Manifestazio orokorra, “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” kanpainari amaiera emateko

Aiurri 2021ko urr. 19a, 10:07

Sare Herritarrak manifestazio orokorra antolatu du hilaren 23an; “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” kanpainari amaiera emateko, salbuespen legediarekin amaitzeko ordua dela  eta etxerako bidea egiten hasiak direla aldarrikatzeko. Horregatik, Aiztondo bailaratik bertaratzeko deia zabaldu nahi da. 

Maiatza amaieran hasi eta herriz herri, eskualdez eskualde eta herrialdez
herrialde martxan izan den dinamika honekin ekimen kate izugarria osatu du Sare Herritarrak 
“Ibilian- Ibilian, etxerako bidean!” lelopean. Azken ekimena urriaren 23an izango da; manifestazio orokorra hain zuzen. Donostian egingo dute, Antiguatik abiatuta, arratsaldeko 17.00etan. 

"Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara, buru-belarri, hasitako bideak etenik izan ez dezan, erdibidean gera ez gaitezen eta, berandu baino lehen, amaieraraino garatu dezagun."

Horretarako, bi aldarri nagusiren baitan dihardute lanean: euskal preso guztien euskalherriratzean eta graduen progresioan. Hori da, hain zuzen, hurrengo hilabeteetan ahalbidetu nahi dutena; euskal herritarrak diren heinean zigorra bertako espetxeetan betetzea, eta,  presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituta, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. 

"Etorkizunari ateak zabaltzeko unea iritsi da, probestu dezagun, ibilian, ibilian
egin dezagun etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea."

 


-

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!