Euskal Herri mailan kanpaina honen bozeramaile lanetan Amaia Esnal urnietarra ari da. Urnietan ere euskal presoen eskubideekiko atxekimendua lortzen saiatzen ari da, beste hainbat herritarrekin batera.
Hurrengo lau asteetan Euskal Herri osoan bezala Urnietan ere presoen eskubideen aldeko sentsibilizazio kanpainari ekingo diozue. Hasteko, herri batzarra.
Amaia Esnal. Batzar ireki honen bidez mobilizazioaren xedea eta ezaugarriak aurkeztu nahi ditugu batetik. Bestetik, Urnietan kanpaina honek izan dezakeen garapena modu irekian aztertzea da gure asmoa, batzarrean parte hartzen duen jendearen iritziak, ekarpenak eta ideiak bilduz.
Ondorengo urratsak beraz, batzarrean bertan erabakitzea nahiko genuke.
Eskubideen urraketa egunerokoa dela diozue, nahiz eta askotan argitara atera ez. Aipatuko al zenituzke urraketa nabarmenenak?
A.E. Euskal presoen eskubideak salbuespenez murrizten dituzten neurriak dira urraketa nabarmenena dakartzatenak, hain justu beren beregi eraiki direnak: presoak gizartetik isolatzea ez ezik, senideengan kalte ekonomiko, fisiko eta moral izugarriak dakartzan dispertsio politika; garaian ezarritako kondenen luzapena, eta praktikan bizi osorako zigorra ezartzen duen 197/2006 doktrina; minbizia, eskizofrenia eta bihotzeko arazo larriak bezalako gaixotasun larriak dituztenak preso mantentzea, zigorraren 3/4ak bete arren askatasun kondizionala ukatzea; eta erabat ez gizatiarrak diren isolamendua bezalako neurriak.
Teresa Toda herriko presoaren egoera zein da?
A.E. Cordobako espetxean aurkitzen da. Eginen kazetari eta zuzendari orde gisa egindako lanagatik kondenatu zuten eta datorren urtean, kondena osorik bete ostean aterako da kalera. Teresak herriarekin harremana mantentzeko saiakera egiten du, jende askori gutunak idatziz, herriko kontuei buruz informazioa eskatuz, etab.
Jendartea presoen eskubideen alde egonik, klase politikoak zein urrats eman beharko lituzke?
A.E. Gaur egun ideologia eta kolore politikoak gainditzen dituen adostasun zabal bat ematen da gizartean, gehiengo nabarmenak presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea eta bakea eta konponbidearen eraikuntzan aurrera egitea babesten baitu. Klase politikoak eta eremu instituzionalak borondate hori bideratzeko ardura berezia du batetik, eta bestetik, pertsona guztien giza eskubideak errespetatu daitezen bermatzeko beharrezkoak diren neurriak bultzatu behar ditu. Horrez gain, hemengo alderdi politikoek paper garrantzitsua jokatzen dute, nire ustez, gobernuaren inmobilismoa eta bake prozesua blokeatzeko hartu duen jokabidean eragiteko, elkarrizketa eta akordioen eremuan urratsak sustatuz.