Ariguneak Euskaraldiak irauten duen epean euskaraz lasai aritzeko gune edota eremuak izango dira. Hala, 15 egun horietan euskararen babesgune eta eragile bihurtuko dira. Izan ere, Ariguneen eragina handia da, entitatean bertan euskara erabileran urratsak emateaz gain, herrian eta herritarrengan eragile direlako.
Ariguneetako partaideek, ahobizi eta belarriprest gisa, hizkuntza-ohiturak euskaratzeko praktika kontzientea egingo dute Euskaraldiak irauten duen bitartean. Beraz, ahobiziek euskaraz egingo dute euskaraz ulertzen duten kide guztiekin eta belarriprestek aldiro erabakiko dute zein hizkuntza erabili, eta haiekin euskaraz egiteko eskatuko diete dakitenei. Hartara, euskara erabili nahi duten entitate barneko kideek, baita bezeroek zein erabiltzaileek ere, horretarako aukera izango dute. Era berean, euskara ulertzen dutenek euskara-maila hobetzeko gune aproposak izango dira.
Izena eman ez dutenek urriaren amaierara arte izango dute horretarako aukera, Euskaraldiko web orrialdean. Joan den edizioan parte hartu zuten entitateek datuak eguneratu beharko dituzte, eta berriek, aldiz, izena eman beharko dute.
Dagoeneko hainbat Arigunek izena eman dute
Andoaingo zenbait entitate hasi dira jada martxan, besteak beste: Adats ileapaindegia, AEK, Aita Larramendi Ikastola, Aiurri-Erroitz, Amabi haur eta gazte jantziak, Bai Euskarari Elkartea, BBVA, Belkoain fisioterapia, Bira produkzioak, Caixabank, EHB Bilgunea, Elkar, Emagin, Emun kooperatiba, Euskaltzaleen Topagunea, IZT kooperatiba, Kabia, Laboral Kutxa, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, Memora-Vascongada ehorzketa taldea, Plastigaur, Punttuka bertso eskola, Rural kutxa eta UVESCO.
Argibideak
Albisteari itsatsitako bi bideoetan oso modu argigarrian agertzen da Arigune modura izena emateko prozedura zein den.