Aritz Egea mendi korrikalariak "Eguzkiak iraun bitartean" ekimen solidarioa burutu zuen larunbatean

Andoni Urbistondo 2020ko aza. 16a, 10:30
Aritz Egea "Eguzkiak iraun bitartean" ekimenean Izazpi mendian barrena jaisten

20.000 euro pasatxo bildu dira urretxuarrak egindako ‘Eguzkiak iraun bitartean’ ekimenean, zazpi aldiz igo eta jaitsi zuen Izazpi mendia. Super H haur minbizia eta Baila Con EM esklerosi anizkoitza gaitzen ikerketa sustatzen duten elkarteei zuzendutako ekimena izan zen larunbatekoa. 

Pasa den larunbatean izan zen eguna. Aritz Egea mendi korrikalari urretxuarrak ekimen solidario berezia burutu zuen bere parajeetan, Ezkio eta Urretxu artean. Aspaldi Ezkion bizi da Egea, eta oso ondo ezagutzen duen mendiraino, Izazpi tontorreraino joan etorrian aritu zen egun osoz, ‘Eguzkiak irauten duen bitartean’ ekimenean. Alegia, eguzkia irten zenean hasi zela korrika, gorde zen arte. Ezkion hasi eta bukatu, itzuli bakoitzak 12 kilometro luze eta 750 metroko desnibel positiboa. Beno ba zazpi itzuli oso eman zituen Egeak, gauak egunari tartea jan zion arte.

Aktibitatea larunbatean egin zen, baina ekimen solidarioa askoz lehenago hasi zen. Hainbat kirolari eta kirol elkartek musu truk emandako materiala eskuratzeko zozketa bat antolatu zuten webgune batean, eta jendeak erruz parte hartu du bertan. 20.000 euro pasa biltzeraino. Materiala eman dutenen artean kirolari ezagun asko daude: Kilian Jornet, Alex Aranburu, Markel Irizar, Gari Bravo, Pou anaiak, Alex Txikon, hainbat mendi korrikalari eta Salomon etxeko materiala, eta klub mailan, besteak beste, Reala, Athletic eta Eibarren kamisetak. Diru hori haur minbizia eta esklerosi anizkoitza ikertzeko bideratuko da oso-osorik.

Egea txikituta zegoen igandean, baina oso pozik. Egindako ahaleginagatik, baina batez ere jendarteak bere ekimenaren aurrean emandako erantzunagatik: “Ikaragarria izan da. Jende asko izan dut alboan, mendian, eta sare sozialetan ere. Poza ematen du halako ekimenek hain erantzun zabala eduki izana, indarra eman didate mendian gora eta behera ibiltzeko”. Egeak mendi lasterketetan alboan izaten dituen kideen laguntza eskertu du, batez ere Kilian Jornet bezalako izar mediatikoena: “Ikaragarria izan da nola bolkatu den ekimenean, materiala emanez, bere sare sozialetan ekimena zabalduz… Live edo zuzeneko bat egiteko zorian egon ginen Instagram bitartez, baina ez zen garaiz iritsi, pena”.

20.000 euro kopuru polita da, Egearen ahotan, baina dirua baino garrantzitsuagoa omen dirua bideratuko zaien elkarteei ematen zaien ikusgaitasuna: “Lan ikaragarria egiten dute, ia beti isilpean, eta orain oihartzun mediatiko polita lortu dute Super H eta Baila Con EM elkarteek. Asier de la Iglesia azken elkarte horretako kidea da, saskibaloi jokalaria. Txikitatik ezagutzen dut, eta bi elkarteei laguntzea motibazio iturri izan da niretzat”. Egeak badauka zerbait buruan, pandemia bukatzen denerako, jendea mendira aske joan daitekeenerako, tamainako ekimenen bat antolatzeko, baina forma ematen ari da eta bere momentuan jakinaraziko du zertan ari den.

Super H elkartea, eskertua eta pozik

Super H elkarteko arduraduna da Almudena Salas urnietarra, eta elkarteko sare sozialetan agiria argitaratu zuten. Igandea luze  gogoratzeko eguna  izango dela diote, “baldintzak hoberenak izan gabe ere, ero-altruista talde txiki batek egin ezin duenik ez baitago”. Diruari baino beste balore batzuei ematen die garrantzia elkarteak: “Diru asko bildu zen, 20.000 € baino gehiago, baina eskuzabaltasunean, talde lanean eta elkartasunean askoz gehiago bildu zen”. Hainbat komunikabidek deitu omen zieten, eta haiei garbi esan zieten tamainako ekimenak oso beharrezkoak direla euren moduko elkarteentzat, ikusgaitasuna lor dezaten.

Ikusgaitasuna, euren helburuak jendarteari jakinarazteko. Hauek, zehazki: dituzten osasun-gabeziak agerian utzi, dagokiona ikerkuntzan inbertsio handiagoa egiteak ze garrantzia daukan jabetzea, eta Egearen moduko ekimenek guztiontzako osasun publiko on baten beharra azpimarratzea. Horregatik, Super H elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkio Egeari: “Eskerrik asko Aritz, eta zure ondoan egon zen talde ikaragarriari geurea bezalako elkarte txikiei ikusgarritasuna emateagatik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!