Lan istripuek ez dute etenik

Aiurri 2020ko abe. 18a, 09:35

Gehiengo sindikalak elkarretaratzea antolatu du, Donostian.

Sindikatuek emandako datuen arabera, “dagoeneko eta pasa den urtearekin alderatuta lan istripu hilgarriek %50ean egin dute gora. Aste honetan 4 langilek bizitza galdu dute lanean”.

LAB sindikatuaren ustez, “Administrazioek ez dute gaia agenda politikoan kokatzen, sarraski honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako, egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pausu bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu”.

LABek eredu berri bat gauzatu behar dela uste du, langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB: “Dagoeneko eta pasa den urtearekin alderatuta lan istripu hilgarriek %50ean egin dute gora. Aste honetan 4 langilek bizitza galdu dute lanean”

ELAk emandako datuen arabera, “gutxienez 14 behargin hil dira Gipuzkoan, ia erdia garraio sektorean. Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, behin eta berriro, modu sistematikoan. Prekarietate egoera hauek are larriagoak dira garraio sektorean”.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean: “Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz”.

ELA: “Gutxienez 14 behargin hil dira Gipuzkoan, ia erdia garraio sektorean"

Lan-istripuen aurkako hitzordua:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!