Covid19 | Datuak egunez egun

Zortzi kutsatu zenbatu dira eskualdean azken hiru egunetan

Aiurri 2020ko abu. 3a, 13:21

Oro har Gipuzkoan kutsatuen kopuruak behera egin duen arren, Andoainen, Urnietan eta Villabonan zenbait pertsona kutsatu dira. 

Atzo, 2.476 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 156 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 20 kutsatu zenbatu dira Araban, 105 Bizkaian eta 29 Gipuzkoan; 2 gehiago Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan.

Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 9 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 5 pertsona ZIUn daude.

Eskualdeko joera

Esan bezala, Gipuzkoan positiboen kopuruak beheranzko joera izan du; baina Andoainen, Urnietan eta Villabonan 8 kutsatu gehiago zenbatu dira azken hiru egunetan. Pasa den ostiralean Urnietan kutsatutako pertsona bakarra hauteman zen, eta 3 Villabonan. Larunbatean Urnietan 3 kutsatu gehiago zenbatu ziren. Igandean, berriz, Andoainen hauteman zen PCR proban positibo eman zuen herritar batek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!