Koronabirusa

Eskolak, etxetik eta etxean

Ainhoa Gil 2020ko mar. 27a, 08:12
Hutsik daude eskolak egun hauetan

Ikastetxeen itxiera izan da alarma egoerak ekarri duen ondorietako bat. Martxoaren 13az geroztik etxean daude ikasleak, eta irakasleak ere halaxe ari dira lanean, bakoitza bere etxetik. Aiztondoko ikastetxe ezberdinetan galdetu dugu, nola moldatzen ari diren jakiteko.

Egoera berrira egokitzen ari dira eskualdeko ikastetxeak. Baita haien ikasleak eta familiak ere. Alderdi akademikoa ez ezik, alderdi emozionala lantzeko saiakera egiten ari dira guztiak:

Aduna

Adunako herri eskolako kideak lan eta lan ari dira egun hauetan. Eskolako zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, “denontzat berria den egoera honi aurre egiteko lanean ari gara. Ez da erreza izaten ari, baina moldatzen ari gara. Batez ere teknologia berriak erabiltzen ditugu ikasleei lana helarazteko; emailak, bideo-deiak, Classroom, Site-a,... Irakasleok landu beharrekoa programatzen dugu eta tutoreen bitartez iristen zaie ikasleei”.

Ikasleei lana emanda ez da amaitzen, noski, irakasleen lana: “Zalantzak badituzte, gurekin harremanetan jartzen dira argibideak jasotzeko eta behin lanak amaitzean, irakasleei bidaltzen dizkiete”.

Nolanahi ere, familia guztien errealitatea kontuan hartzen saiatzen ari dira Adunako herri eskolan: “Badakigu familia ugari direla eta familia bezainbeste egoera daudela. Horregatik, malgutasunez jokatzea da gure helburua, ikasleen lanari jarraipena eman, baina egoerak kontuan hartuz eta gurasoen kezkak argituz”. Amaitzeko, familia guztiei eskerrak eman dizkiete: “Eskertzekoa eta txalotzekoa da ikasleek erakusten duten inplikazioa eta familiek egiten duten esfortzua!”.

Amasa-Villabona

Amasa-Villabonako bi ikastetxeetan ere egoera berrira egokitzeko lanetan ari dira. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolan, esaterako, lanak antolatu dituzte, haur eta gazteek etxean  egin ahal izan ditzaten. Ana Santamaria zuzendari pedagogikoak eman ditu azalpenak: “Martxoaren 13an eman ziguten ikastetxe guztien itxieraren berri. Hurrengo egunean irakasleok bildu, eta lanak antolatzen saiatu ginen, etapak ezberdinduz. Izan ere, oso ezberdina baita Haur Hezkuntzako haurrekin egin beharrekoa, edota Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleekin landu beharrekoa”.

Haur Hezkuntzan, “gure proiektuarekin bat eginez, gurasoei baliabide ezberdinak bidali dizkiegu, haurrekin etxean landu ahal izateko. Jokoak, abestiak, bertsoak... etb.”

Lehen hezkuntzako ikasleak bi talde nagusitan banatu dituzte. “1, 2 eta 3 mailako ikasleei txosten ezberdinak prestatu zaizkie, euren etxeetan landu ditzaten. E-mailez bidali genizkien familiei, inprimatzeko eta etxean inprimatzerik ez zutenek, ikastolatik bertatik jaso ahal izan zituzten txosten horiek”.

Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6 mailako ikasleekin, “harremana errazagoa izan da. Bosgarren mailatik aurrera, ikasle bakoitzak bere ordenagailua dauka. Laugarren mailakoek ikastolan edukitzen dute, baina argi esan zitzaien norbaitek etxean ordenagailurik izango ez balu, ikastolakoa har zezakeela”. Clashroom, liburu digitalak, Drive moduko plataformak erabiltzen dituzte irakasle eta ikasleen arteko harremanerako.

DBH-n ere digitalki egiten dute jarraipena. “Fitxa digitalen bidez, edota etxeko lanen argazkiak bidaliz..., ikasleak oso ohituta daude modu horretan lan egitera eta erraza izan da moldatzea”.

Irakasleak ere etxean ari direnez, haien arteko bilerak modu digitalean egiten dituzte. “Googlemeets bidez elkartzen gara, edo bideo-deiak eginez".

Kilometroak jaiaren antolaketan ere eragina izan du koronabirusak. “Ekitaldi batzuk atzeratu egin ditugu, eta orain, ahal dugun heinean lanak aurreratzen ari gara. Lehentasun berezia duten batzordeak bilerak egiten ari dira. Momentuz, ezin dugu beste askorik egin. Ikusiko dugu honek guztiak zenbateko eragina izaten duen”, azaldu du Anak.

Fleming Herri Eskolako kideak ere etxetik ari dira, noski. Aizpea Zabala irakaslea, zuzendaritza taldeko kide da. “Egunero-egunero egoera berrira egokitzen eta ikasten ari gara. Ikasleek edukietan aurrera egin dezaten nahi dugu, baina benetako kezka beste bat da. Eskolako egunerokotasunean ikasleekin dugun harreman hori, ikasgeletan gertatzen direnak..., hori guztia galdu dugu egoera berri honetan. Askotan entzun izan dugu teknologia berriek ordezkatuko dituztela irakasleak, baina egoera honek erakutsi digu hori ez dela posible. Keinu txikiak, ikasleei eskainitako hitzak, haiek guri ematen diguten guztia... Hori ez du teknologiak ordezkatzen”. Audioak, bideoak..., material ezberdina ari dira ikasleei bidaltzen, kontaktu hori mantendu ahal izateko.

Egoerak hala aginduta, modu telematikoan ari dira ikasleekin. “Haur Hezkuntzako txikiei giro ezberdinak eskaintzen zaizkie eskolan; artea, zientzia, matematika, ametsen mundua eta jolas sinbolikoa. Giro horiek etxean garatu ahal izateko argibideak bidali dizkiegu familiei. Bestalde, erronka txikiak bidaltzen hasteko asmoa ere badugu”.

Lehen Hezkuntzako ikasle gazteenei erronkak bidaltzen dizkiete, baita gurasoei zuzendutako tutorial edo bideo lagungarriak ere.

“Esaterako, matematika modu manipulatiboan lantzen dugu eskolan; eragiketak ez ditugu egiten ohiko algoritmoei jarraituz. Gurasoei erakutsi nahi diegu eskolan nola egiten dugun, etxean hala egiten jarraitu ahal izan dezaten”, azaldu du Aizpeak. Lehen Hezkuntzako 3, 4 eta 5. mailako ikasleak, “ohituagoa daude modu digitalean lan egitera. Drive bidez partekatzen ditugu dokumentuak haiekin. Lanak egiten dituztenean, zuzendu egiten zaizkie, eta berriz itzuli”, gaineratu du.

Gai espezifikoetako irakasleak ere lanean ari dira ikasleekin. Gorputz Hezkuntzako irakasleak erronkak bidaltzen dizkie ikasleei, ingelerakoak ere etxerako lana antolatu die eta musikako irakasleak ere materia ezberdina bidaltzen die ikasleei, beste ikastetxe batzuetako musika irakasleekin elkarlanean.

Laguntza bereziren bat behar duten ikasleak gogoan, haientzako material egokitua ere prestatu dute. “Euskarazko errefortzua behar dutenekin, berriz, euskarazko pelikulak, musika, karaokea.... bidaltzen dizkiegu.  Etxean euskaraz hitz egiten ez duten familiek ere egun hauetan euskara entzun dezaten nahi dugu, ez dezatela erabat gal hizkuntzarekin duten kontaktua”.

Teknologien munduan murgilduta, zenbait oztopo ere aurkitu dute aurrez aurre: “Zenbait familik ez dute ordenagailurik, edo etxean dagoen ordenagailu bakarra gurasoek behar dute lanerako, edo wifirik ez dute... Hezkuntza sailetik datuak eskatu zizkiguten, zenbat ordenagailu behar ote genituen jakiteko eta Villabonako Udalak ere eskaini digu laguntza, familia horiengana iritsi ahal izateko”.

Egun zailak izaten ari dira, “hala ere, asko ari gara ikasten. Tutore bakoitza bere onena ematen ari da eta irudimena astintzeko balio izan digu. Zuku handia ateratzen ari gara”.

50. urteurrena dute aurten Fleming herri eskolako kideek. Ekainareko dute aurreikusita ospakizun handia, baina ez dakite egiterik izango duten. “Orain ez bada, aurrerago egingo dugu ospakizuna”, dio Aizpeak.

Erniobea institutua

Erniobea Institutuko Olatz Zumetak azaldu duenez, egoera berriari egokitzeko lanetan ari dira haiek ere. “Materiala prestatu eta bidaltzen diegu ikasleei. Ordutegi eta plangintza bat landu genuen ikasleekin eta gurasoek ere jaso zuten. Lan karga egokitzen saiatu ginen eta azken egunetan, horren inguruko galdeketa bidali diegu familiei, pixkanaka egokitzen joan ahal izateko. Nolanahi ere, malgutasunez jokatu behar dugu egoera honetan, izan ere, badakigu familia bakoitzaren egoera oso ezberdina dela eta ikasle guztiek ezingo dituztela lanak modu berean egin”.

Clashroom, Gmail edo Drive bidez mantentzen duten harremana ikasleekin.

“1, 2 eta 3. mailakoek chromebooka dute. Laugarren mailakoek ez dute chromebookik, baina guztiek dute ordenagailua etxean”. Etxean wiffirik ez duten familia batzuk badituzte, eta haiei irtenbidea emateko bidean dira.

Irakasle guztiak etxetik ari dira lanean eta haien arteko bilerak Meet bidez egiten dituzte, baita Chat bidez ere. “Egunez egun plangintza aldatzen eta egokitzen ari gara”.

Familiek egoera nola bizi duten jakiteko, galdetegia bidali diete eskolatik. “Zein zailtasun dituzten, lan karga egokia ote den edo ez... Eta lehen erantzunak jasotzen hasiak gara”. Ikasleen jarraipen akademikoa egiten ari dira Erniobean, noski, baina baita bestelakoa ere. “Badakigu oso zaila dela pantaila aurrean, bakarrik, lan egitea eta zenbait ikaslerentzat bereziki gogorra izan daiteke hori. Horregatik, tutore bakoitza bere ikasleekin harreman zuzenean dago egunero”, azpimarratu du Olatzek. “Familiek asko eskertzen dute lortu dugun antolaketa eta tutoreen animoak jasotzea”, gaineratu du.

Ahalegin handia egiten ari dira guztiak ere: ikasleak, familiak, irakasleak... “Irakasleontzat ere oso berria da egoera hau eta egokitzen ari gara. Teknologia berrietan murgiltzera behartu gaitu, eta eskertzekoa da irakasleek elkarri laguntzeko egiten duten ahalegina”.

Jarraibideen zain daude orain Erniobeako kideak. “Bigarren ebaluaketa baloratuta dago, eta ez dakigu hirugarrenarekin nola jokatu behar dugun. Bestetik, bigarren ebaluaketatik egin beharreko errekuperazioak zintzilik geratu ziren. Irizpideak jaso zain gaude, zer egin jakiteko”, amaitu du Olatzek.

Asteasu

Asteasuko Pello Errota ikastetxean ere, telematikoki mantentzen dute harremana ikasle eta familiekin

Bide ezberdinak erabiltzen dituzte horretarako: “Gmaila, Drive, Classroom, Hangouts, Whatsapp taldeak...” Ikasleei lanak bidaltzen dizkiete eta egindakoan, bueltan jasotzen dituzte irakasleek. Ikasleak ez ezik, irakasleak ere etxean daudenez, lanak antolatu ahal izateko, irakasleen arteko bilerak ere bide telematikoak erabiliz egiten dituzte.

Larraul

Helbide elektroniko bidez jartzen dira irakasleak harremanetan familia bakoitzarekin

Larraulgo eskolako ikasleek erronka ezberdinak jasotzen dituzte egunero-egunero euren etxeetan. Helbide elektroniko bidez jartzen dira irakasleak harremanetan familia bakoitzarekin eta haurrei erronka edo ariketa ezberdinak eskaintzen dizkiete, euren etxeetan egin ditzaten.

Zizurkil

Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxean, egoera berrira moldatzeko lanean ari dira.

Zuzendaritza taldeko kideetakoa da Olatz Urraka: “Ikastetxeak itxi behar genituela esan zigutenean, Lehen Hezkuntzako ebaluazio bilerak egitea izan zen gure lehentasuna, bigarren hiruhilekoari dagozkion notak banatu ahal izateko. Telematikoki egin genituen bilera horiek, eta ondo joan ziren. Noten banaketa ere on-line egin dugu”.

Bigarren hiruhilekoa itxita, egunerokoari heldu zioten. “Haur Hezkuntzako irakasleek bideo txikiak grabatzen dituzte, erronkak jarriz, eta ikasleei helarazten zaizkie. Erronka horien erantzunak bidal ditzakete ikasleek eta jasotzen ditugunak, eskolako blogean jartzeko asmoa dugu. Umeekiko gertutasuna lortu nahi dugu modu horretan”.

Lehen Hezkuntzako gaztetxoei, lanak helarazten dizkiete, “eta aurrerantzean, bideotxo batzuk ere bidaltzeko asmoa badugu, haiengana nolabait gerturatzeko eta gizatasun gehiago azaltzeko”. Egoera asko aldatu da eskolak ixteko lehen agindua eman zutenetik gaur egunera arte: “Ez genekien itxierak zenbat iraungo zuen eta aurreneko lehentasuna etxeko lanak antolatzea izan zen. Gmail bidez bidali genizkien askori, eta eskura eman zitzaizkien gmailik ez zutenei. Momentu hartan posible zen hori egitea. Orain ezin dugu horrelakorik egin, eta erronka berria dugu aurrean. Whatsapp taldeen bidez ari gara etxerako lanak helarazten gmailik ez duten familiek ere horretarako aukera izan dezaten. Irakasleen bideoak ere jasoko dituzte”. Whatsappik ez duten familiekin telefono bidezko harreman zuzena bideratzen ari direla gaineratu du Olatzek.

Harremanaren garrantziaz aritu da Olatz Urraka: “Garrantzitsua da familia bakoitzaren inguruko berri izatea. Etxeko lanak jaso edo egiteko baliabideak ba ote dituzten edo ez jakitea ezinbestekoa da, baina horrek bezainbesteko garrantzia du, zer moduz dauden jakiteak ere: etxeko guztiak osasuntsu ote dauden, bakardadea sentitzen ote duten, lanik gabe geratu ote diren...”. Jasotako erantzunen arabera antolatuko dituzte datozen asteetako lanak.

Maila akademikoari eustea da helburuetako bat, baina baita familiak nola dauden jakitea ere. “Ez badaude ondo, zaila izango da maila akademikoari eustea. Beraz, bi puntu horietan jarri behar dugu indarra. Familiek jakin behar dute ez daudela bakarrik, komunitatea garela, taldea garela”.

Zizurkilgo San Millan eskolako ikasleek ere erronkak jasotzen dituzte etxean. E-mail bidez bidaltzen dituzte etxe bakoitzera eta erantzunak jaso ahal izateko gmail kontuak sortu dituzte. Zenbakikuntza, irakurketa-idazketa, ingelera, gorputz hezkuntza... Maila bakoitzari egokitutako erronkak prestatzen dituzte ikasleentzat eta zuzeneko harremanean daude haiekin.

Zizurkilgo San Millan eskolako ikasleek ere erronkak jasotzen dituzte etxean, e-mail bidez

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!