Nola eman duzu profesionaletarako jauzia?
Mikel Iturria: Ezusteko pozgarria izan zen niretzat. 2012ko urrian, hirugarren denboraldiari ekin nion Natur Gas taldearekin, afizionatuen mailan. Urtarrilaren bukaera aldera, ordea, taldeko argazki ofizialak ateratzen ari ginela Migel Madariaga hurbildu zitzaidan, eta Euskadi Fundaziorako gonbita egin zidan. Hurrengo astean bertan, Mallorcako itzulian parte hartu nuen, profesionaletan.
Iaz aipatu zenuen ahaleginak eta bi egingo zenituela profesionaletara iristeko...
M. I.: 21 urte ditut eta bi urteko epea jarria nion neure buruari gogor ahalegintzeko, izan ere, behin 23 urtetik aurrera oso zaila izaten da jauzia egitea. Afizionatuetan inoiz ez duzu itxaropena galtzen, baina ez nuen espero deialdia horren azkar etorriko zenik. Are gutxiago, behin denboraldia hasita.
Zer moduzkoak izan dira lehenengo aste hauek?
M. I.: Gustura nago, defendatu naizela iruditzen zait. Mallorcan lau etapetako itzulia izan zen eta segidako asteetan Almeria eta Murtziako klasiketan lehiatu nintzen. Hurrengo hitzordua martxoaren 30ean daukat, Indurain saria Lizarran; ondoren, berriz, Errioxa zein Zornotzako klasikak eta Gaztela-Leongo itzulia datoz.
Ia hilabete lehiatik kanpo igaro dut, batetik ondoezik egon naizelako, eta bestetik, etapa gutxi izaten direlako. Hala ere, nahiko pozik nago egindako lanarekin. Ahulaldia harrapatu nuen Mallorcako azken egun hura kenduta, ondo ibili naiz beti, eta uste dut tokia egiten ari naizela tropelean.
Errespetua eragingo zizun mailak...
M. I.: Hasieran, errespetua eragin zidana artean telebistan ikusten nituen profesionalen tropel berean ibiltzea izan zen. Hori bai, beldurrik ez dut sentitu inoiz.
Zer moduz taldean?
M. I.: Giro ona sumatu dut. Izan ere, taldeko hamar txirrindulariak, bat izan ezik, denak euskaldunak gara eta elkarren ezagunak lehendik ere.
Formazioko taldea da, eta pazientzia beharko da gurekin, ez baitugu berehalakoan emaitza ikusgarririk lortuko. Alde horretatik, taldeko arduradunek ez digute gehiegi eskatzen garaipenak lor ditzagun.
Alderik sumatuko zenuen afizionatuetatik profesionalen mailara...
M. I.: Lehiaketa kopurua eta etapek dauzkaten distantziak izan daitezke bi diferentzia nabarmenenak. Afizionatu mailan, beti berbera da dinamika: astegunetan entrenatu eta asteburuetan lehiatu. Profesionaletan lehiaketa egunak urriagoak dira, eta asteko edozein egunetan izan daitezke. Kilometroei dagokionez, berriz, 120tik 180ra igaro gara. Egia esan, fondoko txirrindularia naiz, ez naiz batere ¨esplosiboa¨, eta zenbat eta ibilbide luzeagoak izan, hobe niretzat.
Zein dira etorkizunari begira dituzun helburuak?
M. I.: Eguneroko lanean saiatu nahi dut gogoz, oso urrunera begiratu gabe. Ez dakit non izango naizen hurrengo urtean, eta beraz, epe motzekoak dira nire helburuak: gogor aritzea, ikastea eta gozatzea denboraldi honetan.
Bizikletan zentratuta nago erabat oraintxe; unibertsitateko ikasketak gerorako utzita dauzkat, eta soilik ingeleseko klaseak hartzen ditut.
Diziplina zorrotza beharko al duzu?
M. I.: Hemen ez dago sekreturik: entrenatu, entrenatu eta kilometroak pilatzea besterik ez. Jubeniletan ikusten du batek zein gogorra den txirrindularitza, eta maila honetara iritsi bazara esan nahi du ikasgaia ondo ikasita zaudela. Zerorri ez bazara zaintzen eta zeure buruari ez badiozu gogor egiten, alferrik da inor etortzea zer egin behar duzun agintzera.
Txirrindulariaren bizimodua baino gogorragoa da edozein langilerena, goizean goiz jaiki eta zortzi ordu pieza berdinak egiten pasa behar duenarena. Okerren daramadana, asteburuetakoa da: lagunak parrandara irteten diren bitartean, etxean geratu behar! Gainerakoan, nik gozatu egiten dut bizikletaren gainean.
Honezkero bateren bat hurbilduko zitzaizun profesionaletan aparteko sustantziarik hartzen ote duzuen galdezka...
M. I.: Inork ez dit horrelakorik galdetu. Gaur egun oso kontrol zorrotzak egiten zaizkie txirrindulariei. Nik sei probatan hartu dut parte orain arte, eta ezer arrarorik ez dut ikusi. Konturatzen bagara, oraingo polemika hauek guztiak orain hamar bat urtetik datoz. Orduz geroztik, batez besteko abiadura mantsotu egin dela diote adituek, eta halaxe da. Ni errepidera pasta, entsalada eta oilaskoa janda joan naiz beti eta horrelaxe segitzen dut. Orain hamar urte debutatu izan banu, akaso etsita itzuliko nintzatekeen etxera, bizikleta uzteko moduan.