen direla iruditzen zaizue, eta bizi-irauteko ezinbestekoa da gaztelania; bizitzan lehentasunak jarri behar diren bezala, hizkuntzekin ere berdintsu”.

 

* Oihana Iguaran

Gaia: “Nekane Txapartegi asteasuarraren audioa entzungo dugu. 1999an atxilotu zuten eta baita torturatu eta bortxatu ere. 2006an epaitu zuten eta harrezkeroztik Estatu espainiarretik ihes eginda dabil, berriz ere atxilotu eta torturatua eta bortxatua izateko beldurrez".

 

* Maialen Lujanbio eta beste hirurak (Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina)

Gaia: "Maialen, zuk badaukazu egunerokoa bat. Eta hor idatzi duzu hiru maitale izan dituzula. Atzeko hiru horiek dira. Baina ez dakigu bakoitza zein den, eta atzekoek erantzun bejardko dizute konforme dauden ala ez. Zure egunerokoan, hiru esaldiek hala diote, eta ea bakoitza nor den: “inoiz ez da ahazten lehenengo maitalea, baina alde ederra ahaztuko banu”. Bigarrengo esaldia: "maitalea luzez izan nuen pisu-kide; kosta zitzaidan etxetik bidaltzea”. Eta hirugarrena, “noizbehinkako sexu kidea da; larrutan oso ondo egiten du, baina horixe bakarrik”.

 

* Unai Mendizabal eta Sustrai Colina

Gaia: “librean, puntutan”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!