Aiztondo Klasikaren edizio berria, datorren martxoaren 14an

Andoni Urbistondo 2021ko ots. 23a, 08:00

Eskualdean barrena ikusiko ditugu, laster, profesional mailako atarian dabiltzan txirrindulariak. Aiztondo Klasika bueltan da, iazko etenaldia eta gero. 

Lasterketa bitan bakarrik geratu da bertan behera. Lehena elurragatik, Alkizan bukatu behar zuen ekitaldian, eta bigarrena iaz, proba korritu bezperan agintariek osasun alarma egoera indarrean jarri zutenean. Covid-19 izurriteak bete-betean harrapatu zuen txirrindularitzako egutegi nagusia, eta 2020koa lasterketarik gabeko udaberria izan zen. Egoerak ez du nabarmen hobera egin, geroztik. Baina, pixkanaka, birusarekin elkarbizitzen ikasten ari gara. Ezustekorik ezean, beraz, martxoaren 14an Aiztondon barrena lehiatuko da gazteen tropela.

Goi mailako txirrindularitza proba da, bertan egiten den lasterketarik garrantzitsuena. Etorkizun hurbilean profesional mailan arituko diren lasterkariak ikusteko aukera paregabea.

Datarekin gorabeherak izan dira, maiatzean egiteko aukera mahai gainean izan baita. Baina Espainiako federaziotik etorritako proposamenak ez du antolatzaileen oniritzia jaso, eta Aiztondokoa martxoan egingo da.

Probaren inguruko informazioa luze eta zabal agertuko da hurrengo Aiurri hamaboskarian. Lasterketaren antolatzaileetakoa den Xabier Usabiagaren adierazpenak jasoko ditu Aiurrik.

Eguraldia lagun izanez gero, lasterketa ikusgarria da txirrindularientzat nahiz ikusleentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!