Berdintasun planaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 18:27

Urnietan martxan jarri nahi duten Berdintasun planak jeneroan oinarrituriko joera zaharkituak irauli nahi ditu. Horretarako hamar helburu estrategiko zehaztu dituzte, portaerak eta aurreiritziak aldatzeko asmoarekin. Aurreko asteartean egin zuten aurkezpena Lekaion, plana garatu duten teknikarien eragileen parte hartzearekin.

Emakumeenganako tratu txarren aurkako nazioarteko egunaren harira, Urnietako Udalak kultur jarduera ugari burutuko ditu datozen egunetan. Egitarau oparoa eskura dago Aiurri honetan, agenda atalean. Testuinguru horretan, asteartean, Udal agintariek Berdintasun planaren aurkezpena egin zuten Lekaio kultur etxean.
Plana ez da hutsean sortu. Miren Martiarena Urnietako Udaleko Gizarte Ekintza, Osasuna eta Berdintasuna lansaileko batzordeburuak abiapuntua martxoaren 28ko Urnietako Udal batzarraldian kokatu zuen, hiru alderdien oniritziarekin "Herrietan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko Europako Gutuna” sinatzea adostu zutenean. Adierazpen kutsuko gutun horretan hainbat konpromiso hartu zituzten, eta konpromiso horien ezarpena bermatzeko asmoz, gobernu sinatzaile bakoitzak berdintasunerako ekintza plana idaztea derrigorrezkotzat jotzen zen. Esan eta egin, ia bederatzi hilabete hauetan Urnietako Udalak Elhuyar etxearen aholkularitzarekin herritarren aurrean Berdintasun plana aurkeztu du. Aitziber Salaberria planaren garapenean parte hartu duen teknikariak orain arteko ibilbidearen errepasoa egin zuen.
Uda aurretik emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasun plana osatzen hasteko datu bilketari ekin zioten, lehen tailerra antolatu aurretik. Tailerra hiru azpi taldeetan banatu zen: herritarrak, udal teknikariak eta udal ordezkariak. Lehen datu horiek bilduta, diagnostikoa landu zuten eta ondoren, bigarrenez, herritarrekin, udal teknikariekin nahiz udal ordezkariekin bilera bana egin zuten.
Prozesu guztia egin ondoren, asteartean jendaurrean lau urterako Berdintasun plana aurkeztu zuten, urtez urteko ekintza plan baten bitartez garatuko dena. Ezustekorik espero ez bada ere, Berdintasun plana errealitate bilakatuko da Udal batzarraldiak bere onespena eman eta gero.

Aurkezpena Lekaion
Diaporamaren bitartez Elhuyar etxekoek orain arte egindako lanaren azalpenak eskaini zituzten. Diagnostikoa egiteko garaian gizartearen alor ezberdinetan nabarmendu daitezkeen datuak eskaini zituzten. Hezkuntza mailan, adibidez, rol eta portaera batzuetan aurreritzi eta gainditu beharreko portaerak antzeman dituzte. Zehazki, ikastetxeko jolastokiei dagokionez. Kulturan emakumezkoen parte hartzea gailendu egiten dela azpimarratu zuten, baita udal kiroldegiko jardueretan ere. Enpleguan oraindik ere formakuntza oso maskulinizatua dagoela adierazi zuten.
Urnietan martxan jarri nahi duten Berdintasun planak joera horiek irauli nahi ditu. Horretarako hamar helburu estrategiko zehaztu dituzte, portaerak eta aurreiritziak aldatzeko asmoarekin.

Udal adierazpena

Jenero Indarkeriaren Nazioarteo Egunaren harira, Urnietako Bozeramaile Batzordeak ahobatez ondorengo Erakunde Adierazpena onartu zuen atzo. Ondorengo hiru puntuek osatzen dute EAJ, BILDU eta PSEko ordezkariek adostutako edukia:
1. Urnietako Udala Beldur Barik programaren edukiekin bat dator, gazteak indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatu eta hura prebenitzeko moduak lantzeko tresna gisa.
2. Herritarrei gonbit egiten die konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista gaitzesteko ere.
3. Gonbit egiten die herritar guztiei, eta bereziki neska-mutilei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!