Kilimanjaro, mendia baino gehiago

Ainhoa Gil 2019ko ira. 20a, 09:00

Esperientzia ederra bizi izan dute uda honetan Mikel Egibar, Eñaut Egibar eta Xabat Oiartzabal zizurkildarrek, eta Joxe Ramon Usabiaga asteasuarrak. Tanzaniako Kilimanjaro mendiaren tontorra zapaldu dute, denbora luzean ahaztuko ez duten bidaia. Hamaboskarian eman dute euren bizipenen berri

Urte askotan buruan itzul-inguruka zebilkien ideia zen Afrikako gailurrera, Kilimanjarora, igotzea. Mikel Egibar zizurkildarrak bota zuen amua, eta baiezkoa eman zien Eñaut, Xabat eta Joxe Ramonek.

Zenbait hilabete behar izan zuten gauzak behar bezala lotu ahal izateko. Eñaut Egibarrek eman du horren guztiaren berri: "Parke natural baten barruan dago Kilimanjaro mendia, eta hara sartu ahal izateko, derrigorrezkoa da gida talde baten laguntzaz joatea, ezin da norbere kasara joan. Bidaia antolatzeko lehen egitekoa, guztia bideratuko zigun agentzia batekin kontaktuan jartzea izan zen. Egia esan, oso ondo antolatu zigun bidaia agentziak. Mendiko ibilaldiko etapa bakoitzaren amaieran atseden hartzeko toki erosoak zituzten prest eta baita otordu goxoak ere. Oso lan ona egin zuten".

Bidaia luzea

Madrildik atera, eta Amsterdamen geraldia egin ondoren, Tanzaniako Moshi herrira iritsi ziren, hegazkinez. "Bidaiako eragozpen bakanetakoa orduantxe gertatu zitzaigun. Maletak atzeratu egin ziren eta mendiko ibilaldia atzeratu egin behar izan genuen. Egia esan, nahiko ondo etorri zitzaigun maleten zain egon beharra ere, bidaia luzearen ondoren atseden pixka bat hartzeko aukera izan baikenuen", Usabiagaren esanetan.

Egun bateko atzerapenarekin izan bazen ere, iritsi zen mendira joateko eguna. "Oso mendi polita da, gure ingurukoekin alderatuz gero, oso ezberdina. Ez da mendi teknikoa, baina sikoki presta- tuta egotea eskatzen du eta psikologikoki ere gogorra izan daiteke. Altueraren eragina sumatzen hasten zarenean gogorra egiten da aurrera jarraitzea", azaldu du Eñautek.

Gidak, sukaldariak, porteadoreak..., hamabi bat pertso- naz osatutako taldea izan zuten inguruan. "Lan bikaina egin zuten eta oso atseginak ziren. Harreman polita egin genuen. Horrez gain, gidek sekulako gaitasun sikoa zeukaten", aipatu dute.

Lehen egunetako erritmo motelarekin harritu egin ziren eskualdeko lau mendizaleak. "Aldapa gogorrik ez zegoen tokietan ere pauso motelean joaten ziren. Hasieran ez genuen ulertzen jokabide hori, aspertu ere egiten ginen gidaren atzetik. Gero konturatu ginen gure hobe beharrez ari zirela, altuerara egokitu beharra dauka gorputzak", azaldu du Joxe Ramonek. "Askotan errepikatzen ziguten 'pole-pole hakuna matata' esaldia. 'Poliki-poliki arazorik gabe' esan nahi du. Haiek ederki zekiten zertan ari ziren, bai!", gaineratu du.

Altueraren eragina

Hiru egun behar izan zituzten Kilimanjaroko tontorrera iristeko, beste bi egun jaitsiera- rako. "4700 metroko altueran pasa genuen azken gaua. Ez genuen lo askorik egin, urduritasunagatik eta altueraren eraginagatik. Gauez abiatu ginen tontorrera. Bezperan sekulako haizea zebilen, baina tontorrerako bidean haizeak ez zigun batere trabarik egin. Hotza zen, hori bai", azaldu du Eñautek. Hotz egiten zuenaren lekuko, Joxe Ramonen hitzak: "Tontorrera abiatzean, ura maiz edatea oso garran tzitsua zela esan ziguten. Motxilan neraman kantinplora eta tutu txiki batetik edaten nuen ura. Laster izoztu zen, ordea. Zero azpitik 15 gradu inguru izango ziren". Gidek termoetan eramandako te beroak goxatu zizkien barrenak mendizaleei.

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!