Migel Arrieta bertsolari eta korrikalari ohia zendu da

Xabier Lasa 2020ko urt. 7a, 11:44
Migel Arrieta, familiako kide guztiak biltzen dituen kuadroarekin

Migel Arrieta urtarrilaren 4an hil zen, iraganean bertsolari eta korrikalari gisa nabarmendu zen gizona. Gaur, asteartearekin, Andoaingo San Martin parrokian egingo da bere aldeko hileta elizkizuna, 18:30etatik aurrera.

88 urte zituen Arrietak, Maria Etxeberria zen bere emaztea, eta Pedro eta Rikardo bere bi semeak. Gaixotasun larri batek jota bizi zen azken aldian, eta ospitalean hil zen joan den larunbatean. Bertsotarako sena ez zuen galdu azken unera arte, bere senitartekoek gogoratu duten bezala. Izan ere, ospitalean zeladore den Jon Otaegi Gibitegi harri jasotzaile ohiarekin bertsotan jarduna zen orain aurretik.  

Ezaugarri bereziko belaunaldi baten ia azken ordezkarietako bat joan dela esan daiteke: gaztelaniak kutsatu gabeko euskal hiztuna, kontalari aparta eta mintzakide gozoa, euskal kulturaren eta ohituren maitalea, ordenagailu baten memoriaren parekoaren jabea (bertso saioa entzun ondoren bertso ugari gogoan hartu eta kantatzeko gaitasuna edukitzeko adina, konparazio batera)...

 

Legarralde baserriko semea

Migel Arrieta Bideburu Urnietan 1931n jaio zen, Onddi mendiaren hegal batean dagoen Legarralde baserrian hain zuzen. Zortzi senideetatik gazteena zen. Urnieta eta Hernaniko herri kaskoetatik ezin urrunago dagoen Legarralde baserriko ateak beti zeuden irekita edonorentzat, eta bere ama, Agapita Bideburu, emagin sonatua izan zen bi herri horietako baserri giroetan.

Migelek etxean jaso zuen bertso egarria, bertako sukaldean kasik hizketan bezala aritzen baitziren guztiak ere. Joxinixio. Pizkunde zapuztua liburuan adierazi zuen zenbaterainokoa zen bertso giroa etxean:“Aitak, Juan Jose anaiak eta hirurak geneukan joera bat-batean aritzeko bertsotan, batez ere. Beste gainerakoek bertso zaharrak zekizkiten buruz, kantatzeko moduan. Aitarengandik jasoko genuen guztiok. Artzaina zen eta eskribitzen ez zekien, baina hark zeukan memoria ikaragarria entzundakoa buruz memorizatzeko! Hernanira meza nagusia entzutera joateko ohitura zuen; gero handik Portu edo beste edozein festetara joan, eta beti bertsoak ikasita itzultzen zen etxera”.

Aitak erakutsitako bide berberetik ekin zion Migelek ere, bertsolaritzaren unibertsoan sozializatzeko.

1947ko hondarrean, Urnietan Luistarren elkartearen gerizpean antolatu zen bertsolari gazteen txapelketan parte hartu zuen. Juan Batista Urretabizkaia, Praxku Urruzola Elutxeta eta Legarralde baserriko bi anaiek -Juan Joxe anaia eta Migel- kantatu zuten. Anaia irten zen garaile orduan, makina bat urnietarren jakin mina piztu zuen jaialdi hartan. Gipuzkoan 1949an antolatu zen bigarren mailako bertsolariei begirako txapelketan ere hartu zuen parte Migelek. Egun hartan Migelek kantatutako bertsoetatik, bakar bat gorde du oroimenean, Uztapide gai jartzaileak jarri zion puntuari segida emanez:

Puntua: Gustatzen altzaizu

ogi ta intxorra?

Migel:

eskaini diazuna

genero gogorra.

Intxorra txikitzeko

behar degu porra.

Uztapide, jartzazu

gaur puntu jatorra

 

Xoxokan jai-eragile

40 eta 50eko hamarkadetan, herriz herri ibiltzen ziren bertsolari bakanekin Uztapide, Mitxelena, Basarri, Lasarte, Hernani txiki…) kantatu izan zuen tarteka. Inon baino gehiago, Xoxokako plazan, bertako jaietan.

Gaztetan, auzo horretako ekimenetan ekintzailea izan zen Migel, eta esate batera, jaien antolakuntzan ibili zen urte frankotan. 1936ko gerra osteko urte triste eta txiroetan irudimena eta borondatea nahikoak izan ziren ”debaldeko festa” ikusgarriak antolatzeko, eta zeregin horretan trebe jokatu zuen Migele, festa antolatzaile ez ezik ekintzaile ere bai, bertsolari eta korrikalari gisa. Gogoangarriak dira lehen aipatutako bertsolariekin batera osatu zituen bertso saioak, edo eta, Patxi Irizar Garro, Manuel Otxotorena eta hiruek egin zituzten korrika apustuak. Urnietan bizi diren zaharrenek ere gogoan edukiko dute Antonio Agirre eta biek Idiazabal kalean burutu zuten apustua -dirua tarteko-, herrian hainbesteko ikusmina eragin zuena.

 

Bertso bidea, gaztetan eten

Bertso plazan aritzeko balio zuen gaztea zen Migel Arrieta, baina halako batean uztea erabaki zuen, berak aitortu izan zuen bezala, “Ez zen izan gogo faltagatik. Baina nik beti beldurra izaten nion hasierari. Lagun arteko afari batean, konparazio batera, denak anaiak bezalako lagunak eduki inguruan, jakin inongo konpromisurik eta traszendentziarik ez zeukala momentuak, eta hala ere, ezin libratu barruko kezka! Neronek jartzen nion presioa buruari. Behinola, nere artean zera esan nion arte: “hau pasa beharrik etzakat ba!, denak utzi eta fuera!”. Bestela ere, bazeuden beste bi arrazoi atzentzen nindutenak: batetik, ohartuta nengoen bertsolaritzan, plazaz plazakoari kondizio duinetan erantzutekotan, buruarekin gimnasia egin beharra zegoela egunero-egunero, pilotari edo futbolarien antzera. Eta bestetik, eztarriak ere segituan atakatzen zidan”.

Nolanahi ere, beti eutsi izan zion bertsotarako senari, eta zenbait gertakizun eta egun seinalatuetan jardun izan zuen jendartean, horretarako eskatzen ziotenean. Bestelakoan, bakarkako lanetan aritu izan zen beti, bere buruarekin  “Burua zeratzen aritzen naiz, entrenatzen. Lau puntu osatzen… Bakar-bakarrik dagoenean bat, lasaiagoa izaten baita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!