Zer moduz doaz prestaketa lanak?
Joseba Labaka: Oso gustura gaude orain arte emandako pausoekin. 180 korrikalarik eman dute izena dagoeneko, eta herriko boluntarioen, Udalaren eta babes komertzialen aldetik ere aldeko jarrera sumatu dugu.
Iazko edizioa amaitu zenean kezka bat barneratu zitzaigun: ea berria zelako eduki ote zuen arrakasta lasterketak; eta ea ez ote zitzaigun gehiago kostako bigarrena egitea. Nolanahi ere, korrikalariek eta mundu honetan sartuta dauden batzuek animoak eman zizkiguten: “Zaudete lasai, korrikalariei zein ikusleei lasterketa, ibilbidea, parajeak, antolakuntza... gustatu bazaizkie, berriro itzuliko zaizkizue”. Bada, etorri zaigu antolatzeko unea, eta ikusten ari gara gauzak modurik onenean gertatzen ari direla.
Iazko edizioak zer ikasirik utzi al zizuen?
J. L.: Barruan genbiltzanok akatsak ikusi genituen. Kanpotik heldu zitzaizkigun iritziak, ordea, baikorrak izan ziren denak. Bertaratu zen askok aitortu zigunez, oso ikuskizun politaz gozatzeko aukera izan zuten paraje naturaletan. Korrikalariek, berriz, oso proba latza izan zela adierazi ziguten helmugara iritsi orduko. Hala ere, badakigu nahiko masokistak direla mendiko korrikalariak; egin kontu, egunotan izena ematen ari diren ia guztiak iazko parte-hartzaileak dira!
Herrian jakin-minik nabari al duzue?
J. L.: Jendeak iaz ezagutu izan zituen lasterketa honen ezaugarriak. Nolanahi ere, esango nuke askoren sabeletan badabilela kilima bat lasterketa eguna hurbiltzen ari den heinean. Jendea kontsultak egiten ari zaigu ibilbidearen inguruan. Interes hori asetzeko, besteak beste, mendi martxa antolatu genuen ibilbidean zehar lehengo igandean. 20 bat lagunek hartu zuten parte, oinez batzuek, lasterka besteek.
Iazko edizioarekin alderatuz, ba al da aldaketa nabarmenik?
J. L.: Oso gutxi, oinarrizkoari eusten diogu. Lehengo urtean erronka galanta jarri genion geure buruari: sendotua bai, baina ez aurrera ez atzera ere bazegoen Adarrako igoera berritzea. Ez zen erraza mendi lasterketen panoraman berrikuntza erakargarri bat aurkeztea, baina lortu genuela uste dugu. Gauzak horrela, lortutakoa egonkortzeko hiruzpalau urtetako epea jartzea erabaki dugu. Eta gero gerokoak.
Eliteko lasterkariak eta herrikoiak, biak uztartu nahi izan zenituzten iaz...
J. L.: Gu herrikoien aldekoak gara. Beraien bizkar egoten da mendi proba baten arrakasta, eta hortik jo nahi dugu berriro. Aldi berean, hala ere, argi daukagu elitekoek fama ematen diotela lasterketari, eta zaindu beharra dagoela arlo hori ere. Egia esan, zaila daukagu aurtengoan; izan ere, egun berean Espainiako txapelketako proba jokatzen da Castron, eta beldur gara eliteko asko ez ote diren hara joango. Esaterako, iaz podiuma osatu zuten Imanol Goñi, Oier Ariznabarreta eta Hassan Ait Chau ez datoz hona.
Gauzak horrela, eta okerrik ez bada, bertan izango ditugu Jokin Lizeaga eta Jon Urdangarin urnietarrak edota partaidetza osoaren %80 osatzen duten Donostialdea, Buruntzaldea eta Tolosaldeako hainbat korrikalari. Tartean elitekoak eta herrikoiak daude, Castrora joango direnen maila dutenak edo azkarragoak direnak, eta ziur gara oso lehiaketa polita eskainiko digutela.
Zer moduz doa emakumeen parte-hartzea?
J. L.: Sei emakumek eman dute izena oraingoz. Oso portzentaje baxua da, eta pena ematen digu horrek. Lasterketa sortu genuenean sarien arloa zaindu genuen bereziki; horrela, lehenengo hamarrentzat, lehenengo hiru beteranoentzat eta lehenengo hiru urnietarrentzat jarri genituen sariak. Hala ere, 21 baizik ez ziren izan parte hartu zutenak. Ez dakigu nola asmatu... Errealitatea da emakumeek nahiago dituztela errepideko lasterketak eta distantzia motzekoak, baina horrek ez gintuzke zertan konforme utzi behar.
Zertan da boluntarioen arloa?
J. L.: Iaz 150 lagunetik gora aritu ziren antolaketa lanetan, Urnietako herritarrak, elkarteetakoak, Xoxoka auzokoak... Txalogarria izan zen denek ere auzolanerako erakutsi zuten jokabidea. Aurten gauza pozgarria gertatzen ari zaigu: oraindik inori laguntza eske hasi ez garen arren, jada deiak ari gara jasotzen galdetuz zer egin behar duten aurtengo proban.
Urnietako Udalarekin eduki al duzue harremanik?
J. L.: Iaz gustura geratu ginen bi aldeak burutu genuen elkarlanagatik, eta aurtengorako ere babes guztia agindu digute; urtarrilean hitz egin genuen eta laster sinatuko dugu lankidetzarako hitzarmena. Udala konturatzen da Aspanogi elkarteak (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea) zenbat baliabide eta ahalegin jartzen dituen lasterketa honetan, eta zenbateko onurak ekartzen dizkion herriari.
Enpresa pribatuek iaz bezainbat erantzun al dizuete?
J. L.: Bai, gehienek. Nahiz eta batek uko egin eta besteak laguntza murriztu, gainerakoek gurekin segitzen dute, eta eskertzekoa da hori bizi ditugun garaiak kontuan hartuta.
Diruz lagunduko diguten Aizkibel harrobiaz eta Kutxaz gain, hainbat enpresa daude mota askotako materiala eta produktuak (jantziak, jakiak, fruta, edari isotonikoak, barrita energetikoak...) eman edo merkeago salduko dizkigutenak. Iazko guztiek errepikatuko dute, eta anekdota moduan, esan dezakegu Bartzelonako bi enpresak hots egin digutela, guk ezer esan gabe, barritak eta salda tetrabriketan eskainiz.
Ingurura begiratuta, bereziki aipatu behar dugu Onbizi elkarteko komertzioek, Barberena y Mahedero enpresak eta Super Amarak eskainiko diguten laguntza.
Aspanogirentzat izango dira diru irabaziak berriz ere...
J. L.: Bai, hasiera-hasieratik helburu sozial horri begira jaio baitzen lasterketa. Iaz 2.000 euro izan ziren elkartearentzat, eta aurten ere antzeko kopurua bilduko delakoan gaude.