Koronabirusa

Ikastetxeen itzulera mailakatua izango da

Mikel Arberas 2020ko mai. 21a, 11:46

Andoaingo eta Urnietako ikastetxeen artean egindako galdeketaren arabera, Salesiar ikastetxeko Lanbide Heziketako hainbat ziklotako ikasleak izango dira lehenak. Maiatzaren 25ean ekingo diote jarduera presentzialari.

Azken egunetan zalantza ugari sortu da hezkuntzaren eta ikastetxeen inguruan. Hasiera batean maiatzaren 18rako aurreikusita zegoen ikasgeletara buelta, batxilergoko eta Goi Mailako zikloetako bigarren mailako ikasleentzako. Gerora, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak maiatzaren 25era atzeratu zuen itzulera.

Esanak esan, ikastetxe askok ez dute argi ikusten ikasketak modu presentzialean egitea; Urnietako Egape ikastolak adierazi duenez, “ez da batere erraza segurtasun eta higiene neurriak mantentzea. Batetik, ikasgelak txikiak direlako, eta, bestetik, irakasle gehiago beharko genituzkeelako. Ez da batere erraza”.

Urnietako Lanbide Heziketako hainbat ziklo, astelehenean hasita

Magale ikastetxeak adierazi duenez, euren zentroetan ikasgeletara itzulera mailakatua egingo dute. Lanbide Heziketako zikloei dagokienez, maiatzaren 25etik aurrera eskola presentzialak jasoko dituzte modulu praktiko zehatz batzuetan, talde eta ordutegi murriztuekin. Klaseen helburua landu ezin izan dituzten moduluak eskaintzea eta errefortzua behar duten ikasleei arreta berezia ematea da.

DBH4ko eta batxilergoko ikasleei ekainetik aurrera eskolara etortzeko aukera eskainiko zaie, errepasoak eta azken azterketak edo errekuperaketak egin ahal izateko. Unibertsitaterako sarbide proba prestatzeko klase presentzialak ere eskainiko zaizkie.

Horrekin guztiarekin, ikasgelak egokitzen ari dira segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko.

Oharra: Astekarian Egape ikastolak eskola presentzialak emango ez zituela jartzen du, alabaina azken uneko erabakien ondorioz modu murriztuan ikasle batzuk ikasgeletara itzuliko dira. Oraindik erabaki zehatzak hartzeko daude, baina astelehenetik aurrera ikasle batzuk eskola presentzialak jasoko dituztela jakinarazi du Egapek.

Andoaingo ikastetxeak

Aita Larramendi ikastolak ez ditu oraingoz eskola presentzialak emango. Aitor Iriondo ikastolako zuzendariak dioenez, “Ikasleak ez dira bueltatuko, oraingoz. Osasun egoera konplexua denez eta zalantzak ditugunez, ikasleak ez bueltatzea egokiena dela ulertzen dugu”.

Leizaran ikastetxean, aldiz, datorren ekainaren 1ean ikasgeletara bueltatzea aurreikusten ari da.

La Salle-Berrozpe ikastetxeak, azkenik, aste honen amaiera aldean hartuko du erabakia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!