Bestelako pilota txapelketari ekingo zaio Guardian eta Legution

Aiurri 2020ko aza. 5a, 11:10

Nora Mendizabalek Guardian eta Legution ospatuko den pilota txapelketa berezian parte hartuko du abenduaren 20ra bitarte. Egoerak baldintzatuta bestelako txapelketa bat antolatu behar izan dute, Lau t´erdiko txapelketa bertan behera geratu ostean.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren oniritzia jasota, asteburu honetan ekingo zaio Guardian eta Legution, abenduaren 20ra arte luzatuko den txapelketa berritzaileari. Ez-ohiko egoera dela medio, bidean sor daitezkeen oztopoei irtenbideak errazago eman ahal izateko asmoarekin, hasiera batean irekia zen txapelketa gonbidapen bidezko lehiaketa bihurtu dute.

  1. Denera, bi multzotan banatutako zortzi bikotek hartuko dute parte. Andrea Aldaregia (Latasa)-Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate), Patri Espinar (Usansolo)-Naroa Agirre (Arroa), Olatz Arriabalaga (Gernika)-Ane Urkizu (Berastegi) eta Iera Agirre (Leitza)-Arrate Bergara (Bergara) arituko dira A taldean.
  2. Leire Garai (Gasteiz)-Gentzane Aldai (Orozko), Miren Larrate (Bidania)-Nora Mendizabal (Andoain), Ainhoa Ruiz de Infante (Otxandio)-Miriam Arrillaga (Aginaga) eta Amaia Aldai (Dima)-Oihana Orbegozo (Azpeitia) izango dira B taldea osatuko duten bikoteak.

Multzo bakoitzeko lehen bi bikote sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 6an eta, ezustekorik jaso ezean, finala abenduaren 20an jokatuko da, Arrigorriagan.

Nora Mendizabalen eta Miren Larrarteren partida Eitb 1ean ikusteko aukera egonen da Igandean eguerdiko 12:00etatik aurrera. Amaia Aldai-Oihana Orbegozo bikotearen aurka jokatuko dute, eta eguneko bigarren partida izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!