Ezjakintasuna kirol jardueretan

Mikel Arberas 2021ko urt. 21a, 11:49
Ander Setien, Nagore Huizi eta Asier Iraola, hurrenez hurren

Ezjakintasun handia nabari handia da kirol munduan, batez ere, maila ez-profesionalean jokatzen dutenentzat. Gauzak horrela talde ezberdinetako hiru kiderekin elkartu da Aiurri. Kirola ezinbesteko jardueratzat jo dute hirurek.

Epe erdi eta luzera planak egitea ezinezko bilakatu da, pandemia garaian. Egoera azaltzeko hiru kirolarien lekukotza jaso dugu.

Ander Setien, Euskalduna Futbol taldeko jokalaria

Egutegi gorabeheratsua edukitzen ari zarete aurten?

Aurredenboraldia oso berandu hasi genuen, abuztu amaieraldean. Denboraldia ere berandu samar eta, gainera, lehen jardunaldia soilik jokatu genuen. Beraz, denbora luzez jokatu gabe egon ostean, abendu amaieran berriro ere entrenatzeari ekin genion. Gauzak horrela, dagoen egoera ikusita ez dakigu partida gehiago jokatuko diren ala ez. 

Zer jazoko da ligarekin partida gehiago jokatzen ez badira?

Denboraldia partida bakarra jokatuta amaituko balitz, guztia bertan behera geratuko litzatekela pentsatzen dut. Maila igoerak ez lirateke egongo; izan ere, pasa den urtean izan ziren, eta era berean, ez zen talderik jaitsi. Gauzak horrela, nolabait esateko, oreka hautsi zen. Hala ere, zaila da asmatzea Federazioak zer egingo duen.

Kirolaren mundua ez-egonkorra dirudi; martxan jarri eta gelditu, denbora guztian...

Mugak eta neurriak jarri egin behar dira, baina arau horiek logikarekin eta zentzuarekin ezarri behar dira. Batez ere, arlo honetan aritzen garenok gauzak argi edukitzeko. Horrenbeste aldaketa egin dira, nahasmena sortzen dela sarritan. 

Askok diote kirolean ez dela ia kutsatzerik gertatzen, zer diozu?

Aurredenboraldian, taldean jokatzen hasi ginenetik ez dugu positibo kasurik eduki. Egia da, mementoren batean jokalariren batek etxean geratu behar izan duela entrenatzera etorri gabe PCR probaren zain zegoelako; baina zuzenean kutsatzeengatik entrenamenduak ez zaizkigu bertan behera geratu. 

Futbola kanpoan jokatzen denez eta kontaktu estua ez dagoenez, ez zait iruditzen arrisku handia dagoenik. Bestalde, ulergarria da lanean ari direnak entrenatzera ez etortzea, kutsatzeengatik lana egiteari uzteko arriskuagatik. Hala ere, horrelako egoerak ekiditeko, Euskaldunak protokoloa bidali digu eta oinarrizko higiene neurriak zehatz-mehatz betetzen ditu. 

Kirola osasuna omen da...

Kirola sustatu egin behar da. Neurriak askotarikoak izan daitezke, baina kirola ezin da geratu. Alde batetik, memento jakin batean koronabirusaz kutsatzen bazara, frogatua dago kirolak gorputza indartzen duela gaixotasunari aurre egiteko. Beste alde batetik, sedentarismoa asko areagotu da itxialdi garaian, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da kirola egitea. 

Nagore Huizi, Urnieta KE taldeko entrenatzailea

Kadete mailakoen entrenatzailea Urnietan eta, bitartean, Andoain eremu gorrian…

Urnietan entrenamenduak egin daitezke, baina egia da nire kasuan zailtasunak ditudala leku batetik bestera mugitzeko. Hau da, ez daukat Eusko Jaurlaritzaren baimen berezirik, kontratu hutsarekin mugitzen ari naiz, langile gisa. Hiru entrenatzaile gara eta batek kale eginez gero, beste biak airean geratzen dira. 

Denboraldia berrekingo den badakizu?

Adierazi digutenez, seguruenik otsailaren 7an berrekingo diogu denboraldiari. Ulertzen dugu, taldeak entrenatzeko eta prestakuntzarako denbora behar duela. Hala ere, nire zalantzak ditut ea otsailaren 7an benetan lehiatzen hasiko garen. 

Taldeak aldaketa asko pairatu ditu?

Aldaketak egon dira, bai. Esaterako, jokalari batek etxean bizi duen egoera dela medio, denboraldi honetan entrenatzera ez etortzearen erabakia hartu du. Horrez gain, betikoa, kutsatze arriskuagatik eta konfinamenduengatik jokalariak batzuetan etxean geratu behar izan dute, horrek taldean duen eraginarekin. 

Entrenamenduak bertan behera geratuko diren beldur zara?

Mesfidati nago denboraldia bertan behera geratuko ote den. Beste erabilien artean, federazioan esan dutenez aurtengoan ez da maila jaitsierarik ez igoerarik egongo. Erabaki horrek geure taldeari negatiboki eragin dio, pentsatzen baikenuen talde indartsua genuela igoera eskuratzeko. Itxaropena guztiz zapuztua geratu da. 

Futbolean kutsatzeko arriskua murritza dela diote…

Geure taldean ez da positiborik egon, ezta arrisku mementorik ere. Kutsatze arriskuren bat sumatuz gero, entrenamenduak bertan behera utziko genituzke. 

Bestalde, nabarmendu nahi dut kirola oso garrantzitsua dela; bizi dugun egoeraren aurrean, inflexio puntua da. Azken finean, geure askatasuna mugatua dagoen garaian, kirola lagunekin egoteko gunea eta egunerokotasunetik ihes egiteko tresna da. 

Zera gehitu nahi dut, amorratu egiten nauela kirol ez-profesionalari horrenbeste muga jartzea, eta beste maila batzuetan lehiatzeko eta entrenatzeko askatasun guztia edukitzea. Ez da bidezkoa. 

Asier Iraola, Eibar futbol taldeko atezaina

Eibar futbol taldeko atezaina zara, eliteko taldetzat jo dezakegu zurea?

Ni ez naiz kontsideratzen eliteko jokalaria, izan ere, semi-profesionalak hirugarren mailatik aurrerakoak izan ohi dira eta nire taldea ez dago maila horretan. Hala ere, esan beharra dago, jasotzen dugun tratua eliteko taldearena dirudiela. 

Nola hasi zenuten denboraldia?

Lehenik eta behin aurredenboraldiari ekin genion, inoiz baino beranduago; abuztu erdialdean hasi ginen entrenatzen. Lagunarteko asko jokatu ezin zirenez, batez ere, entrenamenduak egiten genituen. Ondoren, lehen jardunaldia jokatu genuen eta, bat-batean, guztia bertan behera geratu zen. 

Nolakoa da gazte baten egunerokotasuna Eibar futbol taldean?

Gehiengook goizetan ikasi egiten dugu eta arratsaldeetan Eibarrera joaten gara. Hara iristean, entrenamendua hasi baino lehenago, prebentzio lanak egin eta masajistarena joaten gara. Gehitu beharra dago, egunaren eta astearen arabera entrenamendu ezberdinak egiten ditugula. Esaterako, astean bi egunetan, indar-lanak burutzen ditugu eta, ondoren, baloiarekin entrenatzen dugu. 

Saioa amaitzean berriro ere masajistarena joaten gara, sortu daitezkeen ondoezak ekiditeko. Astean lau entrenamendu eta partidua eduki ohi ditugu. Aurtengo egoera dela medio, beharraren arabera aldaketak izaten ditugu entrenamenduetan.

Egia da Eibar apur bat urrun geratzen den hiria dela eta batzuetan bidaia astuna egiten zaidala; baina badakizue, esaerak dioen bezala, gustuko lekuan aldaparik ez. 

Eibar bezalako talde batean prebentzio neurri zorrotzak izango dira, ezta?

Protokoloari dagokionez, oso zorrotzak dira; astero errepasatzen ditugu neurriak. Sei pertsonako taldetan entrenatu ohi dugu, guneka banatzen gara, esaterako, Donostialdekoak, Bilboaldekoak eta Eibarrekoak. Honela, positibo bat antzemango balute, talde guztia konfinatu beharrean, ingurukoak soilik etxeratu beharko lirateke. Azpimarratu nahi dut, oraingoz geure taldean ez dela kasurik agertu. 

Neurri horiez gain, entrenamenduetara joan ahal izateko PCR proba egin ziguten eta oinarrizko higiene neurriak zorrotz betetzen ditugu. 

Eibarko atezaina izanik, Euskal Herritik mugitzeko "askatasuna" duzu? 

Bizkaitarrek eta Donostialdekook ziurtagiri berezi bat daukagu entrenatzera joan ahal izateko. Andoaingo kasuan, gorrian egonda ere, baimena erakutsita arazorik gabe joan gaitezke Eibarrera.

Badakizu ligarekin zer gertatuko den?

Ez dakigu ezer. Federazioak esaten duena egin beharko da eta haiek hartuko dituzte neurriak. Bestalde, aukera dagoen bitartean entrenatzen jarraituko dut, lehen esan bezala segurtasun eta higiene neurri zorrotzak hartuta, betiere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!