Joan den astearteko osoko bilkuran eman zion hasierako onarpena Urnietako Udalak Gazte Lokalen ordenantzari, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko zortzi botorekin eta Bilduren aurkako bostekin.
Maribel Vaquero EAJko ordezkariak azaldu zuenez, 2011. urtearen amaieran hasi ziren ordenantza honekin lanean. Herriko gazteekin, bizilagunekin eta lokal horien jabeekin bildu ziren, proposamena aurkeztu eta euren ekarpenak egiteko aukera emanez. “Lokalen jabeekin ere bildu nahi izan genuen, arduraren karga guztia ez baitagokie lokalean egoten diren gazteei, jabeena ere bada arduraren zati bat”.
Hiru aldeekin eginiko bilera horien ostean Udaleko alderdiei ekarpenak egiteko aukera eman zitzaien. Bestalde, Udaleko web orrian ordenantzaren zirriborroa zintzilikatu zen eta hedabideen bitartez ere publiko egin zen. “Ordenantza honek jasotzen dituen baldintzak ez dira beste herrietakoek jasotzen dituztenekin alderatuta oso ezberdinak. Helburua ez da, inondik inora, lokal horien itxiera bultzatzea, bizikidetza bermatuko duten lokalek aurrera egitea baizik. Ordenantza honek gutxien-gutxienekoak betetzen ditu”.
Gazte Lokalen ordenantza araudi bizia da, etorkizunean aldaketak jasan ditzake, beraz.
“Ez zaio bizikidetza arazoari aurre egin”
Bilduk Gazte Lokalen ordenantzaren aurka bozkatu zuen. Xabier Yurramendi bozeramaileak azaldu zuenez, “behar adina elkarrizketarik gabe, gaizki egin da ordenantza hau, gure ustez ez baitu egun dugun arazoa konponduko. Bizikidetza arazoa dago honen muinean, eta ez zaio behar bezala aurre egin; gure iritziz, bizikidetza arazoak dituzten lokalen eta bizilagunen artean egin behar ziratekeen elkarrizketak. Lokal batzuk jada itxi dira eta ordenantza honek gehiago ixtea ekarriko du, ordenantza bere osotasunean betetzea ezinezkoa delako”.
“Erregulazio beharra”
PSE-EEk Urnietako Udalean dituen hiru ordezkariek ordenantzaren alde bozkatu zuten. Herme González sozialisten bozeramailearen hitzetan, “konplikazio asko izan dituen ordenantza da honako hau. Badakigu ez dela denen gustukoa izango, baina egoera hau erregulatzeko beharra bazegoela uste dugu. Hala, ordenantzak dituen hiru helburuengatik, alde bozkatuko dugu: gazteen lokaletan gutxieneko baldintzak betetzea, gazteen aisiaren eta bizilagunen eskubideen arteko bizikidetza bermatzea eta gazteen jarduerekin sor daitezkeen arazoak murriztea, bizikidetzaren izenean”.
Udal langileen lanpostuen definizioa
Hilaren 19ko osoko bilkuran Urnietako Udaleko langileen lanpostuen definizioa ere onartu zen, aho batez honako hau. Mikel Pagola alkateak zehaztu zuenez, “lanpostuak dira definitu direnak, ez langileak. Definizio horretan agertzen dena izango da kontuan hartuko dena gero lanpostuen balorazioa egiterakoan, eta lan-saria ere horrek markatuko du”.
Xabier Yurramendi Bilduko ordezkariak adierazi zuenez, “beharrezkoa iruditzen zitzaigun hau egitea, eta gustatu zaigu, gainera, egiteko modua, langileek beren lanpostuak definitu eta hortik abiatuta egin baita”.
Herme González PSE-EEko bozeramaileak ere ildo beretik hitz egin zuen: “Baloratzeko modukoa iruditzen zaigu langileei parte-hartzeko aukera eman izana, egin dituzten alegazio gehienak kontuan hartu dira, gainera. Aspalditik datorren aldarrikapena zen, eta pozik gaude orain lanpostuen definizioa egin delako