Eskola Kiroleko Multijarduera Programari jarraipena eman diote Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 17a, 15:48

Udaleko eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko ordezkariek hitzarmena sinatu dute gaur goizean haur ezinduei kirola egiteko aukera eskaintzen dien programa honi jarraipena emateko

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidente Iban Perezek azaldu bezala, "oso garrantzitsua da pertsona guztiek kirola egiteko aukera izatea. Ezintasun fisiko edo psikologikoren bat duten umeak askotan kirolik egin gabe geratzen dira beraien ikastetxeetan edo ikasgeletan beste erritmo bat daramatelako. Eskola Kiroleko Multijarduera Programaren bidez ume eta gazte horiei kirola egiteko aukera eman nahi diegu".

Programa honen izaera integratzailea nabarmendu nahi izan zuen bere aldetik Mikel Pagola Urnietako alkateak: "Ume horiek izan ditzaketen ezintasun fisiko eta psikologikoak alde batera utzita, aukera guztiei eskaini nahi zaie, beraiek hautua egin dezaten programa honetan parte hartu nahi duten ala ez. Gaur berretsi egin dugu lehendik zetorren hitzarmen hau, eta etorkizunean ere horretan jarraitzeko asmoa dago. Guk eskaintza egoera horretan dauden ume guztiei luzatzen diegu; noski, erabakia familia bakoitzak hartu behar du, baina guk parte hartzera animatu nahi ditugu, ezintasunen bat duten umeentzat halako dinamiketan sartzea oso positiboa dela uste baitugu".

Jon Kortajarena Urnietako Udaleko kirol teknikariak adierazi bezala, Eskola Kiroleko Multijarduera Programan Urnietako hiru haurrek hartzen dute parte une honetan, eta Andoainen burutzen dituzte ekintza guztiak; Andoaingo Udala ere programa honen barruan sartuta dago eta andoaindarrek eta urnietarrek osatzen dituzte taldeak. "Astean bi saio egiten dituzte: bata psikomotrizitate gelan eta bestea, igerilekuan. Urnietako Eskola Kirolean dauden umeek kuota jakin batzuk ordaintzen dituzte; bada, Multijarduera programa honen barruan daudenek ere kuota berberak ordaintzen dituzte, eta horrek suposatzen duen gain-karga ekonomikoa Udalak hartzen du bere gain".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!