Hitanoa sustatzeko ahalegin betean

Aiurri 2020ko aza. 9a, 15:06
Uxoa Elustondo eta Ainara Ansa, Villabonan.

Hitanoaren erabilera indartu eta berpizteko lanean ari dira Uxoa Elustondo Arzallus eta Ainara Ansa Irazusta billabonatarrak. Amasa-Villabonako datuak ezagutzeko galdetegia jarri dute martxan.

Hitanoa euskararen zati garrantzitsua da; egunerokoan erabiltzen zuten aurreko belaunaldiek. Baina Euskal Herriko txoko gehienetan erabilerak behera egin du azken urteotan. Bizirik mantentzekotan, bultzada, tokia eta arreta ezinbesteko ditu Uxoa Elustondo eta Ainara Ansaren ustez. Ondorioz galdetegia zabaldu eta haren emaitzak jasotakoan, hainbat ondorio atera nahi dituzte: besteak beste, amasar eta billabonatarrek hitanoaren inguruan duten ezagutza, egiten duten erabilera, erabileraren testuingurua edo erregistro horren inguruan duten iritzia. Etorkizunean, hitanoaren erabilera sustatu nahiko lukete: nokarena bereziki (hitanoaren baitan, emakumezkoekiko tratamendua), toka (gizonezkoekikoa) baino egoera larriagoan sumatzen baitute Amasa-Villabonan.

Galdetegia herritarrentzat

Amasa-Villabonan erroldatutako 14 urtetik gorako herritarrei luzatu diote galdetegia erantzuteko gonbita, “bertan jaio baina kanpoan bizi denen batek erantzun nahi badu ere egin dezake, baina Amasan edo Villabonan bizi diren herritarren erantzunak bakarrik hartuko dira kontuan ikerketarako”, argitu dute. Urriaren 30ean zabaldu zuten galdetegia euskarri digitalean, eta azaroaren 13ra arteko tartea izango da erantzuteko. 

Ikuspegi zabala hartu nahi izan dute kontuan, eta, besteak beste, ‘Nola egiten duzu familiako kideekin?’, ‘Lagunekin taldean zaudenean nola hitz egiten duzu?’, edo ‘Gustatuko al litzaizuke hika egiten duzuna baino gehiago egitea?’, moduko galderak erantzun beharko dira. Hamar bat minutu lana eskatuko du.

Sarea zabaldu

Galdera-sorta norbanakoak bete ondoren, etxekoen edo lagunen artean zabaltzea eskertuko lukete ekimenaren bultzatzaileek. Izan ere, jasotako datuen ikerketa egin ahal izateko, herritarren 361 erantzun jaso behar dituzte. “Sare ezberdinak jarri ditugu abian galdetegia ahalik eta herritar gehienengana iristeko. Borondate onenez galdetegia bete ondoren, etxekoen edo ingurukoen artean zabaltzea eskatzen dugu”. https://admin.zoom.eus/survey.html?token=Amasa-Villabona_Inkesta helbidean erantzun behar dira galderak. 

Galdetegia osorik erantzuten duten herritarren artean, Oria merkatari elkarteko dendetan gastatzeko 100 euroko erosketa-txartela zozkatuko da. 

 

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 570. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!