Kalera atera dira Gipuzkoako supermerkatuetako langileak, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzeko

Aiurri 2021ko api. 9a, 11:09
Iturria: ELA sindikatua

Gipuzkoako supermerkatuetako kutxazainek Eusko Jaurlaritzak txertoa kentzeko hartutako erabakia salatu dute Donostian. Izan ere, azken horrek erabaki du supermerkatuetako langileak txertaketa-protokolo espezifikotik kanpo uztea. Ondorioz, langileek, dinamika orokorraren parte izanik, adinaren araberako txertaketa jasoko dute, bakoitzari dagokionean.

Horiek horrela, ELA ez dator bat Eusko Jaurlaritzaren erabakiarekin, zeren, sindikatuaren esanetan, "etengabeko arriskuan" egin ohi baitute supermerkatuko langileek beren jarduna: "Agerikoa da egoera hori ez dela egun batetik bestera aldatu eta Kutxazainek lehen lerroan eta arriskuan jarraitzen dutela".

Bestalde, adierazi dute isilpean mantendutako erabakia izan dela, eta salatu egin dute publiko egin ez izana. Gaineratu dute "bitxia" egin zaiela jarrera hori, supermerkatuetako kutxazainentzako txertaketa-kanpainaren hasieraren berri ematen zuen gutuna jaso baitzuten orain aste batzuk, Osasun Arloko Sailburuordeak sinatuta: "Orduan bai, era publikoan eta sinaduraz egiteko arazorik ez zuen izan Eusko Jaurlaritzak".

Eusko Jaurlaritzaren gardentasun ezak sindikatuaren haserrea eragin du: "Eusko Jaurlaritzaren iturri, dokumentu edo protokolo ofizialek ez dute oraindik irizpide aldaketa hau jasotzen, eta Osalanen ez dago honi buruzko inolako informaziorik".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!