UEMAn sartu dira Amasa-Villabona eta Zizurkil

Ainhoa Gil 2021ko mai. 29a, 18:11

Amasa-Villabonako Gure aretoan egin dute gaur UEMAko batzar orokorra. Bertan erabaki dute Amasa-Villabona eta Zizurkil Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide gisa onartzea.

UEMAren sorreraren 30. urteurreneko batzarra izan da gaurkoa. 1991an sortu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Aizarnazabalen egindako festan. Urteurren borobila da aurtengoa, baina egoerak ez du utzi behar bezala ospatzen. Amasa-Villabonan egindako batzarrean, urte hauetako errepasoa egin dute, eta egoerak uzten duen bezain laster, ospakizun handia egiteko asmoa dutela iragarri dute.

Gaurko batzarraren puntuetako bat, Amasa-Villabona eta Zizurkil mankomunitateko kide gida onartzea zen. Aho batez onartu dituzte bi herriak eta honenbestez, 90 herriz osatuko da mankomunitatea. Bi herriak onartuta, ekitaldi instituzionala egin dute eta bertan izan dira euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok nabarmendu duenez, “erdaren erauntsiari aurre egiteko, euskararen ekosistema osoa elikatuko duen egiturazko neurri sendoak behar ditu euskarak, urte askoan egin dugun bidea eta lana benetan loratu dadin”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!