Mikel Agirregomezkorta 1936ko zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 15a, 09:41

Badira hainbat hilabete Urnietako Marizulo taldea 1936 ikuskizuna prestatzen ari dela. Bertan, herriaren historian garrantzi berezia izan zuen 36ko gerra izango da jorratuko den gaia. Zuzeneko musika, dantza, irudi eta antzerki bidez datorren martxoan Urnietan eta Andoainen oholtzaratuko den ikuskizun honen eszena zuzendaria da Mikel Agirregomezkorta urnietarra.

Obra berria, erronka berria. Aurreko bi lanetako esperientzia hor dagoela kontuan izanik, gogotsu?
Mikel Agirregomezkorta: Bai, oso animatuta, gero eta gutxiago falta da obra berri hau jendaurrean eskaintzeko eta horrek tximeletak sortzen ditu barruan. Batzuetan, oso aurreratuta daukagunaren sentsazioa daukat, baina, beste batzuetan, oraindik egiteko lan asko  dagoela iruditzen zait. Egia da lan handia egin dugula, eta aurreko esperientziak baliogarriak izan direla, ez bakarrik niretzat, baita aktore guztientzat ere. Orain, momenturik zailena dator, entseguak trinkotu behar baititugu. Geratzen zaigun lan egutegia ikusita, beldur pixka bat ere ematen du.

Aktore askoren partaidetza du lan honek. Zailtzen al ditu horrek entseguak?
M.A.: Aktoreak 40 inguru dira. Zenbat eta aktore gehiago, zailtasun handiagoa izaten da entseguak egiterakoan. Lan hau, aurrekoak baino koralagoa da, eta horrek esan nahi du eszena bakoitzean aktore askoren partaidetza dagoela, eta beti izaten da bat edo beste entseguetara huts egiten duena. Beraz, alde horretatik begiratuta zailtasun erantsi hori badugu, bai, lan honetan.

Aktoreen inplikazio mailarekin, gustura?
M.A.: Bai, inplikazio handia dago, eta gogo handia ere bai. Aurten ‘fitxaje’ berri batzuk ere baditugu eta oso ondo egokitu dira taldera, gogoz ikusten ditut lanean.

Aurreko bi lanekin alderatuta, zein ezberdintasun ditu 1936 ikuskizunak?
M.A.: Gaia bera azpimarratuko nuke. Zinean edo telebistan gai hau tratatzen ikusten ohituagoak gaude, baina, antzerki bidez egitea ez da ohikoa, ez delako batere gai erraza antzerkirako. Gai honek dramaturgia mota ezberdin bat eskatzen du, interpretatzerakoan biziagoa dena. Erreferentziak ere askoz zehatzagoak dira, eta horrek eragiten du emanaldi hau errealitateari lotuago egotea. Gaia bera zaila da, neurri batean tabu ere izan da, eta horrek errespetua ematen du. Horrelako gai bat tratatzerakoan, zalantzak sortzen dira. Ea asmatzen dugun.

Gerra batez ari garela kontuan izanik, eszenen gordintasun maila handia al da?
M.A.: Eszena batzuk gordinak edo dramatikoak dira, hunkigarriak ere bai, azken finean, jendearen heriotza kontatzen baita, fusilamenduak eta abar.

Ikus-entzunezko obra honetan zer garrantzi dute dantzak eta musikak?

M.A.: Garrantzitsuak dira, bai dantza, bai musika. Aukeratutako piezak eta koreografiak  jorratzen den gairako oso egokiak eta bereziak dira. Hala ere, koska bat igo dugula iruditzen zait. Hori oso ondo ikusten da musikariengan; aurrekoetan, kanpoko laguntza izan zuten, eta oraingoan, beraiek sortutako musika izango da. Hori aurrerapauso handia dela uste dut.

Belaunaldi gazteek erraz ulertzeko moduko ikuskizuna al da?
M.A.: Azken finean, historia da hemen kontatzen dena, herriaren historiaren zati garrantzitsu  bat; gertatu zen guztiagatik askotan estalia izan dena. Gauza hauek ez dira estali behar, estaltzearekin eta ezkutatzearekin ez baita ezer ikasten; azkenean, gertatutakotik ikastea denontzako ona delako. Gauzak izendatu egin behar dira, ikasi ahal izateko eta berriro horrelakorik ez gertatzeko.

Zer iraupen izango du?
M.A.:
Aurreko ikuskizunaren antzeko iraupena izatea aurreikusten dugu, hau da, bi ordu inguru.

Eszenografiari buruz, zer esango zenuke?
M.A.: Ikus-entzunezkoen laguntza izango dugu, eta aurrekoetan erabili gabeko beste elementu bat ere sartuko dugu oraingoan. Horri esker aukera berriak izango ditugu. Gainontzean, eszenografia gutxi izango da.

Senitartekoren bat gerran galdu zutenen ondorengoentzat gogorra izango al da obra honek erakusten duena?
M.A.:
Asko sufritu duten familientzat baliteke obra hau ikustera etortzea egokia ez izatea. Horrez gain, oraindik egongo da gai hau tratatzerik nahi ez duen hainbat herritar. Baina, uste dut jende askorentzat baliagarria izango dela, eta batez ere, hunkigarria izango dela, barne-zirrara handia sortuko diola askori.

Lan honen mezua zein dela esango zenuke?
M.A.:
Mezua argia da. Gainera, gaurkotasun handia duen mezua dela uste dut, 1936an gertatutakoa izanagatik oraindik zauriak hemen, gure artean baitaude. Antzeko zerbait gertatzen da gaur egun Euskal Herrian bizi dugun egoerarekin, momentu oso berezi batean gaude, eta gaurko une hau, neurri batean behintzat, alderatu liteke gerrako garai harekin, han gertatu zenarekin. Iruditzen zait badela garaia zauriak pixkanaka ixten joateko. Gerrako zauriak ondo itxi gabe, azken urteetan sortutakoak ezingo direlako behar bezala itxi. Esango nuke garrantzitsua dela aurrekoa ondo ixtea gerora gertatutako guztia ondoren ixten joateko. Ikuspegi horretatik, mezu oso garrantzitsua da lan honek mahai gainean jartzen duena.

Herritarrez osatutako horrelako lan talde handi baten eszena zuzendari izateak zer suposatzen du maila pertsonalean?
M.A.:
Ikastea. Lehenengo ikuskizuna izan zen harrigarriena, eta hori neurri batean normala ere bada, dena berria delako. Bigarrenean, sorpresa txikiagotzen joan zen, eta orain, hirugarren lan honetan, esan nezake, aurreko lanei esker, ibilbide bat egina badaukagula eta ezustekoentzat gero eta tarte txikiagoa dagoela. Atzera begira jarri eta prozesu guztia gainbegiratzen badugu, askotan konturatzen ez bagara ere, maila pertsonalean zuzendari bezala ikasteko eta garapen pertsonala hazteko balio izan dit. Uste dut parte hartzen duten antzezleen artean ere nahiko orokorra dela sentsazio hori.

Konbentzi itzazu urnietarrak ikuskizuna ikustera Sarobera hurbil daitezen...
M.A.:
Bizi garen garai honetan, elkarbizitza modako hitza da. Eta obra honek balioko digu kolore guztietako herritarrok gertatutakoaz hausnartzeko, eta neurri batean, gainditzeko. Orain bizi dugun egoeraz  hausnartzeko ere baliagarria da, eta noski, etorkizun hobe baterantz begira jartzeko ere bai. Eta Urnietatik kanpoko ikusleentzat ere baliagarria da mezua, gerra garaian Urnietan zein inguruko herrietan gertatutakoa nahiko antzekoa baita.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!