Urnietako Udalak aurtengo aurrekontuak onartu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 31a, 19:26

Aldeko bost botorekin, aurkako hirurekin eta bost abstentziorekin aurrera atera da Udal gobernuak egindako proposamena

Joan den asteartean onartu zituen Urnietako Udalak 2013rako aurrekontuak: 8.300.000 euro, iaz baino 300.000 euro gutxiago. Inbertsioetara 607.500 euro bideratu dira. Aurrekontuok aldeko bost botorekin, aurkako hiru botorekin eta bost astentziorekin egin dute aurrera.

Mikel Pagola alkateak azaldu zuenez, "aurrekontu hauek urnietarren bizi kalitatea bermatzea dute helburu nagusi, herritarren ongizatean eragin nahi dute, azken finean, urnietarren interes orokorren alde jokatu nahi dute. Iaz emandako zerbitzuak bermatzen saiatu gara, eta zerbitzu berriak abian jartzeko konpromisoa ere hartu dugu". Gaineratu zuenez, aurrekontu orekatuak prestatzea izan da Udal gobernuaren printzipio gidari nagusi: diru-sarrerak gaur egungo krisi errealitatera egokituz kalkulatu dira, eta hala, diru-sarreren partidak nola gastuenak 2012koekin alderatu eta berrikusi egin dira.

Pagolak nabarmendu nahi izan zuen ez dela zorpetzera jo 2013ko aurrekontua osatzeko. 

 

Ildo nagusiak

"2012an konpromisoa hartu genuen bulegoak eta hezkuntza eraikinak garbitzeko kontratuak berrikusteko eta lehiaketara ateratzeko. Eta halaxe egin da. Aurrekontu-ekitaldi honetan, berrikusi eta lehiaketara aterako ditugu udal kiroldegiko tabernaren kontratua, eta gaur egun luzatuak ditugun kale hezitzaileen eta Gaztelekuko zerbitzuaren kontratuak. Horrez gain, hondakinak biltzeko kontratua aztertuko dugu, eta gaur egun handitua dugun bilketa zerbitzura eta edukiontzietako gaikako bilketa sistemara egokituko dugu; bestalde, parke eta lorategiak mantentzeko kontratua ere aztertuko dugu", azaldu zuen Pagolak.

Gizarte ongizate sailari dagokionez, gizarte larrialditzat jotzen diren kasuei erantzuteko partida berri bat sartu dela gaineratu zuen alkateak. Honen helburua, babesik gabe dauden familien oinarrizko beharrizanak betetzea da, hala nola, etxegabetze edota gizarte bazterketa kasuetan. Horrez gain, enplegu sustapenari dagokionez, aurrekontu hauetan 21.000 euroko partida bat ezarri da, eskualdean enplegu programak lantzeko  Lanbiderekin elkarlanean.

Bestalde, 2012an egindako euskararen erabileraren azterketan datu txarrak lortu direnez, berariazko partida bat gehitu da, Buruntzaldean aurreikusitako ekintza planez gain, kalean euskararen erabilera sustatzeko. Haur eta Gazteei dagokienean, berriz, prebentzioaren arloan ekintza plan bat diseinatuko da eta nerabeen aisialdi-premiak aztertuko dira, zerbitzuak haien beharretara egokitzeko.

 

Inbertsioak

Urnietako Udalak 607.500 euro bideratuko ditu aurten inbertsioetara. Horietatik erdiak obra eta zerbitzuetarako erabiliko dira: uren sarea hobetzeko, hiri-hondakinak gaika biltzeko inbertsioetarako edota bideak eta haur parkeak hobetzeko. Horrekin batera, aurten Burnibide parkean iaz programatutako obra egiten hasi nahi luke Udalak, eta Berrasoetako parkea birmoldatzeko lanei ere ekin nahi lieke.

 

Kudeaketa plana

2013ko aurrekontuekin batera, aurten ez da urte bere Kudeaketa Plana onartzerik izan. Mikel Pagolak aurrekontuen aurkezpenaren hasieran azaldu bezala, "2013ko aurrekontuekin batera Kudeaketa Plana bateratzen saiatu bagara ere, momentuz ez dugu uztartze hori egiterik lortu eta, ondorioz, ezin ditugu bi dokumentuak elkarrekin aurkeztu. Gure nahia Kudeaketa Plana ahal bezain azkarren onartzea da, baina gaur udalbatzak aurrekontuen gaineko erabakia soilik hartu beharko du".

 

Erabateko adostasunik ez

EAJ-PNV taldearen aldeko bost botorekin, Bilduko bost ordezkarien abstentzioarekin eta PSE-EE taldeko aurkako hiru botorekin atera dira aurrera 2013ko Udal aurrekontuak.

Xabier Yurramendi Bilduko bozeramaileak azaldu zuenez, "oso kritiko gara Udal gobernuak Kudeaketa Plana kudeatu duen moduarekin, gehiengo osoa balu bezala kudeatu nahi baitu. Horregatik, balorazio jarraia eta lan politikoa egitea eskatzen diogu, alegia, ekimenak eztabaidatzea, lehentasunak adostea, gauzak ondo edo gaizki egiten ari garen jakitea eta baloratzea, Udaleko talde politiko guztien artean, noski". Abstentzioarekin aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetzeko erabakia hartu dutela gaineratu zuen Yurramendik, "erantzukizunez jokatzeko garaia delako eta gure ekarpenak onartuak izan direlako. Ekarpen horien artean daude Kudeaketa Planaren etengabeko ebaluazioa, euskararen erabilera indartzeko partida eta krisiak urnietarrengan duen eragina ezagutzeko azterketa, besteak beste".

PSE-EEko ordezkari Herme Gonzalezek, berriz, aurrekontuen aurka bozkatu izanaren arrazoien artean honakoak aipatu zituen: "Udaletxe bezala herritarren alde gehiago egin behar dugula uste dugu. Horretarako, Osasun eta Ongizate partida igo egin beharko litzateke. Bestetik, komunikazio arloko gastua, 79.000 eurokoa, gehiegizkoa iruditzen zaigu. Gainera, ezin dugu ulertu aurrekontuak Kudeaketa Planarekin batera ez aurkeztea. Guretzat lehentasunak oso garbi daude: gai sozialetarako baliabide gehiago eta lanik gabe daudenei arreta gehiago udaletxetik".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!