Beterri-Buruntzako Mankomunitate berriaren aldeko apustua berretsi du EH Bilduk

Aiurri 2021ko aza. 29a, 19:32

Buruntzaldeko EH Bilduko udal taldeen alkate eta zerrenda buruak prentsaren aurrean agertu ziren joan den ostiralean, datorren urtarrilean eratuko den Beterri-Buruntzako Mankomunitatea balioan jartzeko. Adierazi zutenez, “azken hamar urteotan Buruntzaldeko EH Bilduko udal taldeek, oposizioan nahiz gobernuan aritu, apustu garbia egin dugu eskualdeko garapen sozial eta ekonomikoaren aldeko hitzarmenak eta ekimenak bideratzeko. Aurrerantzean, Mankomunitatean are eta ahalegin handiagoa egingo dugu”.

Xabier Urdangarin (Astigarraga), Agurtzane Solabarrieta (Usurbil) eta Xabier Lertxundi (Hernani) alkateak, eta Andoni Alvarez (Andoain), Jon Martin (Lasarte-Oria) eta Ainara De Miguel (Urnieta) zerrendaburuak agertu ziren prentsa aurrean.

 Guztien bozemaile gisa aritu zen Lertxundik esan zuen EH Bilduko Buruntzaldeko ordezkari politikoek mankomunitate indartsu bat nahi dutela, “eskualdeko eragileak (langileak, ekintzaileak, enpresak, formakuntza zentroak, udalak…) era egokian artikulatu ahal izateko. Beraz, Mankomunitate proaktibo bat nahi eta behar dugu, ekimen handikoa, erronkak mahai gainean jarri eta behar diren baliabideak jarriko dituena”.

Hernaniko alkateak gaineratu zuenez, “eskualdean ia 75.000 pertsona bizi gara, formakuntza zentro garrantzitsuak ditugu, 6.000 enpresa inguru… Ekosistema sozial eta ekonomiko aberatsa dugu, ekimen handikoa, epe labur, erdi eta luzera erronka handiak dituena: enplegu inklusiboa, trantsizio energetikoa...”.

 

Beterri-Buruntzako Mankomunitatea, urtarrilean abian

Agerraldian gogoratu zutenez, Buruntzaldeko udalak (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) duela hamarkada bat hasi ziren garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloan elkarlanean, eta geroztik, “enpleguaren, sustapen ekonomikoaren eta tokiko garapenaren arloko hainbat proiektu eta zerbitzu eskaini dituzte, hainbat hitzarmenen bidez. Lankidetza hitzarmen horiek emankorrak izan dira eta, garapen agentziarik gabeko Gipuzkoako eskualde bakarra izanik ere, hainbat arlotan aitzindari izan gara, bereziki enplegu inklusiboaren arloan”.

Landutako proiektu horien kopurua, tamaina eta irismena handitu diren heinean, lankidetza hitzarmenen mugak nabarmen agertu direla aitortu zuen Xabier Lertxundik, “gabezia horri erantzuteko, sei udalek Beterri-Buruntza Mankomunitatea sortuko dute. Egitura iraunkor indartsu bat behar dugu eskualde gisa garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloan jarduteko”.

Horrela, joan zen irailaren 13an, eskualdeko zinegotzi guztiek mankomunitate  berriaren estatutuak onartu zituzten Andoainen egindako batzarrean. Ondoren, sei udaletako osoko bilkurek estatutuak onartu zituzten. Hurrengo urteko urtarrilean azkenik, Beterri-Buruntza Mankomunitatea eratuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!