Asuncion Klinikako langileek eta herritarrek agerraldia egin dute eguerdian Tolosako Zerkausian

Aiurri 2020ko urr. 13a, 13:01

Larunbaterako antolatu duten manifestaziora joateko aldarria egin dute Asuncion Klinikako langileek eta herritarrek. 12:30ean abiatuko da Tolosako Plaza Zaharretik.

Asuncion ospitaleko konfinamendua salatzeko eta osasun arreta publikoa aldarrikatzeko agerraldia eskaini dute eguerdian Asuncion Klinikako langileek eta herritarrek, Tolosako Zerkausian.

Hauxe zabaldu duten oharra:

Kalitatezko osasun publikoaren alde, larunbatean manifestazioa

Aski da! Nazkatuta gaude!

Gaur hemen, Tolosaldeko herritar eta Asuncioneko langileak bildu gara, aski da esateko. Tolosaldeko herritarrok jasaten dugun osasun zerbitzua salatu nahi dugu, ez gaude gehiago jasateko prest.

Klinikaren konfinamendua jada egoera honekin amaitzeko unea iritsi dela eta herritarrak eta langileak elkarrekin bat, Tolosaldeko Kalitatezko Osasun Arreta eskatzeko erabili nahi dugu.

Ez da kasualitatea, konfinatze hau Tolosaldean eta Asuncionen gertatu izana, beste eskualdeetan ez bezala, hemen ospitale pribatu bat da, arreta zerbitzua eskaintzen duena eta horrek zuzeneko eragina izan du.

Langileak:

Urteak dira gure lan baldintzengatik borrokan gaudela. Urteak gure lan baldintzak duintzea eskatzen, argi dugulako, lan baldintza duinen bidez eskainiko ditugula zerbitzu duinak, kalitatekoak.

Langile gutxi gaude, gutxiegi, ez gara iristen. Gure aldetik, dena ematen dugu, baina baliabide pertsonal eta material faltek eragin zuzena dute.

Eta honek guztiak ekarri du Klinikaren itxiera eta Covid kasuak langileen artean zabaltzea. Ez ditugu maskarila egokiak izan orain arte ezta babes neurriak ere.

Ez da kasualitatea, Asuncion Klinikan Covid a zabaldu da jasaten ditugun lan baldintza txarren ondorio eta hau argi eta garbi, Klinika honen jabeen helburua osasun arreta baino, irabazi ekonomikoak direlako da.

Hori guztiagatik, herritarrekin batera gure eskubideak defendatu nahi ditugu, Asuncioneko langile baina baita Tolosaldeko herritar moduan.

Herritarrak:

Pasa den asteburuko berriek nazkatu gaituzte. Urteak dira, eskualde honetako osasun arretaren gabeziak salatzen egon direla eta garela asko.

Baina, gaur, asteburuan gure arten hitz egiten izan ostean kalera ateratzea erabaki dugu.

Ospitala konfinatu dute, bertan ingresatuak daudenak bisitarik gabe, kontsultak bertan behera, ospitalizazio berriak Irunera. Irunera!!!

Ez gaude egoera hau onartzeko prest eta argi dugu, langileek esan duten moduan hau ez dela kasualitatea. Interes ekonomikoak, osasun arretaren gainetik jartzearen ondorio da egoera hau.

Osasun Sailari, Donostiako Ospitalea bidaltzea eskatzen dugu hasteko eta ez Irunera. Bigarrenik, zer gertatu den jakin nahi dugu, nola den posible egoera hori ematea.

Argi dugu, eskualde honetan, irtenbidea Osasun Arreta Publikoa dela, %100ean publikoa, beste eskualdeetan bezala.

Horregatik, dei egiten diegu herritarrei larunbatean 12.30ean Plaza Zaharretik antolatzen dugun manifestaziora etorri eta elkarrekin Osasun Publikoaren aldeko aldarria egitea.

Asteazkena 18.00etan babes argazki masiboa Zerkausian.

Deialdia herritar eta Asuncioneko langileak egiten dugu, baina guztiok behar gara elkarri, mesedez, eragileei, zuen atxikipena eskatzen dizuegu, manifestazioarekin bat egiteko, idatzi: osasunpublikoatolosaldean@gmail.com

Mila esker!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!